Borrar
Bere lehenbiziko nobela. Batez ere nerabeentzat idatzi du John Anduezak 'Larunbatean Bukowskin'. :: LUSA
«Nerabeentzat baditugu produktuak, baina ez guk sortuak»
CULTURA

«Nerabeentzat baditugu produktuak, baina ez guk sortuak»

John Andueza Idazle, kazetari eta telebista-zuzendaria

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 20 de mayo 2012, 11:34

Estatu Batuetan, Oregonen jaioa da Jon Andueza. 1966an. Urte bateko umetxoa zela etorri zen Arrasatera bizi izatera, aita -han Oregonen artzain lan egiten zuen gizona- hil zitzaionean. Orain Elgetan bizi da. Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta 'Arrasate Press' eta 'Berrigara' izan zituen lehenengo lantokiak. Gero Arrasate Telebistan trebatu zen, eta 90. hamarkada hasiera aldera Euskal Telebistara egin zuen salto. Ez da sekula ETBko langile finkoa izan, baina hainbat saiotan jardun da. Hainbat urtetan zehar Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen ondoan aritu da, beren telesaioen zuzendari lanean. Film laburrak ere egin izan ditu -'Bernar', 'Fatimetu, la llamada del desierto' eta 'Simplemente', adibidez-, eta orain bere lehenengo nobela plazaratu du -'Larunbatean Bukowskin'- batik bat 13 urtetik gorakoei zuzendua.

- Aurkezpen-ekitaldian esan duzu nerabeentzako euskarazko produktu gutxi daudela, eta aspalditik ari zinela horrelako jendearengana zuzendu nahian.

- Nerabeak eta gaztetxoak ezagu-tzen dituen edonork badaki gabezia handiak daudela. Produktuak badaude, baina ez guk sortuak. Gabeziak daude liburu aldetik, telebista aldetik, zine aldetik... Gauzak hemen egin beharrean, bila-tzen ditugu kanpoan arrakasta izan dituzten produktuak, ekarri eta euskaratzeko edo egokitzeko. Aspalditik neukan kezka hori buruan, eta pentsatu nuen aportazio txiki bat ez legokeela gaizki. Horrelaxe sortu zen liburu hau, asmo horrekintxe.

- Eta bistan da liburu dibertigarria egin nahi izan duzula.

- Azken batean zer lortzen dute kultura handi horiek? Ez bakarrik jendearengana iristea, baizik eta gero jendeak beren produktu horiei buruz hitz egitea. Nerabeak hasten dira beren artean hizketan eta gauzak gomendatzen -«joan film hori ikustera, oso ona da»...- eta normalean, %95ean, kanpoko produktuez ari dira.

- Etxean baduzu neraberik?

- Bi seme-alaba dauzkat, txikixeagoak oraindik, hamabi eta bedera-tzi urtekoak.

- Baduzu eskoletara joateko asmorik?

- Bai. Gustatuko litzaidake. Mundua asko aldatzen ari da eta kazetarien aurrean liburutegi honetan egin dugun aurkezpen hau ondo dago, baina beste garai bateko planteamendua da. Nik ez daukat arazorik edo lotsarik liburua besapean hartu eta eskoletara joateko. Eta hantxe, irakasleei erakutsi. Ez da hainbeste saldu, baizik eta ezagutzera eman.

- Institutuetako edo hezkuntza munduko «arazoak» ukitzen ditu liburu honek?

- Ez gehiegi. Institutu batean dago kokatua istorioa eta pertsonaietako batzuk irakasleak dira, baina azken batean entretenitzeko da. Ez da irakaskuntzaren inguruan eztabaida eragiteko liburua. Gehiago da entretenimendua entretenimenduagatik.

- Idazten urte asko eman dituzu, batik bat telebistarako gidoiak. Baina ipuingintzan ere jardun zinen, aspaldi hala ere. Sari batzuk ere izan zenituen. Iraganeko kontua irudituko zaizu seguru asko...

- Hogeita piko urterekin -hogeita gutxi- dezente idazteko ohitura eduki nuen. Irabazi nuen Donostia Hiria saria eta Gabriel Aresti saria, eta ipuin horiek eman zuten zer esana. Egia da: garai hartan saiatu nintzen liburu bat egiten, narrazio luze bat, baina orain konturatzen naiz: seguru asko ez nengoen prest. Porrot txiki haren ostean beldur piska bat sartzen zaizu eta pentsatzen duzu: jontxo, igoal ez naiz hain ona... Eta gainera telebista etorri zen.

-Sartu zinen telebistaren zurrunbiloan eta kitto.

- Ikusentzunezkoak erakargarritasun handia du. Eta pentsatzen duzu: zergatik istorio hau idatzi, laburmetrai bat egin badezaket? edo zergatik pertsonaia baten biografia idatzi dokumental bat egin badezaket? Sekula ez nuen literatura ahaztu, izan ere gidoiak idatzi izan ditut, eta azken batean istorioak asmatzen jardun naiz, baina beste euskarri batean.

- Makina bat urtez jardun zara pailazoen telesaioak egiten, zuzendari moduan, baina bukatu da.

- Bai, lan hori bukatu zait. Proiektuak beti izaten dira esku artean.

- Dena dela, 'Larunbatean Bukowskin' liburu honek jarraipena izan lezake beharbada. Pertsonaiak sortuak dituzu, orain garapena eman behar.

-Egia esan, idazteko garaian liburu bakar bat egiteko asmotan jardun nintzen. Gero, argitaletxeen mundua gehiago ezagutzen duzunean, ikusten duzu bildumak izaten direla, eta libururen batek harrera ona daukanean egileari esaten diotela: «Egizak gehiago». Ez dakit, ikusiko dugu lehenengo honek zer bide egiten duen. Tentazioa hor dago, egia da.

- 'Simplemente' duzu azkeneko dokumentala, orain bi urte plazaratua. Despertar los sentidos dantza-taldeko Down sindromedun gazteekin egin zenuen lan hura. Zer moduzko ibilbidea egin du?

- Zine-aretoetan denbora gutxi egin zuen, aste bat. Baina material hori hor geldituko da, urteetarako. Ez da momentuko pelikula. Izugarrizko baloreak ditu eta bizirik dago. Baina gizarte hau horrelakoxea da: gauzak hain azkar kontsumitzen dira...

- Eta baduzu ikusentzunezkoen arloan beste proiekturik?

- Galdetzen didazunez, egon naiz hizketan Ansorenarekin eta esaten genuen oso ondo etorriko litzatekeela Txirri, Mirri eta Txiribitonen inguruko zerbait egitea. Berrogei urte izan dira, eta ondo egongo litzateke dokumental batean jasotzea, baina ez pailazoen lana bakarrik, baita gizartearen bilakaera ere. Eurak aitzakia moduan hartuta, herri honen historia kontatu. Gainera, zorionez, azken hamarkada hauetako irudi-artxibo onak daude.

- Liburuaren aurkezpenean Joserra Senperena pianojolea izan duzu. Nolatan?

- Oso laguna delako. Eta liburua argitaletxera bidali aurretik eman niolako irakur zezan eta iritzia eman zezan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Nerabeentzat baditugu produktuak, baina ez guk sortuak»