Orduko eta gaurko zenbait gazte ausart

AEKren sorrera babestu zuen Euskaltzaindia omenduko du ostiralean Korrikak 17k

NEREA AZURMENDIDONOSTIA.
Atzean, MU-ko Aitor Zuberogoitia eta Idoia Peñacoba; Korrika 17ren arduradun Edurne Brouard eta dokumentalaren osaketan parte hartu duten Iker Ugaldea eta Ekaitz Herrera. Aurrean, Andres Iñigo euskaltzaina, Alexander Silva eta AEKren koordinatzaile nagusia, Mertxe Mugika. ::                             USOZ/
Atzean, MU-ko Aitor Zuberogoitia eta Idoia Peñacoba; Korrika 17ren arduradun Edurne Brouard eta dokumentalaren osaketan parte hartu duten Iker Ugaldea eta Ekaitz Herrera. Aurrean, Andres Iñigo euskaltzaina, Alexander Silva eta AEKren koordinatzaile nagusia, Mertxe Mugika. :: USOZ

Alabaz erditu den amak alaba hori sekula ahaztuko ez duen bezala, nekez ahantziko du alabak ama. Euskaltzaindiaren eta AEK-ren arteko lotura estua ederki islatzen duen irudi hori baliatu zuen atzo Korrika 17ko arduradun Edurne Brouardek, aurten euskararen aldeko lasterketa herrikoak euskararen Akademia omentzeko izan dituen arrazoiak azaltzeko orduan. Omenaldia datorren ostiralean gauzatuko da, Donostiako Kursaal aretoan, 'Zenbait gazte ausart' ordubeteko dokumentalaren estreinaldia ardatz duela.

Donostian bertan bildu ziren, omenaldiaren nondik norako nagusiak aurkezteko, Euskaltzaindiaren Jagon saileko buru Andres Iñigo; AEK-ren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika; Korrika 17ko arduradun Edurne Brouard eta, karrera amaierako proiektu gisara, dokumentala egin duten Alexander Silva, Ekaitz Herrera eta Iker Ugalde gaurko gazte ausartak. Hirurak Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira, Ikus-entzunezko komunikazioaren alorrean. Jendaurrean aste honetan aurkeztuko den eta Korrikak irauten duen bitartean herriz herri erakutsiko den filmaren aurkezpenean, proiektuaren gidarietako bat izan den Aitor Zuberogoitia eta MU-ko idazkari nagusi Idoia Peñacoba izan zituzten lagun.

Fikzioa eta testigantzak

17. Korrikak AEK-ren jatorritzat jo daitekeen Euskaltzaindia omenduko zuela deliberatu ostean, ikus-entzunezkoa nagusitu zitzaien beste euskarri posible batzuei omenezko adierazpena nola gauzatu finkatzerakoan. Ardura Mondragon Unibertsitateko hiru ikasleren gain uztea izan zen hurrengo erabakia, eta horiek pentsatu zuten fikziozko egoera batetik abiatuta (lan akademiko bat egin behar duen ikasle baten ikerketa), Olaia Juaristi ikaslea eta Maite Goñi irakaslea aktore lanetan jarrita, eta argumentu horretan 30 bat testigantza txertatuta konta zitekeela ondoen Euskaltzaindiaren, euskara batuaren eta euskalduntze-alfabetatzearen historia.

Tamalez, iragan mendeko 60ko hamarkada miresgarrian Euskaltzaindiaren susperraldian eta AEK-ren sorreran zuzen-zuzenean eragin zuten zenbaitek ezin izango dute omenaldia jaso. Rikardo Arregik, esaterako, beraxek adore bereziz bultzatu zuen AEK-ren sorrera bera ere ez zuen ikusi, hori baino 10 urte lehenago hil baitzen 1969an, auto istripuz, 27 urte zituela. Errepidean zendu zen halaber -2009ko azaroan, 62 urte zituela-, atzokoan denek gogoan izan zuten Juanjo Zearreta AEK-ren sortzaileetakoa, euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko kudeatzailea.

Kursaaleko oholtzara oroigarri bana jasotzera igoko diren euskaltzain osoen artean badira, haatik, garai haietan gazte ausart izanik, ordukoak oso gogoan dituztenak. Dokumentalean badute hitza, esate baterako eta beste askoren artean, alfabetatze-euskalduntze mugimendua Euskaltzaindiaren baitan gauzatzen hasi zeneko memoria zuzen-zuzena duten Jean Haritschelhar eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek, zein euskalduntzearen eta alfabetatzearen aurreneko urteetan sekulako lana egin zuen Dionisio Amundarain urgazleak.

Arregiren proposamena

Datorren urtean marka berezia gaindituko du 1989tik 2004ra euskaltzainburu izandako Jean Haritschelharrek: 2012an 50 urte beteko dira euskaltzain oso izendatu zutenetik. Aurretik euskaltzain bakar batek ospatu ditu urrezko ezteiak Euskaltzaindian, Federiko Krutwigek. Hartara, Euskaltzaindiaren azken mende erdiaren memoria ere bada maiatzean 88 urte beteko dituen Baigorriko euskaltzaina. Euskaltzaindian, aitortzen du, ezustean sartu zen ikerlari eta unibertsitateko irakasle gazte zelarik, zuzenean euskaltzain oso izendatu baitzuten, euskaltzain urgazle izan gabe eta Euskaltzaindiarekin aurretiako harreman oso gutxi izanda. «1962ko uztaila bukatzen ari zelarik etorri zitzaidan Pierre Lafitte. eta esan zidan erabaki berri zutela ni Euskaltzaindian sartzea, Iratzederrekin batera. Nik esan nion ez nuela ia ezer egina euskarari buruz, eta berak erantzun zidan, irriño batez, 'baina eginen duzu...'».

Ondotxo zekien alegia Lafittek mugimendu handiko urteak zetozkiola Euskaltzaindiari, eta etapa berriari aurre egiteko gazte ausart, ekintzaile eta ondo prestatuak behar zituela erakundeak. Haritschelharrek ere oso gogoan ditu garai haiek: euskararen batasuna abian jarri zuten Baionako eta Arantzazuko bilkurak; batzordeen sorreraren bitartez, Euskaltzaindiaren lan egiteko modua seko aldatu zuten molde berriak; alfabetatzearen eta euskalduntzearen aldeko mugimenduaren lehen urratsak... «Esango nuke urte haietan belaunaldi berri bateko kideak sartu ginela Euskaltzaindian: Satrustegi, Larzabal, Irigoien, San Martin, ni neu... Harroaldi ederra eman genion, bai!», dio. Joanak diren horiekin guztiekin batera, «biziki gaztea izanagatik jadanik euskaltzain urgazlea zen Rikardo Arregi» gogoratzen zaio euskaltzainburu ohiari, eta hark 1966ko urtarrilean idatzi zuen gutuna, alfabetatze taldeak sortzea proposatuz. Handik sortu ziren, Euskaltzaindiaren babesean, gau-eskolak lehenik eta 1979.ean, Jagon sailaren baitan, luze gabe bere kabuzko bidea hartuko zuen AEK. Haritschelharrek gogora dakarren moduan, «beste horrenbeste gertatu zen, adibidez, bertsolari txapelketekin. Euskaltzaindiak berak antolatu zituen jarduteko modurik egokiena hura zenean. Euskaltzaindiak babes eta itzal handia eskaintzen zuen urte haietan, baina unea heldu zenean ulertu eta onartu genuen zenbait ekimenek behar zutela bide propioa egin».

Haritschelharren erreleboa hartu zuen Andres Urrutiaren ustez, AEK-k Euskaltzaindiari eskainiko dion omenaldia, neurri batean, erakunde bien heldutasunaren froga da. «Euskaltzaindiak eta AEK-k elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da euskararentzat», dio. Andres Iñigo Jagon saileko buruak ere hori azpimarratu zuen esatean «Euskaltzaindia eta AEK modu osagarrian ari gara helburu berberaren atzetik, bakoitza bere eremuan baina lanean elkartuak». Eta, itxuraz, bien asmoa da ostiraleko omenaldia ez izatea ekitaldi nostalgikoa, «lanean estuago segitzeko» pizgarria baizik.