Traktore bat erosteko finantziazio kanpaina abian

Arraztalo elkarteak jarri du martxan, bere baratzetako produktuak hobetu eta kontsumo taldea bultzatzeko. HIru modu daude ekarpenak egiteko: internetez, eskudiruz banaketa egunetan eta kontu korronte bidez

GOIZARIN DVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.
Astelehenetako barazki banaketa. ::
                             GOIZARIN/
Astelehenetako barazki banaketa. :: GOIZARIN

Azken aste hauetan Oiartzunen traktore bat dabil dan-tzan. Arraztalo elkartearen traktorea, hain zuzen ere. Traktore hori lortzeko antolatu duten finantziazio kanpainan buru-belarri sartuta daude elkarteko partaideak. Abenduaren 12an abiatu zen aipaturiko kanpaina.

Arraztalo elkartea Oiartzungo gaixo psikiko eta euren familiei laguntzeko jaio zen elkartea da, 2010eko urtarrilean. Gaixo horien lan eta gizarte integrazioa lortu nahi dute, nekazaritzarekin lotutako zenbait lanpostu lortuta. Arraztalo elkarteak gaur egun honako lan integraziorako jarduerak ditu martxan jarrita: barazki ekologikoen ekoizpena eta Arraztalo Kontsumo taldea Oiartzunen; sagardo ekologikoaren ekoizpena; Oiartzungo Garbigunearen kudeaketa; hitzaldiak, sasoiko produktuen kontsumoa, familientzako laguntza.; familien elkarlaguntzarako taldea.

'Badatorrela' kanpaina

Arraztalo elkarteak martxan jarri duen kanpainaren helburu nagusia, norbanakoen laguntzaz traktore bat erosteko adina diru biltzea da. Horrela, baratzetan landatzen diren barazkien kalitatea eta kantitatea hobetuko litzateke, eta Arraztalo kontsumo taldearen partaide kopurua igo. Kontsumo talde horrek zuzenean erosten ditu barazkiak eta horri esker Arraztalok gaixotasun psikikoa duten pertsonentzat lanpostuak sortzen ditu. Azken finean proiektuari nolabaiteko egonkortasuna eman nahi zaio, bere baliabide eta azpiegitura propioak eduki ditzan.

Kanpaina goteo.org plataformaren bidez egingo da, http://euskadi.goteo.org/project/traktorea helbidean. Ekarpenaren arabera honako sariak jarri dituzte: 10 euroko ekarpenarekin, eskerrak publikoki emango dituzte sarean; 20 euroko ekarpenarekin, hiru sagardo botila; 35 euroko ekarpenarekin, barazki saskia eta hiru sagardo botila; 50 euroko ekarpenarekin, barazki saskia eta sei sagardo botila; 60 euroko ekarpenarekin, barazki saskia eta bederatzi sagardo botila; 100 euroko ekarpenarekin, barazki saskia, bederatzi sagardo botila, baratzetara bisita eta sukaldaritza ikastaroa; 150 euroko ekarpenarekin, enpresentzat publizitatea egiteko aukera.

Laguntzeko bideak

Lagundu nahi izanez gero, honako bide hauetako bat erabil daiteke: lehena, www.goteo.org ataria erabilita. Bertan proiektuari buruzko informazio guztia irakur daiteke eta ekarpena erabaki. Proiektua honako helbide honetan dago: http://euskadi.goteo.org/project/traktorea. Bigarrena, eskudiruz. Ekarpena egin nahi bada trabak kentzeaz arduratuko dira. Horretarako, elkarteko partaideekin jarri behar da kontaktuan eta egin nahi den ekarpena jasoko dute erabateko bermearekin. «Nahi izanez gero astelehenero 18:00etan Oiartzungo plazan egiten dugun barazki banaketara hurbil zaitezke (abenduaren 24an eta 31an izan ezik)» adierazi dute. Hirugarrena, kontu korronte bidez. «Kontu korronte bat jarri dugu zuen eskura dirua sartzeko. Zuen izena eta telefonoa ematea beharrekoa da, zerrendan sartu eta saskien banaketa egiteko» argitu dute. Kontuen zenbakiak hauexek dira: Kutxa, 2101 0060 05 0 012672317 edota La Caixa, 2100 4481 08 0200088473.

Bukatzeko, aipatu behar da Arraztalo elkarteko kideek igandean, hilak 16, egingo den Txerri Egunean parte hartuko dutela. Hala, bertan Oiartzungo barazki eta fruta ekologikoak salduko dituzte propio atondutako postuan.