Nerea Ibarzabal markinarrak irabazi du 42. Osinalde Bertso Sariketa

Epaimahikoen nahiz entzuleen iritziz Nerea Ibarzabaen saioa izan zen onena

MURUAGABIRIA.
Nerea Ibarzabal markinarrak irabazi du 42. Osinalde Bertso Sariketa

Joan zen larunbat gauean jokatu zen Osinalde elkartean Bertsolari Gazteen 42. Osinalde Saria eta bertan Nerea Ibarzabal markinarra izan zen irabazle. Entzuleen iritziak eta epai-mahaikideenak bat egin zuten eta, ondorioz, bigarren saria ematea erabaki zen eta sari hori Imanol Uria algortarrarentzat izan zen.

Bestalde, bi sari horiez gain, bertsorik onenaren saria ere eman ohi da eta sari hori Iñaki Aleman iruritarrak eskuratu zuen hamarreko txikiko ofizioan botatako hirugarren bertsoarengatik.

Adin guztietako jendea izan zen sei gazteen saioa entzun eta txalo zaparradez eskertzera hurbildu zena eta aipatu behar da Gabiriakoez gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratu zela eta horien artean iaz nahiz aurreko urteetan Osinalde sariketan parte hartutako hainbat bertsolari eta beste hainbat bertsolari ezagun.

Martxoaren 9an eman zitzaion hasiera 42. Bertsolari Gazteen Osinalde Sariari eta hiru kanporaketen ostean, eta hemezortzi bertsolariren ahaleginaren ondoren, joan zen larunbatean amaitu zen aurtengo saioa. Datorren urtean ere beste hemezortzi gazteren lanaz gozatzeko aukera izango da 43. Osinalde Sariketan.