«Topiko eta aurreiritzi asko mugi daitezke istorioak kontatzen»

Uste du istorio batek, balio duenean, beti aurkituko duela bere bidea. Bide luzea egin ohi dute bereek

NEREA AZURMENDI
Ander Izagirre, Donostian. ::
                             NAGORE IRAOLA/
Ander Izagirre, Donostian. :: NAGORE IRAOLA

Sariak irabaztea ez zaio arrotza Ander Izagirre (Donostia, 1976) kazetariari. Oraintsu Mikel Essery zenaren omenez antolatutakoa irabazi du 'Groenlandia cruje' inuitei buruzko lan batekin; uda partean, Manos Unidas-ek ematen duena bereganatu zuen 'Mineritos. Niños trabajadores en las entrañas de Bolivia' lan zirraragarriari esker. Milaka kilometro egin ditzake istorio baten atzetik, kontatzea merezi duela uste badu. Gero saria badator, hobe, bidaiaren eta kazetaritzaren ikuspegi hori ez baita beti errenta.

-Mundu osoa begien aurrean eta esku-eskura dugun garai hauetan, ba al du zentzurik bidaia kronikak?

-Nik uste dut kazetaritzaren aldetik duela zentzua. Groenlandiara edo beste edozein tokitara joan zaitezke eskursioak egitera eta hango paisaiak ikustera, baina han gertatzen denaren berri emateko kazetari lana egin behar da, hori ez dago Google Earth-en, ezta Google-en ere. Lekuen deskribapena egiten duen bidaia kronikak agian ez dauka zentzurik gaur egun, baina paisaiaz harago dauden istorioak kontatzea, guretzat oso arrotzak izan daitezkeen bizimoduen berri ematea, beste kontu bat da. Eta, ikus-entzunezkoa gutxietsi gabe, uste dut errealitatean sakontzeko modurik egokiena hitza dela, testua.

-Horrelako lanetan, egilearen irudimenak ba al du tokirik?

-Nik uste dut kazetaritza egin daitekeela teknika literarioak erabiliz testua erakargarriagoa eta eraginkorragoa egiteko, baina zure lanak kazetaritzaren barnekoak direla uste baduzu, eta nik hori uste dut, muga argi bat dago: ez dago fikzioarentzako tarterik. Egon daiteke akatsen bat, gaizki ikusi dudan zerbait, baina nik errealitatea kontatzen dut, eta den bezala kontatzea da asmoa. Detaileak asmatzea, fikzionatzea, oso arriskutsua iruditzen zait ez baduzu argi uzten fikzioa dela, azkenean badagoelako konfiantza edo sinesgarritasun kontu bat irakurlearekiko.

-Eta kazetariaren inplikazio pertsonalak, lekurik badu?

-Nire ustez, bidegabekeria baten aurrean ezin da neutrala izan, guztiz zilegi da inplikatzea. Gauza bat da objektibotasuna eta beste bat neutraltasuna. Bidegabekeriak bere horretan kontatu behar dira, baina iritzi landuan oinarrituta: ikusi egin behar da, ezagutu, horren arrazoiak bilatu, esplikatu zergatik gertatzen diren gauzak, azaldu nolakoa den kontestu soziala, datuak eman, zure hasierako postura zalantzan jar dezaketen errealiteak eta hangoen ikuspegiak ere aintzat hartu... Hori da objektibotasuna. Boliviako haur meatzarien egoera kontatzerakoan, adibidez, argi neukan ez zegoela horretarako eskubiderik. Hori kontatu eta salatu egin behar nuen, ezin nuen neutrala izan. Bai, ordea, objektiboa.

-Zer deritzozu istorio horiek ikuskizun bilakatzeari? Kritiko azaldu zara, esaterako, Txileko meatzari lurperatuen bizipenek izan duten tratamenduarekin.

-Ikuskizun horiek ez ditut batere gogoko. Boliviako meatzeetako egoeraren kontura ere egin zuten horrelako espektakulu bat telebistan, kazetaria protagonista bihurtuta besteen miseriaren eszenatokian, bere beldurrak eta bere negarrak jarrita lehen planoan. Oso gaizki sentitu nintzen hura ikustean. Nik negarrik egin baduk hango minatan, ez dut kontatuko sekula nire lan batean, ez duelako inolako garrantzirik. Dena den, autonomo izatearen abantaila bat da istorioak eta horiek kontatzeko modua aukeratzea inolako errentagarritasun kalkulurik egin gabe. Nahiz eta horrelako lanekin gehienetan dirua galdu eta bizimodua beste lan batzuekin atera behar, ez diozu ikusgarritasunari eta salgarritasunari kontzesiorik egin behar.

-Horregatik kostatu zitzaizun agian horrenbeste hedabide konbentzionaletan Boliviako haur meatzarien istorioa argitaratzea.

-Bai, Boliviatik bueltatzerakoan istorio honekin disgustu handi samarra izan nuen. Nik inoiz egindako lan baliotsuena zela iruditzen zitzaidan, baina gero ikusi nuen ez nuela aurkitzen non argitaratu. Hedabide handi batean esan zidaten, adibidez, istorio gogorregia zela igande batean ateratzeko. Hasieran haserretu egin nintzen horrelako erantzunekin, tristetu, baina gero hasi nintzen medio txikietan argitaratzen, interneten erreportajea ia oparitzen, aldizkari digital batek atera zuen eta saritu egin zuten... Horren ondorioz edo, ezezkoa eman eta urtebetera egunkari handi hark argitaratu egin du erreportajea. Tartean Txileko meatzariena bezalako beste faktore batzuk suertatu direlako, agian aukera eman dielako norbaiti ideologikoko kaña emateko... Horrek haserretzen nau, haur meatzari horien istorioak balio izatea merkantzia ideologiko bilakatzen denean.

-Asko baliatzen duzu internet. Hori da errealitearen ikuspegi homogeneo eta estereotipoz betetakotik urrundu nahi duzuen kontalarien eremua?

-Argi dago ohiko medioetarako bidea lehen baino zailagoa dela, baina ia ez daukat penarik horrekin. Nahiago nuke periodiko handietan argitaratzea, baina ez naiz horren zain egongo, badaudelako beste bide batzuk, beste modu oso-oso interesgarri batzuk istorioak kontatzeko. Istorio batek, balio duenean, azkenean beti aurkitzen du bere bidea. Somatu dut, gainera, jendeak benetako interesa duela gai horien inguruan. Gero eta jende gehiago hurbiltzen zait emanaldi eta hitzaldien ondoren, blogaren bitartez...

-Ikuspegi bakarra nagusitzen ari dela iruditzen bazaigu ere, beraz, badago bestelako istorioak beste era batera kontatzeko tarterik.

-Eta kontatu egin behar dira, gainera. Besteak beste, topiko eta aurreiritzi asko mugitu daitezke horrela. Adibidez, ni ez naiz gerratan ibiltzen, nahiz eta jendeak uste duen atzerriko kazetaritza egiten duzunean beti zabiltzala gatazkaren baten atzetik. Badaude gizarte asko, istorio asko nire ustez oso interesgarriak direnak, eta ez dugu gerra baten edo lurrikararen baten zain egon behar horiek kontatzeko. Besteen bizimodu hain arraro, arrotz eta guretzat pentsaezinak kontatzeko espazio pila bat dago. Nik, esate baterako, gogo handia daukat datozen urteetan Afrikan lan egiteko, gerrarik, gatazkarik eta desastre naturalik gabeko herrialdeetan, erakusteko han dauden bizimodu berezi eta interesgarriak. Guretzat, bestela, Afrika da biktimen kontinentea. Eta hori ere bada, baina jendea murriztu egiten dugu etiketa horiekin.

-Eta saiatuko bagina geuk haiena kontatu beharrean, edo horrekin batera, haiei ahotsa ematen?

-Sánchez Ostizek idatzitako gauza bat dakarkit horrek gogora. Erdialdeko Amerikan gertatzen ari den fenomeno ikaragarri bati buruz idazten zuen; badakizu, Estatu Batuetara iritsi nahirik herrialde horiek guztiak zeharkatzen dituzten emigranteak eta horiekin egiten dituzten gehiegikeriak, hilketak, bahiketak... Orain dela gutxi aurkitu zituzten finka batean 72 hildako eta bizirik atera zen bat. Hari esker jakin izan genuen gertatu zena. Eta Sánchez Ostizek esaten zuen gaur egun benetako balioa duen bidaia kronika jende horrena dela, eta esaten zuen kontatuko dutela beraiek noizbait. Agian ez orain, baina bai hemendik urte batzuetara.

-Guk dugun bidaiaren kontzeptua ere aldatzen du ikuspegi horrek.

-Enfoke hori asko interesatzen zait, eta oraingoan Josu Iztuetari kopiatuko diot, esaten duenean bidaia eta abenturak guretzat direla gauza atsegin eta erosoak, baina munduan bidaiatzen duen jendearen gehien-gehiengoak desgraziak bultzatuta bidaiatzen duela: pobreziak, gerrak, goseak... Gure bidaiek ez dute zerikusirik horrelako esperientzia batekin, gure bidaiak kapritxoak dira. Etxean gaude lasai, joaten gara, etortzen gara, eta gero kontatzen ditugu joan-etorriak banitate eta exhibizio puntu batekin. Dena den, agian etorkin horien artean ere badago jendea abentura osagai batekin abiatu dena etxetik, seguruenik guk uste baino zabalagoa delako etorkinen errealitea. Lortuko bagenu errealitate hori kontatzea, akaso errazagoa izango litzateke zubiak eraikitzea. Ezagutzen dituzunean norbaiten kezkak, ikusioak, bizimodua, hurbilago sentitzen duzu, eta indargabetu egiten dira aurreiritzi asko. Gaur egungo xenofobiaren oinarrian, nire ustez, ezagutza falta dago batez ere. Topikoek itsutu egiten gaituzte.