«Aplikazioei esker mobilaren tripak erabiltzen ari gara»

Edurne Martínez Iraola Informatikan Ingeniaria. UEUk antolatutako ikastaroetako batek smartphone-tarako aplikazioak nola egin azaldu du

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.
UEU. Edurne Martínez Iraola atzo Markeskuan. ::                             FÉLIX MORQUECHO/
UEU. Edurne Martínez Iraola atzo Markeskuan. :: FÉLIX MORQUECHO

Termometroak gora egin du eta Markeskua jauregia pil-pilean dago. UEUko udako ikastaroak hasi dira jada eta egun hauetan literatura, matematika edo cannabisari buruz ari dira gela ezberdinetan. Beste ikastaro batek poltsikoan daukagunari egin dio so, ez ekonomia kontuei, ordea, smartphone delakoei baizik. Edurne Martinez Iraolak aplikazioak nola egin irakatsi du, Titanium erabilita.

-Orain dela 10 edo 15 urte telefonoa sartu genuen poltsikoan. Gaur beste gauza bat dugu, zer da?

-Gaur egun daukagun telefonoari smartphone deitzen zaio, telefono adimentsua da. Lehen zeuzkan gauzez gain eta interneterako konexioaz gain, kamera, GPS-a eta gauza pilo bat ditu. Kasi ordenadore bat daukagu poltsikoan.

-Ba al dakigu zer nolako aukerak dituzten gure aparatuek?

-Egia esan, jendeak ez du jakin beharrik zer dagoen azpian. Aplikazioei esker, nahi gabe, mobilaren tripa horiek erabiltzen ari gara. Nik uste dut gero eta gehiago dakigula zer daukagun. Kontua da ez dakigula egiten guri dagokigun aplikazio hori, eta ikastaro hau horretarako da. Helburua zera da, web teknologiak ezagutzen dituen edozein pertsona gai izatea aplikazio bat egiteko.

-Askotan pentsatzen dugu informatikan dena enpresa handietatik datorrela. Zer motatako aplikazioak sortu daitezke?

-Ikastaro honetan erakusten ari garena da Android sistemarako eta IOS, Iphone-etako sistemarako, aplikazioak egiten. Androiderako aplikazioak norberak egitea errazagoa da. Zuk egiten duzu batean eta ondokoari eman diezaiokezu berak bere smartphone-an instalatu dezan. IPhonean ez da hain erraza. Banatzeko programa batean sartu behar duzu, 100 dolar ordaindu urtero eta aste bat edo itxaron behar da, Apple-ekoek testeatu arte. Gainera, 'Mac' ordenagailu baten bidez egin behar da aplikazioa. Android-en kasuan errazagoa da, egun bertan duzu aplikazioa zure smartphonean, interneten jartzen duzu eta nahi duena jaisten du, ez dago horrelako mugarik. Google Play da Android-eko aplikazioak saltzeko denda ezagunena eta egun berean igo dezakezu.

-Lehen programaz hitz egiten genuen eta orain aplikazioei buruz. Gauza desberdinak al dira edo izena bakarrik aldatu da?

-Lehen aplikazioak ziren baita ere. Telefonoek Java zuten integratuta eta hor programak ere instalatzea bazegoen. Orain aplikazioak sistema eragileari lotuta daude. Zergatik? Sistema eragileko tripetaraino joaten direlako. Adibidez, GPS-ra eta kamerara iristeko aplikazio bat izana behar duzu, horregatik aplikazioak sistema eragile konkretu baterako egiten dira.

-Eta errazagoak al dira egiteko?

-Bai Androiderako bai Iphonerako, modu natiboan egin dezakezu. Bakoitzean bere lengoaia ezagutu behar duzu. Hemen, ikastaroan erakusten ari garen plataforma, Titanium, erabiliz ez duzu lengoaia hori jakin beharrik. Titanium horrek zuk idazten duzuna itzuli egiten du sistema eragile bakoitzaren tripetara. Guretzat transparentea da baina lan hori egiten du.

-Gero eta aplikazio gehiago dago munduan. Zer nolako presentzia du euskarak?

-Aplikazioan edozein hizkuntza jarri dezakezu, hor ez dago arazorik. Kontua da, adibidez IOS sistema eragileak oraindik ez daukala integratuta bere baitan euskara hizkuntza. Orduan, nahiz eta euskararako egin aplikazioak, Iphone duen pertsonak ezin du erabili aplikazio hori euskaraz. Android-ekin gauza bera gertatzen da. Euskaratuta dago baina telefono gutxik dute integratuta euskara bere hizkuntzen artean. Orduan, nahiz eta guk gure aplikazioak lokalizatu euskarara, hori ez da isladatzen. Euskaraz bakarrik badabil, euskaraz ikusiko dute beti, baina gure aplikazioa hizkuntza ezberdinetan izan behar badu zaila izango dugu euskaraz erabiltzea.

-Nahiko ikastaro intentsiboa da, bi egunekoa.

-Bai. Bakoitzak bere ordenagailua ekarri du eta bakoitzak bertan instalatu du Titanium bere etxean 'saltseatzeko'. Beste asmoa zen programa sinple batzuk egitea eta jakitea non lortu dokumentazioa Titanium-i buruz. Dena ingelesez dago baina oso ondo dokumentatuta. Eta bukatzeko erakutsi nahi dut nola igo aplikazioak Google Play edo App Store-ra.

-Udako giroarekin, badago ikasterik?

-Lehen aldia da niretzat UEUko ikastaroetan. Egia esan giro polita sortzen da. Gaia oso berria da eta polita da ikustea zuk zeuk egin duzun aplikazio sinple-sinple bat, poltsikoan sartzen dela.

Fotos

Vídeos