«Zuzen nabigatu nahi baduzu, izar baterantz finkatu norabidea»

Pello Otxoteko Olerkaria. Loreena McKennit kantaria entzunez idazten ditu olerkiak eta «irakurlearengan zer edo zer mugiaraztea» du helburu

FELIX IBARGUTXI
Pello Otxoteko, Donostiako kafetegi batean. ::
                             NAGORE IRAOLA/
Pello Otxoteko, Donostiako kafetegi batean. :: NAGORE IRAOLA

Aste honetan, Koldo Mitxelena Kulturunean, bere olerki batzuk irakurri ditu Pello Otxotekok (Irun, 1970). Iaz publikatutako 'Anphora baita'-ko olerkiak, hain zuzen ere. Aspaldiko poeta da Otxoteko, 1999an plazaratu zuen aurreneko liburua, 'Haraindiko begiradaren bila' zeritzana. Baina ez da letretatik bizi: biokimika irakasten die Irungo Plaiaundi ikastetxean laborategiko teknikari izateko ikasten ari diren gaztetxoei.

- Zu bezalako poeta batek nola egiten du poesia?

- Mekanismoak bi etatara funtzionatzen du. Batzuetan intuizioa etortzen zait (askotan misterioa da) eta saiatzen zara etorri zaizun kontzeptu hori atxiki nahian, bueltak ematen hitzen bitartez. Halaxe izaten da gehienetan. Baina beste zenbaitetan irudi politen baten bitartez izan ohi da, edo hitzen kateatze dotore baten bitartez iristen zaigu kontzeptu batzuetarainoko argia edo distira.

- Nola bizi duzu poesia? Kalean zoazela ere poesian pentsatzen duzu?

- Azken bolada honetan nahiko lasai bizi naiz. Normalean musikak asko kitzikatzen nau, eta askotan haren bidez etortzen zait poesiaren magia hori. Beste batzuetan irudi baten bidez datorkit ideia, edota beste liburu baten bitartez.

- Irakurketekin ere elikatzen zara.

- Konprobatuta daukat: nahiz eta inspirazio aldetik gaizki ibili, bolada batean ordu asko pasatzen badut irakurtzen, seguru etorriko dela ideiaren bat.

- Nolako musika ibiltzen duzu?

- Denetatik. Nolabait, musika mamitsua izan behar du, eta indartsua. Schubert oso gustukoa dut. Eta asko bultzatu nautenak izan dira Peter Gabriel, Paul Simon eta -nola da kanadiar hori?-, a bai, Loreena McKennit. Kanadiarra da, baina irlandar tankerako abestiak egiten ditu.

- 'Anphora baita' liburuan etengabe jokatzen duzu anphoraren kontzeptuarekin. Nola bururatu zitzaizun irudi hori?

- Anphora zera da, gizakiaren eta izatearen metafora. Liburua aspaldi hasi nuen, eta nire beste liburu batzuen lan paraleloa izan da, nolabait esateko. Bost urte eman nituen. Anphoraren ideia, berriz, behin lanean hasi eta gero etorri zitzaidan. Neure buruari erantzuteko ere etorri zitzaidan anphoraren irudi hori.

- Izan ere, norberaren burua arakatzeko tresna izan liteke poesia.

- Bai, nire kasuan hala uste dut dela. Baina errealitatea piska bat atxikitzeko ere balio du poesiak. Errealitatea, berez, hain da anitza eta askotarikoa...

- Poesia ez da genero erraza. Eta, areago, poesia gogoetatsua egin nahi izan ezkero.

- Hori egia da. Zailena da poesia fina egitea hizkuntza erraz eta ulergarria erabilita. Maila jaso hori ez du galdu behar poesiak. Minimo estetiko batzuk, nik behintzat neure buruari, esijitzen dizkiot.

- Etika ere erreibindikatzen duzu liburuan.

- Nabaritu dut azken 20-25 urte hauetan gizartea galtzen ari dela nik haurtzaroan ikusitako zenbait balore. Gauza asko erortzen ari dira: estetika, erlijioa, pertsonen arteko komunikazioa, elkarbizitza. Eta guzti horien euskarria, ni uste, etika izango litzateke. Ez dakit nolako etika. Humanismo bat behar dugu. Gizakiaren alderdi askotan humanismo falta bat nabari dut.

- Nolabait, lagun hurkoa aintzat hartu beharra dago.

- Beste hitza errespetua izan liteke. Edota enpatia. Besteen tokian jar-tzen bazara gauza askotaz konturatuko zara.

- Zure liburuko esaldi honetara pasatuko gara orain: «Eternitatea ez da denbora geldiaraztea».

- Ez naiz gogoratzen nola eta zergatik bururatu zitzaidan esaldi hori. Esango nuke eternitatea ez dela denborari lotutako zerbait, hori baino gauza zabalagoa dela.

- Zure liburuko beste pasarte bat: «Jainkoa. Hitz hori urardotu egin du gizakiak».

- Eraldatu egin du eta bere neurrira ekarri. Hor dago problema, eta galtzen du bere balioa. Beste poema batean esaten dut: «Dibinitatea Jainkotik haratago dago». Kritika egiten diet erlijioak manejatzen dituztenei. Askotan hipokritak gara.

- Hipokrita hutsak.

- Baina, kontuz, Unamunok ondo esan zuen: «El que no se contradice es porque no habla».

- Aukeratu liburuko esaldi bat, nahi zenukeena jendeari transmititu.

- Badakit zein hartuko dudan: «Zuzen nabigatu nahi baduzu, izar baterantz finkatu norabidea eta zeure burua lerratzen utzi». Esan nahi nuen helburuak ahalik eta altuen planteatu behar direla hasiera batean, eta behin zeure lema eta brujula harantz zuzenduta dauzkazula, agian (edo ziur aski) ez zara iritsiko, baina zeure gaitasunetik lortuko duzuna izango da maximoa.

- Talde bateko kide ere bazara, edo behintzat bildu ohi zara beste poeta batzuekin.

- Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso, Felipe Juaristi eta laurok bildu egiten gara batzuetan, bai, eta arrazoi nagusia da ondo pasatzen dugula elkarrekin. Era gero konturatu ginen, bakoitzak bere estilo eta tonua edukita ere, bagenituela gauza batzuk antzekoak.

- Eta manifestu batzuk ere egin dituzue.

- Bai, lau: lehenengoa, 'Pentsamenduaren poesia'; bigarrena, poiesisari buruz; hirugarrena 'Poesia krisi garaian'; eta azkena, kitschari buruzoa. Gure ezaugarri komun nagusia zera da: gogoetari garrantzia ematen diogula.

- Esadazu zuk zeuk: poesia, zertarako?

- Poesia, eta artea, oro har, da gauzetako bat gizakiaren humanismoa salbatuko duena. Betiko galdera: Auschwitz ondoren ba al dago poesía egiterik? Nik erantzungo dizut baietz, eta inoiz baino argiago gainera.

- Esadazu zure ibilbidean eragina izan duten idazle batzuk.

- José Angel Valente oso gustukoa dut, Pessoa, Blake, Walt Withman, Hugo Múgica, Lete, René Char, Claudio Rodríguz.

- Poesia gozamena ere izango da.

- Eta poztasuna. Poema on bat irakurri ondoren , poza sentitzen da intelektualki eta animikoki. Suspertu egiten zaitu. Gerta daiteke poemaren karga izatea dramatikoa, negatiboa, eta orduan ez da egongo beharbada poz handirik, baina gelditzen zaizu halako miresmen bat: kontxo, ze ondo egina dagoen! Garrantzitsuena da barruan zer edo zer mugitzea. Askotan badugu poesiaren halako irudipen negarti eta iluna; ez, ez: poesia gozamena da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos