Eskola txikiak, herri txikien bihotza

Gipuzkoako 27 herri eta auzotako eskola txikiek ekainaren 3an egingo dute Larraulen 25. urteurreneko festa

ELI BELAUNTZARANLARRAUL
Eskola Txikien festaren aurkezpena. ::
                             GUILLEMO RIVAS/
Eskola Txikien festaren aurkezpena. :: GUILLEMO RIVAS

Larraulgo eskola txikiko guraso, ikasle eta irakasleek lanpetuta eman dituzte azken hilabeteak. «Eskola Txikien Koordinakundeak aurtengo festa antolatzeko proposamena egin zigunean, ilusio handiz hartu genuen gonbidapena. Batetik, festaren 25. urteurrena Larraulen izatea guretzat ohore handia zelako. Eta bestetik, gure herriko eskolaren ibilbidean, momentu honetan esanahi berezia hartzen duelako jaiak», azaldu zuen atzo Ixiar Eizagirre Larraulgo guraso elkarteko kideak, Donostian eginiko aurkezpen ekitaldian.

«Berezia izango da, azken lau urteotan Larraulen egin dugun lana eta lortu dugun guztia ospatzeko balioko baitu: hau da, Larraulen, berriz ere eskola zerbitzua martxan jartzea, 30 urtez itxita egon eta gero. Lana eta lana egin behar izan dugu hori lortzeko eta azkenean ospatzeko aukera izango dugu».

Ospakizun eguna ekainaren 3a izango dela iragarri zuen Eizagirrek aurkezpenean, Eudeleko Igor Iturain, Gipuzkoako Eskola txikien koordinakundeko kide Mikel Olano eta EHIGEko kordinatzaile Lurdes Imaz ondoan zituela.

Laurraulgo herrigunean Gipuzkoako 27 eskola txikietako ikasle, irakasle, guraso eta lagunak elkartuko dira. 3.000 lagun espero dituzte larrauldarrek atzoko agerraldian aditzera eman zutenez eta egitarau oparoa prestatu dute hurbiltzen diren guztiek primeran pasa dezaten. Eizagirrek esan zuenez, «eskerrak eman nahi dizkiegu ekainaren 3an festa hau antolatzen ariko diren larrauldar guztiei, sasoian dauden herritar guztien eskuak beharko baitugu, 3.000 lagun biltzea espero dugun festa hau antolatu ahal izateko. Herritarrek orain arte agertu duten jarrera bikaina eta lanerako prestutasuna eskertu nahi ditugu».

Azken batean, «herri txikietako eskolek bizirik mantentzen dituzte herri txiki horiek. Eskolak herri hauetako bihotza dira eta arnasa ematen diete», azpimarratu zuen Larraulgo ordezkariarekin batera festaren aurkezpenean egon zen Aiako alkate Igor Iturainek. Eudeleko ordezkari gisa joan zen Iturain, eta Aiako alkatea izanik eskola txikien «garrantzia eta duten funtzioa» nabarmendu zuen. «Herri txikietan eskolak ezinbestekoak dira bertako umeek herriarekin duten lotura mantentzeko. Ezinbestekoa da eskolaren gizarte funtzio hori, galdu egiten baita kanpora joaten direnean haur eta herriaren arteko identifikazioa».

Larraulgo kasuan, egun 8 urtera arteko zerbitzua dute. Gela izatez Asteasuko Pello Errota ikastetxearen ikasgela da. Aurten, 25 ume dituzte 2 eta 8 urte bitartekoak, eta haurreskolan, berriz, 7 daude matrikulatuta. «12 urtera arteko eskola izan dadin, Larraulgo Guraso Elkarteak eta Udalak bidea egiten jarraituko dugu, orain arte bezalaxe, jarrera eraikitzaileaz».

'Kaxa ibiltaria'

Eskola txikien lehen festa Bidegoianen izan zen 1988an. Bizirik daudenen eskola txikien artean, zenbaitetan haurrek bere eskolaren historia landuko dute ikasgelatan, herritarrei egingo dizkieten elkarrizketen bidez. Bestalde, 'Kaxa ibiltaria' ekimena ere jarri da martxan: eskolaz eskola dabilen kaxa honetan, ikasle-irakasleek nahi dutena utziko dute (mezuak, kantuak, olerkiak, argazkiak.). Festaegunean erakusketan jarriko da eskoletatik jasotakoa.

Gainera '25 urte, 25 tontor' ekimena egingo da maiatzaren 5-6ko asteburuan: eskola bakoitzak mendi tontor batera txangoa egingo du, eta gailurreko argazkiekin bilduma osatuko da. Larraulen, berriz, eskulanak egiteko tailerrak, Pirritx eta Porrotx pailazoen bisita, bazkaria, Gorriti eta bere animaliak, Kupela taldea eta bestelakoak izango dira.