Txirrindu festa bikaina Eskola Txikien alde

Ekainaren 9an ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien festaren inguruan antolaturiko lehen ekintza izan da

BELEN PARRAOLABERRIA.
Familia-argazkia. Hiru txirrindulari gonbidatuak eta ekitaldian parte hartu zuten gaztetxoak. ::                             ARGAZKIAK PARRA/
Familia-argazkia. Hiru txirrindulari gonbidatuak eta ekitaldian parte hartu zuten gaztetxoak. :: ARGAZKIAK PARRA

Eguraldia ez zen guztiz ongi portatu igandean Eskola Txikien alde antolaturiko festarekin, baina hala eta guztiz ere, ekitaldiak aurrera egin zuen haurren eta, bereziki, Guillermo Prieto eta Gorka eta Jon Izagirre anaien parte-hartzearekin.

Euria zela-eta, goizeko lehen orduan antolatzaileek dudatan ibili ziren, iragarritako txirrindu-irteera burutu edo ez. Baina eguraldiak tregoa txiki bat eskaini zigun eta gonbidaturiko txirrindulariei Maddi Amoztegik eta David Morenok elkarrizketa egin ostean, euria geratu egin zen. Hala, gaztetxoek, helduen laguntzarekin, are eta gogotsuago ekin zioten ibilbideari.

Txirrindularien haurrenganako jarrera bikaina izan zen. Izan ere, gaztetxoak autografoak eskatzen, galderak eginez eta argazkiak ateratzen aritu ziren etengabe. Horren truke, hori bai, 'Olaberria 2013' leloa daraman kamiseta oparitu zieten txirrindulariei eta, ekitaldia amaitzeko, denek batera familia-argazkia atera zuten.

Antolatzaileek, lerro heuen bidez, Olaberriako zikloturisten taldeak irteera antolatzeko eskainitako laguntza aparta eskertu nahi dute.

Gonbidapena

Bizikleta egun hau, datorren ekainaren 9an ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien festa ezagutzera emateko Kuttun Elkarteak, Udalarekin, Herri Eskolarekin eta Eskola Txikien koordinadorarekin batera antolatu duen lehen ekitaldia izan da.

Hurrengo hitzordua datorren urtarrilaren 5ean izango da, Lazkaoko Arizti Haundi futbol zelaian. Bertan, Realak, Gipuzkoako nesken selekzio batek eta Goierriko beste batek triangular bat jokatuko dute. Antolatzaileek gonbidapena luzatzen diete interesa izan dezketen guztiei bertara agertzeko.

Fotos

Vídeos