Hitzaldi-sorta oparoa, Arraztalo elkartearen eskutik

Hilero hitzaldi bat antolatuko dute; herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte

GOIZARIN DVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.
Arraztaloko ordezkariak, programa aurkezten. ::
                             GOIZARIN/
Arraztaloko ordezkariak, programa aurkezten. :: GOIZARIN

Oiartzungo Arraztalo elkarteak hitzaldi-sorta interesgarria antolatu du urtarriletik maiatza bitarte. Hitzaldi horiekin Arraztalo elkarteak bi helburu nagusi ditu. Lehenengoa herritarrek gaixotasun psikikoaren kontzientzia hartzea da. Horregatik, gaixotasuna ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko da, edozein interesaturen jakin-mina asetzeko. Bigarren helburua, gaixotasuna dutenen lan integrazioaz gain, beste ekintzak antolatzea da, herritarrek ezagutu dezaten zein arlotan ari diren lanean. Kontua da herrian elkartea ezaguna dela, baina familian gaixo psikikorik ez duenarentzat elkartera hurbiltzea ez da oso erraza izaten. «Gure nahia da elkartera jende gehiago hurbiltzea» argitu dute antolatzaileek. Bestalde, gaur egun izugarri handitu da gaixo psikikoen kopurua eta horren aurrean zerbait egitea derrigorrezkoa dela pentsatzen dute.

Arraztalo elkartea Oiartzungo gaixo psikiko eta euren familiei laguntzeko 2010eko urtarrilean sortu zen. Gaixo horien lan eta gizarte integrazioa lortzen ari dira, nekazaritzarekin lotutako zenbait lanpostu bideratuta. Arraztalo elkarteak gaur egun honako lan integraziorako jarduerak ditu martxan jarrita: barazki ekologikoen ekoizpena eta Arraztalo Kontsumo taldea Oiartzunen; sagardo ekologikoaren ekoizpena; Oiartzungo Garbigunearen kudeaketa; hitzaldiak, sasoiko produktuen kontsumoa, familientzako laguntza.; familien elkarlaguntzarako taldea.

Esan bezala, aurten beste erronka bati heldu nahi diote: hilero hitzaldi bat antolatu nahi dute. Horrela, datorren asteartean emango diote hasiera ziklo horri. Urtarrilaren 29an, 19:00etan, Udal Areto Nagusian Gurutz Linazasoro izango da hizlari. Linazasoro neurologoa eta Inbiomed Fundazioko zuzendari exekutiboa da. Asteartean honako gaia jorratuko du: 'Garuna osasunean eta gaixotasunean'. Bertan, besteak beste, galdera interesgarri hauek erantzuten saiatuko da: Nola funtzionatzen du garunak? Zergatik degeneratzen dira neuronak? Zer dakigu alzheimerraz eta gaixotasun mentalez? Saihestu al genitzake? Zer dira ama zelulak? Zer da nanoteknologia? Giza itxurako robotekin biziko al gara?

Otsailean izango du jarraipena hitzaldi-sortak. Horrela, Xabier Lertxundi psikiatra eta Irungo Osasun Mentaleko arduradunaren txanda izango da. Honako gai hau jorratuko du otsailaren 26an, Manuel Lekuona Bibliotekan, 19:00etan: 'Gaixotasun psikikoa: botikaz gain zer?'. Hala, arazoaz baino gaixotasun psikikoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egin daitekeenaz arituko da. Senide eta beste pertsonek, ezkutatu eta trauma gisa bizi beharrean, zer egin dezakeen gaixotasunak atzera pausoak izan ez ditzan eta kronifikatu ez dadin.

Iker Arrizabalagak eskainiko du, berriz, martxoaren 14ko hitzaldia. Psikologoa eta Agifes-eko esku-hartze familiarreko arduraduna denak honako gai hau garatuko du: 'Gaixotasun psikikoa: zer egin dezake familiak?'. Hitzaldi hori Arraztalo elkartearen Altzibarko egoitzan izango da, 19:00etan.

Aste Santuko oporrak igaro ondoren, Arraztalokoek berriro apirilaren 23an eutsiko diote hitzaldi-sortari. Hala, egun horretan arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona bibliotekan Juan del Pozo Garitanok, Errenteriako osasun Mentaleko egoitzako psikologoak, eskainiko du «Buru-nahaste larrien ondorioak sozializazioan» izenburuko hitzaldia. Besteak beste, hitzaldian zehar gai hauek jorratuko ditu: Gizarteak gaixoa hautemateko duen moduaz; hauek ohiko harreman sozialak sortzeko dituzten zailtasunez, eta sortu eta onartu ditzaketen bestelako harreman sozialak bultzatzearen garrantziaz.

Bukatzeko, maiatzaren 28an arratsaldeko 19:00etan Altzibarko Arraztaloren egoitzan Jose Maria Izetak, Gizaki Proiektuko Eraiki egitasmoko arduradunak, eskainiko du hitzaldia. Gaia 'Drogak eta Gaixotasun mentala' izango da.

Arestian aipatu bezala, Arraztalo elkarteak egitarau oparoa prestatu du urte hasiera honetarako. Orain herritarrak horietan parte hartzea besterik ez da gelditzen, gai horiez hausnartzeko. Ea Arraztalo elkarteak jarritako ilusioa ez den zapuzten eta erdiz erdi asmatzen duten.