Zumaia eta olagarroa: maitasun istorio bat

Zumaia eta olagarroaren harremana jasotzen duen liburua argitaratu du Udalak. Olagarroaren biologia, harremanaren historia eta olagarrozaleen izenak, teknikak eta pasadizoak jasotzen dira

J.L. ROMATETZUMAIA.
Javier Carballo, Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe liburuaren egileak, Iñaki Agirrezabalaga alkatea eta Eneko Agirre zinegotziarekin. ::
                             ROMATET/
Javier Carballo, Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe liburuaren egileak, Iñaki Agirrezabalaga alkatea eta Eneko Agirre zinegotziarekin. :: ROMATET

Denek uste baino luzeago jo badu ere, dagoeneko argitaratu da Zumaia eta olagarroaren arteko harreman estua jasotzen duen liburua. 'Zumaia eta olagarroa' du izenburua ('Zumaia y el pulpo' gaztelerazko bertsioan) eta ostegun arratsaldean aurkeztu zen Alondegiko Oxford aretoan. Gaiak erakarrita, herritar ugari hurreratu ziren aurkezpen ekitaldia. Liburua dagoeneko salgai dago turismo bulegoan eta Alondegia kultur etxean, 15 euroan.

Liburua hiru zatitan dago banatuta. Lehen zatian olagarroaren biologiari eta hazkuntzari buruz jarduten du Inaxio Manterolak. Zumaia eta olagarroaren arteko harremana nondik datorren jasotzen saiatu dira Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe liburuko bigarren zatian. Olagarrozaleen izenak, familia hauen bizipenak eta kontakizunak landu ditu Javier Carballok argitalpeneko hirugarren eta azken zatian. Imanol Azkue arduratu da hizkuntz zuzenketaz eta koordinazio lanez, eta Roberto Gutierrez liburuaren diseinuaz.

Lan kontuengatik Zumaiatik kanpo zegoen Inaxio Manterola izan ezik, lantaldea osatu duten partaide guztiak aurkezpen ekitaldian izan ziren. Baita liburuan agertzen diren hainbat herritar eta haien familiakoak ere. Nabari zen liburu honek askoren arreta erakarri zuela. Egileek eskerrak luzatu zizkieten liburua egiten lagundu zuten herritar guztiei, «beraien argazki eta kontakizunak parteka-tzeagatik» eta «orain arte olagarroarekin izandako harreman estua mantentzeagatik».

Zumaiako Udalak sortu zuen beka baten emaitza da argitaratu berri den liburua. «Olarro Egun baten bezperan, herritar talde bat Udalera etorri zen esanaz olagarroari buruzko zerbait adierazteko gogoa zuela, eta guk eskuzabalik hartu genuen ideia hura», adierazi zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak, eta gaineratu zuen «Zumaiaren nortasuna eta olagarroarekin duen harreman ondo jasotzen» duela liburu honek.

Historiaurretik XIX. mendera bitarteko kontakizuna jasotzen dute Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe historialariek beraien zatian. Ikerketa egiterakoan zailtasun batekin topatu zirela eman zuten aditzera: «aztarnarik uzten ez duen animalia da olagarroa». Historiaurrean izandakoaren berri emateko arkeologia erabili dutela aipatu zuten. «Paleolitikoan harralde inguruko leizetan bizi zirenek produktibitate handiko animaliak kontsumi-tzen zituzten: lapak, muskuiluak... Haien aztarnak agertu dira indusketetan. Eta halakoak jan izan badituzte, suposatzen dugu olagarroak ere jango zituztela. Hipotesi hori erabili dugu».

Erromatar garaiko dokumentuetan olagarroaren berririk ez zela ematen gogoratu zuen, «baina garai horretako indusketetan antzerako aztarnak agertu dira eta, beraz, hipotesi bera mantendu dugu. Gainera, badakigu erromatarrek olagarroa jaten zutela, eta gaur egungo olagarro-zoparen antzerako errezetak ere topatu ditugu».

Dokumentuetan lehen aipamenak Aro Berrian (XVI eta XIX mende artean) jasotzen direla gaineratu zuen, «baina ez Kofradiako zerrendetan. Olagarroa ez da itsas-ekonomia orokorreko parte izan. Ekonomia paralelotan izan du lekua, eta bereziki etxeko ekonomian. Eta hori emakumeen kontua izan zen. Gaur ez bezala, emakumeak eta umeak joaten ziren harraldera olagarro bila».

Javier Carballok aldizkari batekin parekatu zuen bere zatia. Olagarrozaleen eta haien familien izenak eta haien familiek bizitako pasadizoak jasotzen ditu. Horretarrako etxez etxe eta baserriz baserri ibili zela adierazi zuen. «Hauen guztien laguntza beharrezkoa izan da». Liburua ikusteko aukerarik izan ez duten hildako olagarrozaleak gogoratzean hunkitu egin zen Javier. «Hauek guztiak omendu nahi ditut».

Olagarroak hartzerakoan bi teknika daudela gogoratu zuen: marketan eta kanaberarekin. «Marketan harraldean egiten da eta kanaberarekin haitza handiak dauden lekuan. «Biak daude ondo, baina uste dut marketan egiten dena berekoagoa dela. Horretarako leku egokia behar da, eta harraldea ezin egokiagoa da horretarako. Hemengoa bezalako harralderik ez dago Kantauri isuri osoan. Bizitza handia du eta hemen jaun eta jabe da olagarroa».

«Zenbat olagarrozale izan dira?», galdetu zion Javierrek bere buruari. «Ezin da esan. Mila baino gehiago, baina ezin hauek guztiak jaso, asko ahaztuta daudelako. Liburuan dauden guztiak olagarrozaleak dira eta ehunka izen jasotzen ditut».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos