Abenduaren 6an badago zer ospatua

Besteak beste, behar zen bisitari pila eta euskarazko wikipediaren 10. urteurrena

NEREA AZURMENDIDURANGO.
Irudienea. Autobus hau zinema areto bilakatu dute./
Irudienea. Autobus hau zinema areto bilakatu dute.

Auto-ilara autobideko ordainlekuan eta jende pilaketa Landakoko kaleetan. Biak ere egoera deserosoak baina, hasierako egun motelen ondoren -bereziki motela astelehena, serio kezkatzen hasita zeuden zenbaiten hitzetan- erakusle/saltzaile/antolatzaileek espero zituzten seinaleak. Beraz, abenduaren 6a jaiegun ofizial bilakatu duen ospakizunak asko motibatzen ez duenak ere izan zuen atzo zer ospatua Durangon: lehenik eta behin, bisitariek ez dute desertatu, nahiz eta Azokako zuzendari Jon Irazabalek elkarrizketa batean aitortu «lehen bi liburu erosten zituztenek orain bat» erosten dutela.

Ospakizunetarako bigarren arrazoia, euskarazko wikipediaren 10. urteurrena. Lanean ospatu zen, urtebetetzearen haritik edizio-maratoia antolatu baitzuten K@abia teknologia berriei emandako aretoan UEUk eta Gerediaga Elkarteak, Euskal Wikipediarekin eta IXA taldearekin batera.

Bi maratoi egunean zehar

«Artikuluak hobetzen ausartu zaitez!». Egun baterako edizio-gela bilakatutako aretora sartu zirenek 'argibide liburuxka' moduko bat aurkitu zuten mahai gainean eta, liburuxkaren atzealdean, esaldi hori gonbidapen gisara. Erdian, wikipediako testuetan esku hartzeko jarraibideak; hots, wiki-kodean idazteko gakoak. Durangoko Azokaren web gunean ere aurki daitezke pista horiek, baina atzo maratoira bildu zirenek -kasu askotan ordenagailua besapean zutela-, Unai Fernandez de Betoño wikilari eta EHUko irakaslearengandik eta beste tutore batzuengandik jaso zituzten oinarrizko aholkuak.

Wikipediaren aurkezpen orokorrean, orain arte publizitaterik gabe agoantatu duen proiektuak pairatzen duen egoera ekonomiko zaila ekarri zuen gogora wikilari euskaldunak, sareko entziklopedia erabiliena zabaltzen den bakoitzean horren sortzaile Jimmy Walesek eta beste eduki hornitzaile askok egiten duten bezala. Atzo, ordea, lana eskatzen zen, ez dirua: euskarak wikipedian duen presentzia kantitatean eta kalitatean hobetzeko laguntza.

Edizio maratoia aurrera zihoan bitartean, wikipediaren estatitistiken atalean ikus zitekeen 106.698 artikulu zituela une hartan euskarazkoak, kopuru polita hizkuntzaren 'tamaina' aintzat hartuz gero. Fernandez de Betoñok, wikipedia borondatezko lanean oinarritzen dela gogoratzeaz gain, azpimarratu zuen ez zaiola beldurrik izan behar ekimenera biltzeari. Atzo argi gelditu zen moduan, artikuluak sortzea edo hobetzea ez da konplikatua, eta ez da pentsatu behar jakintsuei erreserbatutako egitekoa denik; «guztiok dakigu asko zerbaiti buruz», hain zuzen.

Landakon wikipedian aritzea baino zailagoa zen metro batzuk aurrera (edo atzera) egitea, are zailagoa barrualdean idazle eta musikari ezagunak zituzten standen parean. Hala eta guztiz ere, bat gutxi izan eta bi maratoi korritu ziren atzo Durangon: wikipediarena eta euskarazko zinearena.

Gerediakak Topagunearen lankidetzarekin egokitu duen Irudienea gune berrian, lau euskarazko pelikula proiektatu ziren etenik gabe, eguerdiko 12:00etatik iluntzeko 20:00ak arte. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako ekimen honen baitan emandako filmak haur eta gazteei zuzendutakoak dira, eta azken hilabeteetan estreinatu dira euskaraz bikoiztuak, atzo eman ziren bezala. Ekimenaren alderdi berezienetakoa aretoa bera da: pantaila erraldoi bat eta 50 lagunentzako lekua duen autobus dotore eta moderno bat.

Teknologia berrien eragina

Badira, noski, propio teknologia berrien alorrean dabiltzan enpresa eta elkarteen erakustokiak, baita euskarri konbentzionalei uko egin gabe berrietarako bidean daudenek jarritakoak ere. Argitalpen elektroniko dezente dago, ebook edo CD-Rom formatuan, eta jokoak ere badaude, irakaskuntzaren inguruko elkarte eta erakundeek nahiz enpresa pribatuek argitaratuak. Besteak, beste, Txapelgamesek aurkeztu dituen 18 bideojokoak, horietako hiru berriak.

Bidejokoen inguruko tailerra ere izan zen atzo, Haur Literatura Aretoan. Gurasoak eta seme-alabak aisialdi digitalean trebatzeko tailerra egin zen hain zuzen, Arteleku-Tabakalerak azaroaren 24an Donostian martxan jarri zuen 'Jolasean' proiektuaren luzapen gisa. Oraingoz, dena den, urria da neska-mutikoek euskarri berrietan duten euskarazko eskaintza eta, zorionez, ez dute erakarpen gaitasunik galdu hezur-haragizko sortzaileek. Ikustea besterik ez Elkarren Pako Aristik eta Mariasun Landak sinatu zituzten liburu mordoa, Ereinen Toti Martínez Lezeak zeukan ilara luzea eta Pirritxek eta Porrotxek, Bonbereneako banda lagun, egin zuten sarrera triunfala.

Teknologia berrien eragina beste gauza askotan ere nabari da: Euskaltzaindiak aurreneko aldiz CD-an atera du argitalpen bat, paperezko bertsiorik gabe, 'Pirineoetako hizkuntzak: lehena eta oraina'; Elkarrek eta Txalapartak QR kode lagungarriak jarri dituzte standetan, eta erakustoki batean irakur zitekeen bazegoela kreditu txartelaz ordaintzerik. Teknologia berria Durangon.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos