Arraztalo, 'Euskara elkartera' egitasmoarekin bat

30 elkartek parte hartzen dute Oiartzungo elkarteen euskararen erabilera indartzeko egitasmoan

GOIZARIN DVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.
Claqué. Habrá diferentes niveles de aprendizaje. ::
                             ARIZMENDI/
Claqué. Habrá diferentes niveles de aprendizaje. :: ARIZMENDI

Arraztalo, gaixo eta psikikoen senitartekoen elkartea, 'Euskara Elkartera' egitasmoan sartu da. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak kudeatzen du egitasmo hori Oiartzungo Udalarekin duen hitzarmenaren bidez. 2006an jarri zen martxan, eta gaur egun, herriko 30 elkarte daude bertan. Elkarlanerako konpromisoa sinatu dute Arraztaloko, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko eta Udaleko ordezkariek.

Elkarte gehienak hasieratik daude egitasmoan, eta haietako bakoitzak Ttur-tturrekin eta Udalarekin sinatu duen Hitzarmen Zehatzaren bidez gauzatzen du euskararekiko duen konpromisoa. Elkarte bakoitzak konpromiso zehatzak hartuak ditu euskararen erabilera indartzeko.

Egitasmoa, ordez, irekia da. Hala, azken urteotan hainbat elkartek bat egin dute harekin. «Euren barruan euskararen erabileran aurrerapausoak emateko prest dauden elkarteek ateak zabalik dituzte», Axun Erzibengoa Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko 'Euskara Elkartera' egitasmoko suspertzaileak dioenez. «Beste elkarteekin lantzen ari garen konpromisoen berri ematen diegu. Era berean, beraiek zerbaiterako laguntza zehatza behar badute, eskatzen digute».

Irati Etxebeste Euskara zinegotziarentzat pozgarria da urtetik urtera elkarte gehiagok bat egitea: «Elkarteetan kontzientzia badagoela adierazten du, eta ahal duten neurrian euskararen presentzia handitu nahi dutela». Arraztaloren kasuan, «elkarte horrek euskaraz jarduteko joera berezkoa du, baina hala ere, horrelako egitasmo batean parte hartzea egoki ikusten du eta hori nabarmentzekoa da». Horrek, 'Euskara Elkartera'ren moduko egitasmoen garrantzia adierazten du, Euskara zinegotziaren ustez.

Kontxi Larrañaga, Arraztalo elkarteko kideak, oso argi dauka zergatik parte hartu behar duten egitasmo honetan. «Gure elkartea Oiartzun herriari begira sortu genuen, eta apustua egin dugu herrian integratzen. Hori dela eta, argi daukagu nahi eta nahi ez euskaraz arituko garela».

Egitasmoan dauden elkarteak izaera desberdina dute: kirol elkarteak, auzo elkarteak, kultur elkarteak, gazte taldeak, emakumeen elkarteak, denetarik dago; eta elkartearen arabera konpromisoak eta beharrak aldatzen dira: errotuluak euskaraz jartzea, kartelak zuzentzea, web orrialdeetako edukiak itzultzea eta zuzentzea, estatutuak euskaratzeko gestioak egiten laguntzea eta abar.

Sinatzea orain gauzatu arren, azken hilabeteetan jada elkarlanean aritu dira Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea eta Arraztalo Elkartea. Esate baterako, hizkuntza ohituren inguruko ikstaroan, TELP ikastaroan, parte hartu zuen Arraztalok.