Kontxako kontuak

Aurten ere ezingo da algarik bildu / Hor jarraitzen dute, uraren azpian, aspaldiko bi itsasontzi, urpekarientzat ikusgarri / Koldo Izagirrek aspaldi esana: idazle baten asmazioa ematen du ‘La Concha’ deitura horrek

FELIX IBARGUTXI

Lehengo igandean, traineruz eta bestelako itsasontziz guztiz bete zen Kontxako badia. Harrezkero hustu ederra hartu du, baina azalez bakarrik. Uretan eta ur azpian gauza asko daude. Hasteko, bi pezio: aspaldiko bi itsasontzi. Batari Erlojuetako pezioa deitu izan zio, Kontxako pasealekuko erloju horien parean dagoelako. Aurten bertan makina bat igerilari ibiliko zen haren gainean. Sei-zortzi metroko sakoneran kokatua dago (marea nola dagoen), eta hareazko hondotik azaleratua egon ohi da, urpekariek ikusteko moduan. Ur haiek sakonak ez direnez, pentsatu izan da hondoratu zenean masta uretatik kanpo geratuko zela, eta berriro aprobetxatuko zutela. Ur azpian behintzat ez da ageri. Alga biltzen-eta ibili ohi diren ontziek hondatu ez dezaten, orain hamar bat urte harri pila batzuk ipini zitzaizkion gainean. Hamazazpi bat metroko ontzia izan behar zuen, eta XV. edo XVI. mendean egina. Beste pezioa Aquariumetik gertu dago. Itsasbehera dagoenean, hamabi metroko sakoneran, hantxe dugu pausaturik. Zumitzen eta zorrozteko harrien pezioa izenez ezagutzen dute zientzialariek. Hamabi metrokoa izan liteke eta XVIII. mendekoa. Burdinoletako burdina-zatiak (zumitzak; gaztelaniaz esanda, flejes) zeramatzan ontzi hark. Egia esateko, gaur egun zama baino ez dute ikusten urpekariek. Itsasontziaren beraren arrastoak desagertu egin dira, seguru asko itsas hgaduragatik eta organismo egur-jaleengatik.

Aurten ere algarik bildu gabe

Bost-sei urte badira Kontxan ez dela algarik biltzen. Irail bukaera aldera izan ohi zen Gelidium sesquipedale motako alga-bilketa. Baina jadanik ez da egiten, alga hori beste batekin nahasturik agertzen delako, Centrocera delakoarekin. «Orain dela sei urte, hamar-hamaika bapore ibili ziren lan horretan Donostia eta inguruetan. Oso jarduera interesgarria zen: algak prezio ona egiten zuen (berdela adina ordaintzen zuten) eta etxetik gertu zegoen. Pentsa, bapore txikiak ez ezik, hegaluzetan ibiltzen ziren ontzi batzuk ere jardun ziren urte batzuetan», esan dit Iñaki Arbidek, Donostiako Kofradiako idazkariak. Kontxako bainulariek ederki ezagutzen dute Gelidium sesquipedale-a. Arrokei itsatsita hazten da; eta orain, iraileko olatu biziek askatuta, hondartzan pilatzen da. Gorri iluna du kolorea eta, eskuetan hartuz gero, lakarra da. Estimazio handia dauka, agar-agar izeneko gelatina egiteko erabiltzen baita. Baina orain dela sei bat urte urrutiko beste alga-mota bat Centrocera izenekoa agertu zen Kontxara, eta gainera Ondarreta aldea da Kantauri aldean ugarien dagoen tokia. Hau ere gorrizta da, baina mamitsuagoa, ezkoagoa, urtsuagoa.

Orain dela bost urte alga berriari buruzko ikerketa egin zuen Azti-Tecnaliako German Rodriguezek. Orduan adierazi zuenez, berez Peru aldekoa da, baina seguru asko itsasontziren baten bidez honaino ere azaldu da. Kantauri aldean ura oso hotza egoten ez denez, ederki egokitu da. Berarengana jo dut. «Egoera ez da aldatu, aurten ere olatuak hasi dira alga hori arroketatik askatzen, eta hondartzetara Gelidium-arekin nahastuta iristen ari da», esan dit.

Kabuxa, oso arrain donostiarra

Eta zein arrain-mota daude Kontxan? Urpekaria da Oscar Mayor, Donostiako Ibaetan denda dauka eta ikastaroak antolatzen ditu urtero. Berarengana jo dut. «Badian bi ekosistema oso ezberdinak daude. Aquarium eta Santa Klara bitarteko kanala hareazkoa da; Haizearen Orrazia eta Santa Klara bitartekoa, arrokazkoa, eta oso sakontasun gutxiko parajea, gainera. Area eta arroka egonda, arrain asko dabiltza: batez ere, mihi-arrain txikiak, xabiroiak, kabuxak, txipiroiak, txokoak...». Kabuxa oso arrain donostiarra dugu. Moila aldean kanaberarekin ari direnek maiz harrapatzen dituzte familia horretako aleak. Itsusiak, likatsuak, ezkatarik gabeak, jateko balio ez dutenak... Baina, aizue: horixe aukeratu zuten toki enblematiko bat bataiatzeko: La Kabutzia.

La Concha izena: asmazioa?

Gogoratu naiz Koldo Izagirrek, bere Euskararen Historia txikia Donostian (1998) liburu mamitsuan, badiaren izenaren inguruan ere jardun zuela. Merezi du hona aldatzea: «Oso apelazio eder-gurakoa da, nola esango nuke... kurtsi ere bada, bai, idazle baten lana ematen du gehiago, herriarena baino. Polita izango litzateke aztertzea noiz aipatzen den lehenengoz La Concha hizkera arruntean, hau da, artikulu barruko testuetan edo albiste orokorretan, ez planoetan eta mapa zaharretan. Hondartza promozionatu nahi zuen norbaiten asmazioa delakoan nago. Egingo nuke asmatzaile hori erdalduna izan zela, udatiar bat seguruenik».

fibargutxi@diariovasco.com

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos