Eskola Txikien festaren balorazio «ezin hobea»

Aurtengo festa antolatzen Larraulgo 150 herritar aritu direla nabarmendu dute antolatzaileek

DVLARRAUL.
Jendetza hurbildu zen Larraulen ospaturiko festara. ::
                             NUÑEZ/
Jendetza hurbildu zen Larraulen ospaturiko festara. :: NUÑEZ

Aurten Eskola Txikien Festa antolatzeko ardura izan duten Larraulgo Guraso Elkarteak eta udalak, ekimenaz balorazio ezin hobea egin dute.

Eskola Txikien Festa antolatzen Larraulgo 150 herritar aritu izana da nabarmendu nahi izan duten lehenengo ezaugarririk baikorrena, Festak herritarrak elkartzea eta auzolana sustatu dituelako. Era berean, Eskola Txikien Festak Larraulgo eskolaren proiektua gizarteratzeko balio izan duela adierazi dute. Eta 25. urteurrena izanik, Eskola Txikien mugimendu osoak Festa bere sentitu zezan, Gipuzkoako 26 eskola txikietako komunitateek egin duten lana txalotu eta eskertu nahi izan dute, ikasturtean zehar eskola txikietako gurasoek, irakasleek zein udal ordezkariek hainbat ekimen gauzatu baitituzte, 25. urteurrena merezi bezala ospatzeko.

Dokumentala

Festa bukatu ostean, 'Eskola bizia, herri bizia' dokumentalak egingo duen bidearekin daude itxaropentsu, Larraulgo Guraso Elkartea eta Udala. Dokumentala Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak ekoitzi du, eta dokumentalaren egilea Larraul bertako guraso bat izan da, Iñaki Alcalde. Ikus-entzunezko honek eskola txikien benetako balioa gizarteratzeko balioko duela espero dute, eta irailetik aurrera eskola txiki bakoitzak bere herrian dokumentalaren proiekzioa antolatzea da asmoa, herriko eskola komunitate osoa elkarturik (Udala, gurasoak eta irakasleak), modu horretan dokumentalak hiru eragileen arteko elkarrizketa, elkarlana eta aurrera begirako gogoetak eragiteko asmoz.