40. urteurrena ospatzeko, 40 ikastaro antolatu ditu UEUk

'Bizipozen bloga' sortu dute Udako Ikastaroetan parte hartu duten milaka lagunen pasadizoak biltzeko

N. A.DONOSTIA.

Krisi betean tokatu zaio UEUri 40. urtebetetzeari egotzi ohi zaion krisia pasatzea. Egoera ekonomiko larriaren aurrean kikildu beharrean, ordea, eskaintza zabaltzea erabaki dute, atzo Udako Ikastaroen aurkezpenean Karmele Artetxe UEUko zuzendariak eta Irati Iciar ikastaroetako arduradunak aurreratu zuten bezala.

«40. urteurrena ospatzeko aurten 40 ikastaro antolatu ditugu, azken urteetako kopururik handiena. Guretzat erronka handia izan da, baina gure bazkide eta gertukoek erakutsi duten babesa izugarria izan da. Orain, matrikula kopurua ere azken urteetako handiena izatea geratzen da», esan zuen Irati Iciar-ek. Besteak beste, diru sarrera propioak areagotzeko, beste laguntzaren batzuk -Eusko Jaurlaritzak ematen ziona, nabarmenki-, desagertu egin baitira aurten. 40 ikastaro horietatik 22 Eibarko ikastetxe nagusian egingo dira, zortzi Baionan eta 10 Iruñean. Sei jakintza arlotan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientziak eta gizarte zientziak, azken hauek izango direla garrantzitsuenak. Gaien aldetik askotarikoak izateaz gain, hiru formatu desberdinetako ikastaroak daude: espezializatuak, dibulgaziokoak eta garapen pertsonalekoak. Hitzaldi ziklo irekia ere egingo da ekainaren 4tik 7ra Bilbon

'Lau hamarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean' lelopean aurrera doan urte bereziak berrikuntzak ere ekarriko ditu. Esate baterako, maiatzaren 21etik aurrera salgai jarriko den UEU bonoa: 30 euro balioko dute, 33 euroko balio erreala izan arren, eta ikastaroak ordaintzeko ez ezik liburuak erosteko edota harpidetzak ordaintzeko balioko dute. «Ezagutza ere oparitu daitekeen zerbait dela adierazi nahi dugu», azaldu zuten. Eta azpimarratu zuten laguntza asko daudela aurten matrikulak arintzeko, diru arazoek ez dezaten inor utzi ikastaroetan parte hartu gabe.

Urteurrenari lotutako beste berrikuntza bat 'Bizipizen bloga' da. Bertan (www.unibertsitatea.net/blogak/UEU40) azken lau hamarkadetan Udako Ikastaroetan parte hartu duten milaka lagunen gertakari, pasadizo eta bizipenak jaso nahi dituzte. Informazio zabalagoa: ueu.org.

Fotos

Vídeos