Juan San Martin bekaren hamargarren edizioa mendizaletasuna du ikerketa esparru

F.M.EIBAR.
Aurkezpena. Karmele Artetxe, María José Telleria eta Oier San Martin atzo. ::
                             FÉLIX MORQUECHO/
Aurkezpena. Karmele Artetxe, María José Telleria eta Oier San Martin atzo. :: FÉLIX MORQUECHO

Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duten Juan San Martin bekaren hamargarren edizioa aurkeztu zen atzo. 2009an bi urtean behin deialdia egitea erabaki zen eta aurtengoa mendizaletasuna izango da ikerketa esparrua. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 1ean irekiko da eta irabazleak 9.000 euro lortuko ditu bere lana egiteko.

Juan San Martin bekak, alde batetik eibartar honen izena omendu nahi du eta beste aldetik, euskaraz egindako ikerketa bultzatzea. Horretarako deialdi bakoitzean Juan San Martinek jorratu zituen esparruetatik bat aukeratzen da. «Aurtengoa, mendizaletasuna, oso gai zabala da, inguruan zaletu asko daude eta horregatik parte hartze handia egotea espero dugu» esan zuen María José Telleria Euskara zinegotziak.

UEUren izenean bere zuzendaria, Karmele Artetxek bekaren garrantzia aipatu zuen. «Ez da lehiaketa bat, beka bat baizik. Honek lan egitea ahalbideratzen du, eta ez da erraza ikerketa bat euskaraz egiteko plaza bat lortzea». Familiaren partez, Oier San Martin eskerrak eman zituen beka antolatzen den moduan antolatzeagatik eta aurreko edizioetan egindako lanak goraipatu zituen. «Goi mailako izenak izan ditugu eta baita karrera bukatu eta ikerketa egiten hasi direnak ere».

Urte eta erdiko lana

Bekaren oinarrietan badago berrikuntzarik. Ikerketa egiteko epea 18 hilabetekoa izango da, eta ez urtebetekoa. «Ikerlari gehienek luzapena eskatu dute beraien lana egiteko, denak bat ezik. Horregatik, epe hau hasieratik luzatzea aukeratu genuen» zion Telleriak. 2009an aukeratutako ikerketa adibidez azken fasean dago, Javier Muñozek Gerraosteko Euskal Herriaren eraikitzea eta Eibarko berreraikuntzari buruzko lana prestatzen ari da.

Juan San Martin beka lortzeko pertsona edo taldeak aurkeztu daitezke. Eskabide-orria Udaletxeko Pegora bulegoan lortzeko aukera dago edo www.eibar.net webgunetik eskuratu. Curriculumarekin batera aukeratutako gaiaren azalpen bat aurkeztu behar da, 15 orrialdekoa gehienez. Ikerketa proiektu hauek aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 11ra irekita egongo da, Pegora bulegoan. Aurkezpena aurretik antolatu zen atzo hilabete hauetan oinarriak zabaldu daitezen eta ikerlariek beraien proiektuak prestatzeko astia izan dezaten. Aurkezten direnen artean, batzorde batek beka jasoko duen ikerketa lana aukeratuko du.

Fotos

Vídeos