Ehunka lagun 'Zergatik panpox' irakurtzen

Goizeko 8etan hasita, hamabi ordutan zehar burutu zuten 'Klasikoen Irakurraldia' ekimena

DVBI LBO.
Arantxa Urretabizkaia, atzo Bilboko Arriaga ondoan. ::
                             LOBO ALTUNA/
Arantxa Urretabizkaia, atzo Bilboko Arriaga ondoan. :: LOBO ALTUNA

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox' liburuaren irakurraldi jarraitua egin zuten atzo Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Bosgarren urtea izan da Klasikoen Irakurraldia deituriko egitasmoa egin dena. 2008an Axularren 'Gero' irakurri zen, 2009an Mogelen 'Peru Abarca', 2010ean Jon Miranderen 'Haur besoetakoa' eta iaz Ramon Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso'.

Arantxa Urretabizkaiak berak irakurri zuen aurreneko pasartea. Bigarrena Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak, Arantza Camarerok. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Joseba Agirreazkuenaga historialariak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Gero, goizeko 11ak aldera, Ramon Saizarbitoria eta Mikel Hernandez Abaitua idazleek irakurri zuten, eta baita berauen editore Iñaki Aldekoak ere.

Euskaltzaindiak presentzia berezia izan zuen atzoko ekitaldian, euskaltzainburuaz gain hiru euskaltzain jardun zirelako: Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Pello Salaburu. Eta zenbait euskaltzain urgazle ere azaldu ziren.

Egunean zehar 400 lagunetik gora irakurri zuten beren pasartea. Irakurketa jarraia ez ezik, errepikatua ere izan zen, nobela hau aski laburra baita, eta atzokoan bi ordu nahikoa izaten ziren liburua osa-tzeko.

1979an atera zen 'Zergatik panpox'. Obra berritzailea izan zen. Lehenengo aldia izan zen emakume batek idatzitako protagonista femeninoa agertzen zena euskal literaturan. Emakume baten egun oso bat kontatzen du. Gizonak alde egin dio etxetik eta bera ari da semea hazten. Barne-bakarrizketa moduan dago idatzita, eta alde horretatik ere eman zuen atentzioa bere garaian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos