«Lotsagabea naiz, eta anarko totala»

Jose Ignazio Ansorena ari zen ikastetxe berean jardun zen bera lanean, Antiguako Larramendin, eta 1984an hasi zen pailazo

FELIX IBARGUTXI
«Lotsagabea naiz, eta anarko totala»

Aurreko astean ikusi genuen albistea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Txirri, Mirri eta Txiribitonen abesti batzuk joko ditu ekainean, pailazo hirukote honek aurten berrogei urte betetzen baititu. Egunkariko argazkian ez zen Txirri azaltzen, ezta Mirri ere, baizik eta Txiribiton. Eta telebistan azalpen batzuk eman zituen gainera. «Beraz, Txema animatzen hasi da 'paperetan' agertzera. Harrapatu egin behar dut ba!», nere artean.

- Zu, jaiotzez, bilbotarra zara.

- Bai, jaio nintzen Bilbon, Donostian bizi izan naiz, eta bihotza erdian dago, Deban. Amama hangoa nuen, Debakoa, eta, txikitan, han hiru hilabete pasatzen nituen. Une politenak hangoak dira, eta gainera han ezagutu nuen emaztea. Amaginarreba Itziarkoa da.

- Uste dut Debarekin lotura estua duzula eta han danborra jotzen duzula.

- Beno, danborrarena utzi nuen. Baina bai, ni debarra sentitzen naiz. Niretzat, gutxi joaten naiz, eta emaztearen iritziz gehiegi. Emazteak oraindik lan egiten du, baina jubilatzen denean, nahi nuke han urtean hiru hilabete ematea, gutxienez. Oso herri lasaia da, laua eta, hamar metroro, eserlekua.

- Zuk euskara ez dakizu etxetik.

- Ez. Baina, Debako egonaldiei esker, belarria eginda neukan. Euskara, berrogei urterekin ikasi nuen. Ni irakaslea nintzen eta, Irale programaren barruan, ikasturte oso bat eman nuen Lazkaoko euskaltegian. Beti izan nuen euskara ikasteko asmoa, eta azkenean Txiribitonek bultz eginda ikasi nuen. Burutik bihotzera eragin zidan. Orain, nola edo hala, konpon-tzen naiz behintzat, eta hori da garrantzitsuena.

- Historia oso ezaguna da: zuk aspaldi-aspaldi, Jose Ignazio Ansorena 'Piter'-ekin ari zinen lanean ikastetxe batean, hura pailazoa zen (lehenbizi Mixki izan zen, gero Mirri) eta kutsatu egin zintuen.

- Antiguako Larramendi ikastetxean ari ginen. Hark literatura irakasten zuen eta nik matematika. Berehala egin nuen lotura berarekin. Oso antzekoak gara gauza batzuetan, eta beste batzuetan zeharo desberdinak. Bera ordenatua eta karratua da, eta ni naiz borobil-borobila eta anarko totala. Baina bizitza ulertzeko aldetik oso parekoak gara. Lehenengo barre egiten dioge geure buruari, eta gero lagunekin; sekula ez lagunen kontura. Eta beti bilatzen dugu alde barregarria, nahiz eta egoera tristea edo arraroa izan.

- Hasierako taldea Kixki, Mixki eta Kaxkamelon zen. Gero, 1984an, Andoni Ezeizak alde egin eta zu sartu, eta taldeak beste izen bat hartu zuen: Txiri, Mirri eta Txiribiton.

- Kaxkamelonek utzi baino lehen ere egin nituen gauza batzuok; berak ezin zuenean, alegia. Gogora-tzen naiz Santi Brouard hil eta handik gutxira, greba orokorra egin zen egunean, bizarra kendu nuela. Makilatzeko arazoa zen-eta. Gainera, mutua nintzen, eta keinuetarako hobe bizarrik gabe. Gogoan daukat: lehenengo hiru telesaioak azaroaren bukaera aldera grabatu genituen, eta abendu hasiera aldera Xabierrek [Otaegik] eta Piterrek 'Kaixo 85' grabatu zuten, gero otsailaren 2an eman zutena. Badakizu zergatik, ezta?

- Ez.

- Euskal Telebistako langileek greba egin zutelako 1984. urte bukaeran. Beraz, urte berriko kanpai-hotsak Kandelario egunean.

- Hasiera hartan eduki zenuen beldur eszenikorik?

- Ni lotsagabea naiz. Kuriosoa da: grabatu baino lehen nahiko lasai egoten naiz, baina gero, nik esaten dudan bezala, «tiobiboa gelditzeko» denbora behar izaten dut. Grabaketa ostean, orduan bai, kabitu ezinda jartzen naiz. Egia esateko, hasiera-hasieran edukiko nuen beldur piska bat, baina hain erraza zen Xabier eta Piterrekin lan egitea! Lanerako garaian batasun handia dago hiruron atean, baina egia da lana bukatutakoan autokritika kristorena egiten dugula. Adiskideak gara, baina kritika zorrotza ere beharrezkoa da.

- Inprobisatzailea zara pailazo-lanean?

- Bai, guztiz. Nire metodoa ez da Stanislavskirena. Batez ere telebistarako ari zarenean, gidoia beti da beharrezkoa, baina inprobisaziorako tartea erraz topatzen dut. Eta egiten dituzun hankasartzeak ere baliagarri izaten dira askotan.

- Zure pertsonaia, Txiribiton... agian berori da azkarrena. Txirri azkarra da, baina askotan Txiribiton ateratzen zara irabazle.

- Mirri zera da, bihurria. Niretzat, preadoleszente bat da. Artista da eta egoista; baina bihotz onekoa. Txirri, berriz, perfektua da, «el repelente niño Vicente». Eta Txiribiton ogi puska bat da, oso bihotz onekoa.

- Baina zuen jolasetan Txiribiton ez da galtzaile ateratzen.

- Bai, eta ideiak Txiribitonenak izaten dira, baina Mirri aprobetxatu egiten da.

- Horrelako hirukotea -azkarra, bihurria eta mutua- ohikoa izaten da pailazogintzan?

- Bai. Izan ere, pailazoak beti ari dira elkarri hitza kendu nahian, eta hobe hirugarrena mutua baldin bada. Eta mutuak, gainera, sentimenduak agertzen ditu. Marx anaietan ere bat mutua zen, Harpo.

- Eta bozina, berriz... Hasieratik izan duzu bozina?

- Bai. Espresatzeko modu ona da.

- Lehengoan argazkian agertu zinen, Euskadiko Orkestrarekin egin behar duzuen saioa dela-eta. Gutxitan agertu izan zara hedabideetan.

- Hor zera gertatzen da, nik beti nahiago izan dut Xabierrek edo Piterrek hitz egitea komunikabideekin, haiek oso ondo hitz egiten baitute. Euskadiko Orkestrarekin, ekainean, Gasteizen eta Donostian ariko gara. Gure abesti ezagunenak joko dituzte. Gu ere aterako gara eszenatokira, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorrak ere bai. Hogeita bost bete genituenean ere egin genuen ospakizunik Euskadiko Orkestrarekin: disko bat grabatu genuen haiekin. Tomas Araguesek oso ondo moldatu zituen gure bi kantu: batetik, gure ereserkia, bestetik, 'Zapi txuria'. Eta gure beste abestiak José Luis Grecok moldatu zituen. Oso moldaketa ezberdinak izan ziren; Araguesenak, klasikoak; Grecorenak, oso modernoak. Disko hori zoragarri gelditu zen. Baina bagenuen zuzeneko kontzertu bat egiteko ilusio hori, eta orain ametsa bete egingo da.

- Zu matematikan lizentziatua zara. Zer da zuretzat matematika?

- Betidanik izan naiz matematikazalea. Gogoratzen naiz: batxilergoan, beste asignaturetan bost-sei ateratzen nuen, eta matematikan bederatzi-hamar. Hamar urterekin irakasle bat oso ona izan nuen, fraide eskolapio nafar bat, harekin asko ikasi nuen, eta gainera zaletu. Karrera Madrilen egin nuen eta buka-tzerako garbi neukan: irakasle izan behar nuen. Eskaini zidaten doktoradutza egitea, baina nik beste gauza bat nahi nuen, nerabeekin lan egin. Eta horixe egin dut hainbat urtez. Nik beti esaten dut: irakaskuntza eta pailazotza oso lotuta daude: hamazazpi urteko neska--mutiko batzuei ordubetez integralak irakatsi behar badiezu, hor bai izan behar duzula pailazo, eta azpian sarerik gabe gainera! Hogei bat urtez ikasketa burua izan naiz, buruhandia naizenez...

- Beraz, Larramendi ikastetxean ia bizi guztia.

- Soldaduskatik etorri eta urte bat beste ikastetxe batean egin nuen, Usurbilen. Huarte de San Juan zuen izena eta itxi zen; superdotaduen-tzat zen. Larramendin irakasle-talde zoragarria zegoen: Pablo Areso, Inaxio Altuna, Antxon Garro...

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos