Bederatzi ikastaro antolatu ditu UEUk Markeskuan udazkenerako

Informatika, osasuna eta gizarte-gaiak tartekatu dituzte eskaintzan

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.
Markeskua. Mari Karmen Menika eta Ane Sarasua atzoko ekitaldian. ::
                             FÉLIX MORQUECHO/
Markeskua. Mari Karmen Menika eta Ane Sarasua atzoko ekitaldian. :: FÉLIX MORQUECHO

Hogei gradu baino gehiagorekin ez dirudi udazkena ailegatu denik. Baina egutegiari jarraituz, Udako Euskal Unibertsitateak atzo aurkeztu zituen bere udazkeneko ikastaroak. Badira sei urte, urtean zeharreko heziketari ekin ziotela eta aurten 9 ikastaro egongo dira Eibarren. Baiona eta Iruñan emango direnekin batera, guztira 25 kurtso jorratuko dira gai irekienetatik espezializatuenetara.

Markeskua Jauregian UEUko kudeatzaile nagusia den Ane Sarasua eta ikastetxe nagusiko arduradun Mari Karmen Menika egon ziren, batez ere Eibarren ospatuko diren ikastaroak aurkezteko. Etengabeko prestakuntza, maila handikoa eta euskaraz. Horiexek dira saio hauen ezaugarriak eta horrek ikasleen fidelizazioa lortu du azken urteetan.

Informatika eta teknologia berriko atalean hiru ikastaro eskainiko dira. Moodle 2.0 irakasleei zuzenduta dago eta Geogebraren erabilpenak matematikekin du lotura. «Bi hauek on-line izango dira, bigarrenak saio presentzialik gabe. Beraz, munduko edozein lekutik egiteko aukera dago», aipatu zuen Menikak. Bestalde, 'Teknologia berriak eta intimitatea' internet eta gure datu pribatuei buruzko ikastaroa da, hain modan dauden sare sozialak medio.

Atalik handiena giza eta gizarte gaiena da. Bertan bost ikastaro antolatu dira datorren hilabeteetarako. Hiperaktibitatea duten umeak nola emateko estrategiak jorratuko dira batean. Beste bi ikastaroetan aurreko ezagutzak behar dira. Bata komunikazio eraginkorrari buruz da, bigarren modulua, eta lehenengoa egina izatea eskatzen da. Bestea argazkigintza dokumentalari buruz da eta gaiari buruz oinarizko ezagutza beharrezkoa da. Atal honetako beste bi ikastaroak interes orokorreko gaienak dira. Gaur egungo historia, alde batetik, eta tantra, bestetik. «Azken hau behin baino gehiagotan jorratu da ikastaro laburretan baina orain hilean behin izango da, larunbat goizetan».

Bizitzaren zientziak esparruaren barruan beste ikastaro bat antolatu da, 'Gaixotasun konplexuen genetika'. Bertan parte hartzeko aurretik gaia ezagutu behar da. Ikastaroa bizi-zientzietan (Biologia, Biokimika, Medikuntza...) gradua dutenei edo azken kurtsoetako ikasleei zuzenduta dago, eta genetikaren oinarrizko ezagutza izatea komenigarria da.

Ikaslearen profila

Aurten ere, ikastaroak ikasleen profilari egokitu dira: adina 30 urtetik 45era bitartekoa da, ikasketa unibertsitarioak ditu, lanean dihardu eta emakumea da. Azken sei urtetan udazken eta eguberriko ikastaroek gora egin dute eta Eibarko kasuan, inguruko ikasleak nabarmentzen ari dira. Aurreko deialdian 58,5% gipuzkoarrak ziren, horietatik 42,5% Debabarrenakoak eta 15% eibartarrak. Ikastaroak, trebetasun berriak lortzeko erabiltzen dira edo gai zehatz batean espezializatzeko.

Fotos

Vídeos