John Steinbeck-en 'Saguak eta gizonak' plazaratu du Alberdaniak

Depresio Handian dago kokatua eta AEBetako eskoletan irakurgai nahitaezkoa da

F. I.DONOSTIA.

Alberdania argitaletxeak John Steinbeck Nobel saridunaren 'Saguak eta gizonak' eleberria plazaratu du. 1929an hasita Estatu Batuak abailduta utzi zituen Depresio Handi hartan dago kokatua, 1937an argitaratu zen eta George Milton eta Lennie Smallen historia tragikoa kontatzen du. Autorearen nobelarik garrantzitsuenetakoa da eta baita AEBetako literaturaren historiakoa. AEBetan, irakurgai nahitaezkoa da eskoletan, nahiz eta hizkera eta gertakari gogorrak agertu.

Itzultzaileak, Iñigo Errastik, hau adierazi du: «Estilo nahiko soila dauka Steinbeckek. Estilo sinplea da, baina indarrik ez zaio falta. Istorioak puntxa dauka, Estatu Batuetan esango luketen moduan. Hasieratik harrapatzen zaitu. Irakurleak sumatzen du zerbait gertatuko dela, zerbait tragikoa. Itxura onik ez dauka eta azkenean bete egiten da patu txarra».

'Saguak eta gizonak' John Steinbecken nobela bat da, 1937an argitaratu zena. George Milton eta Lennie Smallen historia tragikoa kontatzen du. Lennie buruz atzeratua da, baina gizon samurra ageri zaigu nobelan. Bidez bide lagun egiten diona George pikaroa da. George eta Lennie beste hainbat bezala Depresio Handiaren garaian baserri giroko Kalifornian barrena herraturik dabiltza rantxoz rantxo eta bizitza aurrera ateratzeko lan bila.

Film bat ere egin zuten eleberri honetan oinarrituta, 1992an. Gary Sinise da zuzendaria, eta John Malkovichek jokatzen du Lennieren papera.

«Nik esanngo nuke eleberri hau oso egokia dela gazteentzat. Irakurtzera zaletzeko hainbat osagai ditu», esan du Iñigo Errastik. Bilboko itzultzaile hau Jokin Zaitegi lehiaketa irabazitakoa da 2005ean eta, hari esker, Harold Pinter Nobel saridunaren atzerki-lan batzuk euskaratu zituen. Elkar argitaletxeak 'Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk' ipini zion izenburu liburuari. Jakina denez, Nobel saridunen lanak itzultzeko izan ohi da Arrasateko AED elkartearen sariketa hori.

John Steincbeck (Kalifornia, 1902 - New York, 1968) eleberrigile emankorra eta ospetsua izan zen. Bere lanetatik 17 film zinemaratu dute. Gidoi lanak ere idatzi zituen. 1962an Literaturako Nobel saria eman zioten. Bere lanik ezagunenak dira: 'Edengo ekialdean', 'Suminaren mahatsak', 'Perla', 'Tortilla flat', 'Zeruko belardiak' eta 'Arthur erregearen egintzak'.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos