Gaixo psikikoentzat eta euren senitartekoentzat Altzibarko babes ofizialeko 4 etxebizitza

EGARRIZOIARTZUN.
Irekeira. Udako igerilekua larunbatean irekiko da. ::
                             EGARRIZ/
Irekeira. Udako igerilekua larunbatean irekiko da. :: EGARRIZ

Arraztalo elkarteak Altzibarren eraikiko diren babes ofizialeko etxeetan Oiartzungo gaixo psikikoentzat etxebizitzak gordetzea eskatu zuen eta Oiartzungo Udalaren maiatzaren 18ko plenoan elkarte honek aurkeztutako alegazioak onartu egin ziren. Laburbilduz, ondoko aldaketak onartu dira: Lau (4) etxebizita gordeko dira gaixo psikikoentzat eta hauekin bizi diren familientzat, beti ere egoera hau aitortua badago; 2009 urtean zehar izandako irabaziak 3.000 eurora jaisten dira, (normalean 9.000 eta 30.000 euro artean daude irabaziak); eskaria lau etxebizitzara iritsiko ez balitz, soberan daudenak kupo orokorrera pasako lirateke eta eskariak 4 baino gehiago baldin badira, lortzen ez duten gaixo psikikoak zozketa orrokorrean sartuko dira.

Informazio gehiago edukitzeko: Udal Etxebizitza Bulegoa - Ordutegia: 10:00 13:00 / 16:00-19:00 (astelehenetik ostiralera) - Tfnoa: 943491000.

Okobi proiektua

Bestalde, baratza ekologikoa bultzatuz, gaixo psikikoak diren bi pertsona eta arduradun batek baratza batzuetan lan egin dute, Oiartzungo 20 bizilagunek osatzen duten kontsumo taldearentzat barazki ekologikoak ekoizten.

Orain Petra Lekuona egoitzaren ondoan dagoen 4000 m2-ko beste baratza bat lortu dute, 10 urtetarako Oiartzuar batek utzita eta, ondorioz, 10 pertsona gehiago daude kontsumo taldean. Irailerako taldeak 40 partaide izatea espero du eta beste bi gaixo psikiko jarri dira lanean proiektuan.

Astelehenero arratsaldeko 18:00tan barazki-kaxak banatzen dituzte Killirikupen kontsumo taldeko partaideen artean. Kaxa kopurua igo egin denez, furgonetan ez dira sartzen eta atoi edo erremolke bat behar omen dute lana erraz egiteko. Oiartzuarren batek erabiltzen ez duen baten bat balu, uztea eskertuko lukete, oraingoz ezin baitute berririk erosi.

Udaletxearekin behin-behinean lursail batzuek uztea adostu da (guztira 12000 m2 inguru) eta bertan 200 sagarrondo inguru landatu dira Oiartzungo ohiko sistema erabiliz sagardoa ekoizteko. Lau urteren buruan, 'Arraztalo' sagardo marka edukitzea espero dute.

Eskerrak

Oiartzungo udalbatza aldatzeko garaia iritsi den honetan, ondorengo pertsonei egin duten lana onartu eta eskertzea merezi dutela uste dute: Aitor Etxeberria Oiartzungo Alkateari; Enrike Lekuona Hirigintza zinegotziari; Arantza Arrese Gizarte-Ongizate zinegotziari; eta, orohar, Oiartzungo gaixo psikikoen gizarte eta lan integrazioan lagundu duten pertsona guztiei eta batez ere gizarte-gaien udaleko langilei.

Igerilekuen irekiera

Udako igerilekua larunbatean, hilaren 11n, 11:00etan, irekiko da. Denboraldia irailaren 11n bukatuko da. Ekainean, abuztuan eta irailean, igerilekuaren ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da eta uztailean ordubete lehenago ireki eta ordubete beranduago itxiko da (10:00etatik 21:00etara).

Elorsoro kiroldegiko bazkideek sarrera libre dute igerilekuan. Gainerakoak, eguneko sarrera ordaindu beharko dute: 6,20 euro 16 urtez gorakoek; 3,10 euro 5 eta 16 urte artekoek eta bost urtez beherako haurrek ez dute sarrera ordaindu beharrik izango heldu batekin badoaz.

Hala ere, hilabeteko edo denboraldiko bonoa ateratzeko aukera ere eskaintzen du udako igerilekuak: familiarra 78,90 edo 157,80 eurotan; banakako helduena 47,40 edo 94,80 eurotan; eta gazteena, 29,40 edo 58,80 euroren truke.