12,5 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak euskara sustatzeko proiektuetara

Kopuruak zertxobait behera egin badu ere, «oso zenbaki baikorrak» direla esan zuen Auzmendi sailburuordeak. Partida nagusia, 5,4 milioi eurokoa, euskarazko hedabideei zuzendutakoa da

N. A.DONOSTIA.

Euskararen sustapenarekin zerikusia duten egitasmo eta erakundeen artean 12.636.000 euro banatuko ditu aurten laguntzatan Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez. Lurdes Auzmendi sailburuordeak aurkeztu zituen atzo Gasteizen diru-laguntza horiei dagozkien deialdiak, bere taldeko kide Bego Muruaga, Ivan Igartua eta Patxi Martínez de Marigortarekin batera. Gobernu Kontseiluak apirilaren 19an onartu zituen deialdiak azken asteotan joan dira argitaratzen Aldizkari Ofizialean eta, horrenbestez, zabalik da laguntzak eskatzeko epea. Atzo Lurdes Auzmendik agindu zuen datorren urtean lehenago egingo dela deialdia, onuradunek laguntzak lehenago jaso ditzaten.

2010eko aurrekontuarekin alderatuz laguntzen kopurua %2,7 murriztu bada ere, Auzmendi sailburuordeak esan zuen «sekulako ahalegina» eguin dutela diru-laguntzei eusteko eta «egungo koiuntura kontuan hartuta, oso zenbaki baikorrak» direla. Azpimarratu zuen, halaber, aldaketak datozela aurrera begira: «Garai berrietara egokitzen jakin behar du euskarak eta zentzu honetan gaur aurreratu nahi dut hurrengo urteko aurrekontuen diseinuan jada lanean ari garela. Aldaketak datoz, aurten hasitako norabide honetan jarraituko dugu lanean. Gizarteari entzun egin behar zaio, eta euskal eragileekin hainbat bilera egin ondoren, ondorio garbi bat atera dugu: etorkizuna sarean eta informazio eta komunikazio teknologietan dagoela. Beraz, gure diru-laguntzak ere errealitate horren ispilu izango dira». Horrekin batera, diru-laguntzen ebaluaketa egiten ari dira, «praktika onak ezagutu eta aurrerantzean proiektuen eraginkortasunik ahalik eta handiena bilatzeko helburuarekin».

Bost alor

Aurtengo laguntzak lehendik finkatutako bidea jarraitzen dutenez, ohiko bost alorretan banatuko dira: euskalgintza, hedabideak, LanHitz programa, Informazio eta Komunikazio Teknologiak eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia delakoa (EBPN), batik bat udal eta beste toki entitate batzuei zuzendua. Euskalgintzaren alorrera bideratutako 1.280.000 euroak euskararen erabilera soziala sustatzeko ekimenak antolatzen dituzten erakunde pribatuen artean banatuko dira. Aurten, nobedade bezala, lankidetza saritu eta lehenetsiko da, lankidetzan aurkeztutako proiektuek 10 puntuko hobaria izango dutelarik.

Partida nagusia, hala ere, hedabideei zuzendutakoa da, ia bost milioi eta erdi eurokoa. Mota guztietako hedabideak sartzen dira deialdi horretan: euskara hutsezko egunkaria eta aldizkariak, irratiak, telebistak, sareko hedabideak... Euskara hutsezko hedabideek ez ezik, nagusiki gaztelania erabili arren euskarazko gehigarriak dituztenek ere badute atal propioa deialdi honetan. Kopuruari dagokionez, bigarren partida handiena lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko sortu zen LanHitz deialdiarena da, 2,4 banatuko baitira euskara planak diseinatzeko eta garatzeko. Bikain kalitate ziurtagiria eskuratu duten entitateek, gainera, abantailak izango dituzte deialdi honetan. Informazio eta Komunikazio Teknologietara 1,5 milioiko laguntzak bideratuko dira, aurreko urteetako bost multzoak bira murriztuz: bata euskarazko atari edo webguneak eta interneterako eduki berriak laguntzeko, eta bestea, sofwarea euskaratzeko edota euskarara lokalizatzeko egitasmoentzat. EBPNrako, berriz, 1,8 milioi euroko partida aurreikusi da.