Berdintasunaren defentsan

Matxismoa landare sendoa da, eta kontra egin behar diogu

ARANTZA URRETABIZKAIA

Era guztietako feminismoek zabalkunde handia lortu zuten hogeigarren mendean eta, era berean, izenak zapore txarra du, mikatza, garratza, zoko usaina dario. Esan dezakegu joan den mendearen azken laurdenean feminismoaren aurkako kanpaina bultzatu zutenek ondorio gazi-gozoa lortu dutela.

Gaur feminismo hitzari uko egiten dion pertsona asko, feminista baita. Zeren, zein da feminista? Dudarik gabe, gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna defenditzen duen pertsona, bereizkeriari aurka egiten diona. Eta ez bakarrik diskriminazioa berari egiten zaionean.

Orduan, zergatik berdintasunaren alde eta bereizkeriaren kontra dagoen pertsonak ez du feminista denik onartu nahi? Agian norbaitek sartu diolako burmuinaren barruan feministak gizonak menperatu nahi dituzten emakumeak direla, amorruz beteak, kalaka-emaileak eta gainera, itsusiak, bibotedunak eta mari-mutilak.

Goiko lore zerrenda hori gutxienekoa da, askoz zabalagoa izan daiteke eta da, sarritan. Baina bertsio laburrean edo zabalean, iraingarria da eta inork ez du bere bizkarrean irainen zama eraman nahi. Hortik datoz ukazioak, hortik eta ezjakintasunetik, ez bada borondate gaiztotik eta kutsadura ideologikotik.

Guztiok dakigu matxismoa zer den, guztiok nabarmentzen ditugu ideologia gaizto eta zabaldu horren azalpen garbiak, gehienok ezagutzen ditugu erabiltzen dituen mozorroak. Akaso ez dakiguna landare horren sendotasuna da, agian ez dakigu hari kontra egiten ez badiogu behin eta berriro loratuko zaigula barruan.

Jakin ere badakigu gutxik duela gure artean bere burua matxistatzat, matxistarik setatsuenak ere esango duela bera ez dela matxista. Ez da aurrerapauso txikia, ez behintzat garrantzia aurrerabide horrek eskatu duen lanaren arabera neurtzen badugu.

Lan horretan hartu du eta hartzen du parte feminista hitza ukatzen duen askok, gizon asko barne. Hori ere azpimarratu behar den zerbait baita, gizonezko askok egiten diola uko matxismoari eta ez bakarrik santuak direlako. Santutasuna ez dago guztion esku, baina gizon askok ulertu du berari ere komeni zaiola gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna, hobeto bizi dela luzaroan bizkarrean eraman duen zama beldurgarria gainetik kendu ondoren, nahiago duelako aldamenean kide bat menpeko bat baino.

Bihar martxoaren zortzia da, emakumeon eguna. Badugu zer ospatu, zer eskertu eta zer aldarrikatu.