Gaur egungo zenbait idazleren testu autobiografikoak dakartza 'Erlea'-k

Borgesen lau hitzaldi orain arte guztiz ezezagunak nola eskuratu dituen kontatu du Bernardo Atxaga zuzendariak

F. I.DONOSTIA.
Bernardo Atxaga zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua, atzo Donostian. ::
                             USOZ/
Bernardo Atxaga zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua, atzo Donostian. :: USOZ

Euskaltzaindiaren 'Erlea' literatur aldizkariaren aurtengo alea, seigarrena, aurkeztu zen atzo. Bi gai nagusi lantzen dira bertan: autobiografia eta harria. Besteak beste, Ramon Etxezarreta, Miren Azkarate, Lander Garro, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta eta Uxue Apaolazaren testu autobiografiko batzuk dakartza. Alderdi grafikoari dagokionez, Gorka Salmerón argazkilari legazpiarra da oraingo gonbidatua. Argazkiak nahiz collageak egin ditu aldizkarirako.

«Autobiografien premia ikusten dut orain, eta uste dut horrelako testuek poesia handia edukitzen dutela», esan zuen Bernardo Atxaga, aldizkariaren zuzendariak atzoko aurkezpenean. «Aurrerantzean ere uste dut horrelako testuak eskatuko diedala beste idazle batzuei».

Objektu kuttunen inguruko solasaldia, oraingoan, Xabier Kintanarekin izan da. Betiko moduan, Atxaga bera arduratu da horretaz. Euskaltzain hori suge eta gainerako narrastien zalea da, elkarrizketan ikus daitekeenez.

Aldizkariaren beste gai nagusia harria da. Bada tartean Iñaki Gorostidi harrijasotzaile ohiari egindako elkarrizketa, eta Albizuri-aundi harriari buruzko erreportaje luzea. «Estereotipoetatik aldendu nahi izan dugu -esan zuen Atxagak-. Normalean, harriaren eta harrijasotzaileen gai honetaz oso modu folklorikoan mintzatzen da jendea, baina berez -Oteiza aparte utzita ere- oso mundu aberatsa da».

Borgesen hitzaldiak

«Ale honetan, lehen aldiz, albiste bat ematen dugu -jarraitu zuen zuzendariak-. Aspaldidanik geneukan albiste hori gure artean, badira hamar bat urte, baina neurria hartu gabe geneukan. Eta da Argentinatik Borgesen lau hitzaldi iritsi zi-tzaizkigula, kasete batzuetan, orain arte ezezagunak ziren hitzaldiak, hain zuzen ere».

«Hitzaldi horiek guk bakarrik dauzkagu munduan. Alde sinbolikotik poz izugarria ematen digu gure belaunaldikooi. Izan ere, euskal literaturaren inguruan halako gutxiespen bat egon da. Gure literatura folklorea zen, ahozkotasuna... eta Borges, berriz, gure kontrafigura zen: txit kultua, txit kosmopolita», gaineratu zuen Atxagak.

Aurkikuntza honen bidez «halako justizia poetikoa» gertatu da. «Badakigu zaila izango dela hitzaldi horiek liburu batean argitataratzea. Hasteko zera egingo dugu, María Kodamari grabazioen kopia bidali, halaxe dagokiolako».

Eta nola eskuratu zituen Atxagak halako materiala? Bere artikuluan kontatzen duenez, Jose Manuel Goikoetxeak eman zizkion, berarekin jendaurreko irakurketak egiten jardundako gizonak, alegia.

Eta Goikoetxeari nork? Ba aktore argentinar batek -Kolo Román izena zuena- 1999 inguruan Alemanian. Lehenengo jabe hura duela bost bat urte hil zen.

Fotos

Vídeos