«Oso hunkigarria da zortzi urteko umeak mimoa egiten ikustea»

Joserra Fachado Aktorea eta antzerki-irakaslea

FELIX IBARGUTXI
Klown txikiak. Joserra Fachado, Donostiako Zurriola Ikastolako ikasle batzuekin. ::
                             G. RIVAS/
Klown txikiak. Joserra Fachado, Donostiako Zurriola Ikastolako ikasle batzuekin. :: G. RIVAS

Joserra Fachadok urte asko darama-tza Donostiako Zurriola Ikastolan, Mikel Sarriegi eta beste batzuekin batera, hango antzerki-taldeen irakasle. Orain dela lau urte, Hipo eta Tomax pailazo-bikotea sortu zuen, eta duela gutxi ikuskizun berria estreinatu: 'Papo Pupa'.

- Orain dela aste batzuk, Zurriola Ikastolako zuzendari ohia hil zen, Aurkene Mora, eta badakit oroimenezko ekitaldia antolatu zenutela.

- Guretzat erreferente handia izan zenez, nahi nuen nabarmendu hu-tsune handia izan dela. Eta baita ere, nahi nuen islatu bizitzak aurrera jarraitzen duela. Ikuskizunean, hasteko, kea bota nuen; berak asko erretzen baitzuen. Eta sartu nintzen berari deika. Hunkigarria izan zen. Gero ume bat etorri zitzaidan ondora, eta bata jantzi nion, gero hark kendu egin zuen eta nik berriro jantzi, esanez bezala: «A zer nekea ume hauekin!». Gero ardo-botilla bat ireki nuen, berari asko gustatzen zitzaion-eta. Niri bezala. Eta arropa altxatuta, azpitik kamixeta arroxa atera nuen. Ni San Pedrokoa naiz, hura, berriz, San Juangoa, eta ni arroxez jantzita jende guztia barrez hasi zen. Eta listo. Irakasleek, taldean, Xabier Leteren abesti bat kantatu zioten, 'Zutaz, Maite, egina dut galde'. Tango bat dantzatu zioten baita ere.

- Lan handiko egunak izan dituzu hauek, gazteen antzerki-topaketak izaten ari dira-eta.

- Nik aurten hamaika antzerki-talde ditut Zurriola Ikastolan, eta bat Lasarten, Kukuka antzerki-eskolan. Lan egiten dut zortzi urtekoekin hasita, eta badut gurasoen talde bat ere. Baditut ume txikiak, baditut 22 urteko gazteak, 26koak... Beraz, abaniko guztia.

- Eta uste dut zortzi urteko haurrekin mimoa egiten duzula, ezta?

- Bai, eta ez dakizu ze gogoarekin etortzen diren! Oso hunkigarria da haur txiki horiek mimoa egiten ikustea. Eta gustatzen zait bosgarren mailan daudenean klown egitea berarekin. Niretzat sekulako iraultza da. Oso libre sentitzen dira eta bakoitzat bere nortasuna ateratzen du. Bakarrik eskatzen diet etxetik txanoa ekartzea, eta nik sudur gorria ematen diet. Denok daukagu barruan klown bat, eta bera ateratzen da, berez, ariketa batzuen ondoren. Ez da bila joan behar. Eta gero, klown egiten ari diren haur horiekin istorio bat antzezten dugu; oraingoan, Agatha Christie gogorarazten duen hilketa bat antzezten ari gara.

- Klown hiztunak dira.

- Bai, hiztunak. Gero, beste talde bat badugu inprobisaketak egiten dituena. Ateratzen ditugu gaiak eta hor hasten dira inprobisatzen.

- Sarriegi eta zuen eskuetatik, pasa dira lagun batzuk gero Euskal Telebistako zenbait saiotan ikusi ditugunak.

- Bai, Oihana Maritorena bera, Asier Oruesagasti ('Goenkale'-koa), Bingen Elorza... Azkeneko hau 'La máquina de pintar nubes' filmean jardun zen. Baita Amaia Iraundegi ere, garai batean 'Martin'-en, eta orain 'Bi eta bat'-en ari dena... Dena dela, guk beti azpimarratzen dugu gure helburua ez dela hori, ETBrako aktoreak ateratzea. Horiek aurrera atera dira, baina aukera izan dutelako; ez du esan nahi besteak baino hobeak direnik. Gure lana pedagogikoagoa da. Bada adin bat, telebistan sartu ezkero, itsutzeko arriskua daukazuna. Guk, berriz, sarri esaten diegu antzerkia maitatu egin behar dutela. Antzerkia maite baduzu, urte txarrak edukita ere, beti izango duzu hori bihotzean. Egin behar da gustatzen zaizulako, ez famatua izan nahi duzulako.

- Nolatan hasi zinen pailazo?

- Orain ela lau urte izan zen. Aurretik eginak nituen beste gauzatxo batzuk. Klownak beti gustatu izan zaizkit asko. Egin nituen ikastaro batzuk, Ana Pérezekin eta Patxi Pérezekin, biak oso onak... eta gero beste ikastaro bat egin nuen, niretzat oso garrantzitsua, César Saratxurekin.

- Ez naiz oroitzen. Nor dugu Saratxu hori?

- Bilbotarra da eta orain Stockholmen bizi da. 'Cámara Café'-n jardun zen. Gizon honekin berriro deskubritu nuen klown-a, eta maiteminduta gelditu nintzen. Ikastolan, komentatu nion Mikel Sarriegiri eta, halaxe, ikuskizun txiki bat sortu genuen Euskararen Eguneko festarako. Huraxe izan zen ernamuina gero Hipo ta Tomax pailazo-bikotea sortzeko. Muntatu genuen lehenbiziko ikuskizuna, 'Sukaldean', eta aurreneko urtean, artean ezezagunak ginela, 60 emanaldi izan genituen.

- Goenkale'-ren hasieran aktore jardun zinen. Isasias izan zinen, oso pertsonaia maltzurra, benetan gaiztoa.

- Orain dela hamahiru bat urte izango zen. Deitu zidaten casting baterako eta ezetz esan nuen, ez nintzela azalduko, fede gutxi bainuen telebistan. Baina Miren Gojenolak pila bat insistitu zuen eta azkenean joan. Egin nuen eta esan zidaten deituko zidatela emaitza esateko. Esan nien azkar deitzeko, oso bidaizaleak izan baikara. Vietnamera joatekoak ginen, berrogei egunerako, eta joan egin ginen. Orduan ez zegoen telefono mugikorrik. Handik bueltan, telefonoko erantzugailuan mezu pila bat: mesedez, azaltzeko! Deitu nuen... eta papera eman zidatela! Oso fuertea izan zen: Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola eta ni ginen aktore printzipalak. Esaten nuen: hemen ez dut aguantatuko ezta... Ez dakit nola defendatu nintzen. Ustekabe handia izan zen jendea hasi zenean kalean pertsonaia horretan sinesten. Getarian, sanjoanetan, beti ipintzen dute panpina bat egur pilaren erpinean, su emateko, eta urte batean izena erantsi zioten: Isaias.

- Eta gero 'Goenkale' utzi beharra gertatu zen.

- Han sartu nintzenean, Zurriola Ikastola ez nuen utzi. Garbi neukan behin-behineko lana izango zela telebistako hura. 'Goenkale'-n, hiru urte jarraian egin nituen lehenbiziko etapan, eta gero bueltatu nintzen eta guztira bost urte izan ziren. Kristoren aukera izan zen, pila bat ikasi nuen. Banekien zer erantzun behar nien bukaera adieraztera zetozenean: lasai,asko ikasi dut eta plazer bat izan da. Dena dela, telebista hor dago, eta Mikel eta biok askotan hitz egiten dugu eta proiektu pila bat dugu.

- Esan nola bizi duzun zure pasaitartsun hori.

- Han jaio nintzen eta hor daukat familia. Nire birraitona etorri zen hona Galiziako Rianxotik soldaduska egitera, eta gelditu. Aitonaren eta aitarekin asko bizi izan nuen itsasoaren kontu hori, eta orain txalupa daukat. Aitona, Pepe, da argazki famatu batean Aita Manuelen ondoan ageri dena, Errepublikako bandera eskuetan. Oso polita da nire txalupa hori, Donostiako Juan Pablo Olabek egina. Bi anaia dira eta ontzi tradizionalak egiten dituzte poliesterrez, bela ipintzeko aukerarekin, eta ni belaz ibiltzen naiz. Donostiaraino ere etorri naiz ni belaz, eta bueltatu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos