«Hamar urtetan erreferentziala bihurtu da Eibar UEUrentzat»

Karmele Artetxe UEUko zuzendaria. Markeskua Jauregia UEUren egoitza akademikoa bihurtu zen orain dela hamarkada bat

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.
Historialaria. Karmele Artetxe Markeskuan. ::
                             FÉLIX MORQUECHO/
Historialaria. Karmele Artetxe Markeskuan. :: FÉLIX MORQUECHO

Badira urteak Markeskua Jauregia berritu zela baina orduan erabilera baten bilaketa hasi zen. Saiakera txar baten ostean Udako Euskal Unibertsitateak Eibarrera egin zuen bere egoitza akademikoa bertan finkatuz. Ordutik, hainbat ikastaro eta ekitaldi antolatu dira. Udalak eta UEUk berak askotan azaldu dute kolaborazio honen puntu positiboak eta hilabete honetan unibertsitatearen egonaldia beste bost urtez luzatu da. UEUko zuzendari berriak guzti hau azaldu du.

-Orain dela gutxi hartu zenuen zuzendari kargua.

-Bai, urriaren 22an.

-Denbora gutxirako kargua al da zure kasuan?

-Bi urte eta erdi emango ditut hemen. Normalean UEUko zuzendariek lau urterako izendapena izaten dute. Gertatzen dena zera da, orain arte proiektu arduradun bezala aritu izan naizela urte eta erdiz, zuzendaritza taldean. Orduan, aurreko zuzendariari, Lore Erriondori, bi urte eta erdiko lana izango zela esan nion, horrela zuzendaritza taldean lau urte egingo ditut. Badago hor norbera perpetuatzeko arriskua eta nik behintzat ez dut hori gustoko.

-Errotazio hori betidanik egon al da UEUn?

-Bai, funtsezkoa da. Azken finean gu kultur elkarte bat gara, gizarte erakunde bat. Horregatik beharrezkoa da denbora guztian jendea zirkulatzen egotea.

-Agian denbora gutxi da zuzendaritzan eman behar duzuna. Lan konkreturen bat al daukazu egiteko?

-Bulegokoak dira lan gehien egiten dutenak. Zuzendaritza taldean gaudenok, borondatezko lana egiten dugunok, erakundearen ildo estrategikoak eta norabideak finkatzen ditugu. Alde horretatik, orain heldu behar diodan ildoa erakundeari eustea da, zuzendaritza taldean gaudenok eutsi behar diogu krisi testuinguru honetan non diru-laguntzak gutxitu diren. Guk egitura egonkor bat daukagu eta diru gutxiagorekin egitura hau mantentzea ez da erraza.

-Zuen kasuan, euskarazko irakaskuntzak ere krisia nabaritu al du?

-Krisiak gizarteko esparru guztietara ailegatu da, baita euskarara eta kultur elkarteetara, nahiz eta erakundeak saiatu diren diru laguntzak blindatzen eta.

-Zeintzuk dira UEUren erronkak hurrengo hilabeteetan?

-Orain, erronka nagusia krisiari aurre egitea da, epe labur laburreko erronka da. Beste helburu bat dugu epe luzeago batean, euskal unibertsitatea egiteko proiektu horrekin jarraitzea. Baina hori egin ahal izateko bizirik atera behar gara.

-Urtero antolatzen dira ikastaroak Eibarren, batzuk oso espezializatuak, beste batzuk esparru zabalekoak. Ildo hori mantendu nahi al duzue?

-Markeskuako eskaintza profesionalentzat egin dugu bereziki. Azken urteetan hurbildu direnak, gehien bat, profesionalak dira. Hauek formazioa behar baitute, ikastaro oso espezifikoak teknologia baten gainean, teknika konkretu baten gainean... horregatik badaude oso espezifikoak diren ikastaroak. Baina UEUren izaera askotarikoa da, jende oso desberdina hurbiltzen da, oso adin desberdinekoa, ogibide desberdinekoa... Publiko horrentzat badugu beste ikastaro mota bat, irekiagoak diren kurtsoak. Profesionalak ere apuntatzen dira askotan, 'antiestres' modu batean. Bi lerro horiek mantentzea inportantea da.

-Orain dela hamar urte Eibarren finkatu zuen UEUk bere egoitza. Inguruko herritarrekin harremanak egiteko balio izan al dute ikastaro zabal horiek?

-Nik uste dut, Eibarren dagoela Euskal Herrian dagoena. Badaude profesionalak eta badago mota askotako jendea. Alde horretatik ikusi duguna da Debarro osotik gehien hurbiltzen zaizkigunak Eibartarrak direla, kopuru nabarmen handiagoan. Baina denetarik dago. Oso alde industriala da, enpresa asko daude eta Eibarko eta inguruko profesionalen kopurua nahiko handia da ere.

-Orain dela gutxi akordioa sinatu zenuten Udalarekin Markeskuako Jauregian jarraitzeko. Pozik al dago UEU Eibarren?

-Bai, noski. Orain ezinbestean egon behar gara hemen. Eibar guretzat egoitza akademikoa da, baina aparte lortu du Euskal Herri mailan erreferentzialtasun bat. Jendeak, gure ekintzetan interesa duenak, badaki Eibarren gaudela, hamar urtetan erreferentziala bihurtu da Eibar UEUrentzat. Udako ikastaroak betidanik gure leloa izan badira, Eibar bihurtzen ari da modu horretan oso erreferentziala. Urtean zehar Eibarren egiten dugun eskaintza oso zabala da, beste lurraldeetan baino gehiago. Horregatik luzatu nahi genuen eta luzatu behar genuen hitzarmen hau.

-Orduan, zergatik bost urterako?

-Berez, 2000. urtean sinatutako hitzarmenak aurreikusita zuen hamar urterako akordioa zela, eta luzapenak bost urtekoak izango zirela hogeita bost urte bete arte. Orduan hitzarmen hura zeukan klausula bat horrela finkatu digulako sinatu dugu bost urterako, idatzitakoari jarraipena egin diogu.

Fotos

Vídeos