Mende laurden eskola txikien handitasuna erakutsiz

Ehunka pertsonek Gipuzkoako eskola txikien festa ospatu zuten Larraulen

L. M. NÚÑEZLARRAUL.
Olaberriako eskolak antolatuko dute festa 2013an./
Olaberriako eskolak antolatuko dute festa 2013an.

Gipuzkoako Eskola Txikiek beren egun handia bizi izan zuten atzo Larraulen. Eskola Txikien jaiak 25 urte betetzen zituen eta handikiro ospatu zuten eguna. Goizean goiz bota zuen euri jasak ez zuen ondo pasatzeko gogoa itzali eta atertu bezain pronto herriko gune ezberdinak jendez bete ziren jaiaz gozatzeko prest.

Txalapartarien deiak eman zion hasiera ekitaldiari eta herriko txoko ezberdinak jendez bete ziren. Eskulanak, puzgarriak, erakusketa, dokumentalaren proiekzio . mota guztietako ekitaldiez gozatu ahal izan zuten bertara hurbildutakoek. Hezkide eskolako etxean gazteenek eskulan tailerrean parte hartu zuten murala margotuz, musika instrumentuak eginez edota loreak landatuz.

Hala ere, jende gehien erakarri zuena Pirritx eta Porrotx pailazoek eskaini zuten kontzertu berezia izan zen. Eskola Txikien festak bezala beraiek 25 urte betetzen dituzte aurten.Hori ospatzeko, Gipuzkoako eskola txiki guztietako ikasleak igo ziren oholtza gainera Pirritx, Porrotx, Marimotots, Largabista eta gainontzeko lagunekin, eta orain dela 25 urtekoa oroituz, Bidegoiango haurrak izan ziren lehenak eta jarraian gainontzeko eskoletako ikasleak igo ziren. Plazan bildutako ehunka lagunek gelditu gabe abestu eta dantzatu zituzten ere kanta ezagunak, koreografiak ondo ikasita zituztela erakutsiz. Azkenak Larraulgoak izan ziren eta ikusle guztiekin batera 'Zorionak zuri' kantatu zuten.

Kontzertuaren amaiera ekitaldi nagusiaren hasierarekin uztartu zen Pirritx eta Porrotxek Urbeltz plazaraino eraman baitzituzten haurrak eta gurasoak. Bertan, eskola txikien oinarria diren guraso, irakasle eta udaleko ordezkariak izan ziren protagonista nagusiak. Horrela, 23 udaletako alkate eta zinegotziak eta 26 eskoletako irakasle eta gurasoak igo ziren oholtzara. Guztiek herri txikietako eskolek duten garrantzia azpimarratu zuten, bai herrientzako beraientzako, baita Gipuzkoako gainontzeko herrientzako ere. «Eskerrik asko urte hauetan ixil-ixilik lanean aritu diren guztiei beraien lanari esker baitira Eskola Txikiak», esan zuen Mikel Olano, eskola txikien gurasoen koordinakundeko lehendakariak.

Ekitaldiak era berean 27 urtez Alkizan eta Angiozarren irakasle egon diren Ixiar Irulegi eta Mito Vegari omentzeko balio izan zuen. Vegak guztiei horrela jarraitzeko animatu zien eta gogoratu zien «krisiaren beldurrez daudenei gutxiagorekin hasi ginela eta kalitatezko hezkuntza lortu genuela».

Ekitaldiko une hunkigarriena, hala ere, bi belaunaldietako ikasleak elkartu zirenean gertatu zen. Oholtza gainean eskola txikietako ikasle ohi adinekoenak eta oraingo ikasleak elkartu ziren, kasu batzuetan aitona-amonak eta bilobak zirenak. Ikusle guztiek txalo zaparrada eskaini zieten guztiei eta guztiek elkarrekin usoak askatu zituzten «Larraulen zabaldutako mezua Udaletxeetako leihoetara, gurasoen sorbaldetara, magisteritza eskoletara eta aiton-amonak beren bilobekin esertzen diren bankuetara eraman dezaten», zioen Ixiar Eizagirre Larraulgo gurasoak. Larraulgo ikasleak Olaberriako eskolako ikasleei pasa zieten testigua datorren urtean festa antolatzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos