'Okelar'-en bertsoak bildu ditu Auspoak

Mutrikuko bertsolari honek 25 urtetan zehar egindako 22 saiok osatzen dute liburua

FELIX IBARGUTXIDONOSTIA.
Okelar, bere etxean lehengo ostiralean, liburua sinatzen. ::
                             JOXEMARI IRIONDO/
Okelar, bere etxean lehengo ostiralean, liburua sinatzen. :: JOXEMARI IRIONDO

Joan den ostiralean plazaratu zen 'Roman Maiz, Okelar bertsolaria' liburua, Auspoa bildumaren azken emaitza, 322. alea. Mutrikun izan zen, Okelar baserrian.

Okelar baserriko sukaldean izan zen ekitaldia. Hantxe, giro gozoan eskuratu zuen liburua Roman Okelarrek; arazoak baititu kalera irteteko. Hara bildu ziren, liburu atera berria eskuetan, hau prestatu dutenak: batetik, Inazio Maritxalar eta Nikolas Zendoia eta, bestetik, Auspoa taldeko Jabier Kalzakorta, Joxemari Iriondo eta Pello Esnal. Eta sukaldean zen Benita ere, Romanen arreba.

Guztira, 22 saiok osatzen dute liburua. Denak lagunartean eginak dira, bazkalondo edo afalondoetan, 25 urteko ibilaldi luzean, 1985etik 2009ra arte. Batik bat, sagardotegi eta soziedadeak izan dira saio horien lekuko, Bidani, Aduna, Mutriku, Lesaka, Hernani, Amasa, Ezkurra eta beste zenbait herritan.

Saio ia guztietan, Roman Okelar eta Jon Azpillagaren bertsoak dira ardatz. Baina sarritan dituzte beste bertsolari batzuk aldamenean bertsotan: askotan, Patxi Etxeberria; hasieran, Jon Mugartegi; behin, Ziolar, Juan Mari Narbaiza eta Nikolas Zendoia. Eta, saio batean, gainera, Romanen anaia Modesto Okelarrek ere kantatzen du bizi bezain zorrotz.

Bertsolaritza zaharreko bertsoak jasotzen ditu liburuak, bertsolaritza zaharreko azken maisu handietako bat iturri oparo eta gozo: Roman Okelar.

Inazio Maritxalarrek grabatutako bertsoak dira guztiak. Nikolas Zendoiak transkribatu ditu eta iruzkin argigarriz osatu. Edizioa, Pello Esnal eta Joxemari Iriondoren esku egon da. Askoren artean egindako talde-lanaren emaitza da 339 orrialdeko liburua.

Hala osatzen dira lehendik argitaratutako zenbait lan. Batetik, Auspoak zenbait bertsolariren bat-bateko bertsoei eskainiak: Uztapide, Lasarte, Zepai, Xalbador, Mitxelena, Azpillaga, Joxe Lizaso, Mugartegi, Basarri, Patxi Iraola eta abarrenak. Bestetik, Mutrikuko bertso-eskolak plazaratutakoak: 1993an, Okelar anaia biei, Modesto zenari eta Romani, eskainia omenaldi gisa; eta 2009an, Okelar. Ahotik paperera. 25 urte izenburuz argitaratua.

Jon Azpillaga eta Roman Okelar bertsotan

Jon Azpillaga eta Roman Okelarren bertsoak dira liburuaren ardatza. Hona hemen bi adibide:

Mutrikun, Kalbaixoko ermitan (Iriballen), 1986ko apirilaren 18an kantatutako bi bertsoren amaierak:

Azp.

badago ainbat ixtori.

Andre on bana eska'iozute

Kalbarioko Kristori.

Oke.

gu beti gitxaudek listo.

Baiña borondate aundikoa

ez dek Kalbaixoko Kristo.

Beste bi bertso hauek, berriz, Lesakako soziedade batean kantatu zituzten bi lagunok 2001eko irailaren 22an:

Oke.

guk ibilia ugari.

Eta zertxobait kentzen saiatu

gera oni eta ari.

Naiz eta ezin pisurik kendu

neure urteen kargari,

bazkari-afari mordoa egin det

eskerrak Azpillagari.

Azp.

urte asko dira junak.

Ta kilometro pilla bat, berriz,

egin izan ditugunak.

Bazter guztitan egin dituzu

adiskide ta lagunak.

Zein Aita Santuk pasatzen ditu

au bezelako egunak?

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos