Mikel eta Maite Gurrutxagak 'Alex, nire laguna' album ilustratua aurkeztu dute

Ekitaldian Sara Gomezek 'Ilunpeko bidaia' argazki erakusketa aurkeztu zuen

AMAIA GOIKOETXEAAMEZKETA.
Mikel, Bixente, Maite eta Sara asteleheneko aurkezpenean. ::
                             A.G./
Mikel, Bixente, Maite eta Sara asteleheneko aurkezpenean. :: A.G.

Aspalditik zuen Maite Gurrutxagak bere anaia Mikelekin elkarlanean zerbait egiteko gogoa, azken honek beti izan baitu idazketarako zaletasuna. «Nik irudi bat eman eta berak horren gainean testu bat sor zezala, horixe planteatu nion eta gero, gustatuz gero, norabait aurkez genezakeela», azaldu zuen ilustratzaile amezketarrak. Horrelaxe jarri zen abian IV. Etxepare Saria irabazi duen 'Alex, nire laguna' (Pamiela, 2010) album ilustratua.

Maitek anaiari eman zion lehen irudi edo bozeto hartan neskatila bat eta munstro bat ageri ziren eta horren gainean sortu zuen Mikelek istorioa. «Irudi hark aukera asko eskaintzen zituen; nik hari bat aurkitu nion eta hari horri tiraka osatu nuen ipuina», azaldu zuen idazleak. Album formatuan garatuko zen zerbait egitea zen euren asmoa, irudiak eta testua uztartuko zituen zerbait sortzea, alegia. «Lengoaia umeentzat aproposa da baina album ilustratu hauetan gai unibertsal asko planteatzen dira», zioen Maitek.

Etxepare Saria irabazi izana sekulako poza izan dela aitortu zuten. «Ez da inoren enkarguz egiten duzun ezer, ideia osorik zurea da. Ez dago editorerik, zuk zeuk erabakitzen duzu zer sartu eta zer utzi kanpoan, eta aurkezten duzun hori beste idazle eta ilustratzaile batzuek baloratzen dute. Guretzat oso pozgarria izan zen horrelako erantzun bat jasotzea». Etxepare Sariak berarekin zekarren liburuaren argitalpena. «Hasieran zeuk zeurean sinesten jarraitzen duzu eta liburua argitaratu bitarteko bidea nolabaiteko 'negoziaketa' bat izaten da editorialarekin. Beraiek zenbait aldaketa proposatzen dizkizute eta beharbada, hasieran behintzat, aldaketa horiek ez zaizkizu oso egokiak iruditzen baina gero ohartzen zara proiektuaren onerako izan daitezkeela». Lan hau sortzerakoan idazlearen eta ilustratzailearen artean egon den komunikazioa azpimarratu nahi izan zuen Maitek. «Liburu honek funtzionatu badu neurri batean bion artean komunikazio handia egon delako izan da. Gaur egun faltan botatzen da hori; ilustratzaileari istorio bati marrazkiak jartzeko eskatzen zaio eta kasu askotan ez du idazlearekin ia inolako harremanik izaten».

Bien artean sorturiko bigarren lana ere prest dutela jakinarazi zuten. «Udaberrian egin genuen. Mikelek ipuin bat ekarri zidan eta hari irudiak egin nizkion. Orain ikusi beharko dugu norabait mugitzen ote dugun... Dena den, dagoeneko ipuin berriak eskatzen ari natzaio», aitortu zuen Maitek.

Ilunpeko bidaia

Bixente Gorostidi amezketarrak gidatu zuen saioaren bigarren zatian Sara Gomez herritarrak Ilunpeko bidaiak argazki erakusketa aurkeztu zuen; erakusketa hau Erabilera Anitzeko Herri Zentroan bertan dago ikusgai. Gomezek azaldu zuenez, ikastaro baterako eskatu zioten lanetik sortu zitzaion ideia. «Zu istorio baten barruan sartu eta hortik istorio hori kanporatzea zen lanaren helburua, istorio bat kanpotik kontatu beharrean barrutik azaltzea, alegia. Une hartan herritar bat kartzelaratua zen eta gai hori aukeratu nuen lana garatzeko».

Ilunpeko bidaia jarri zion izenburu lanari, bere hitzetan, ilunpean geratzen baitira kartzelara egiten diren joan-etorri horiek. «Inork ez du ezagutzen bidaia horietan bati burutik pasatzen zaiona, jasan behar duen tortura psikologikoa. Kartzelara iritsi baino lehen bidaian zehar neronek ere kartzela bat ikusten nuen txoko guztietan», aitortu zuen. Erakusketa bisitatzera joaten denak txuri-beltzean aurkituko ditu berau osatzen duten argazkiak. «Berehala konturatu nintzen gai hau ezin nuela koloretan ikusi, horregatik erabaki nuen txuri-beltzera jotzea. Nire guraria noizbait koloretan ikusi ahal izatea da», aitortu zuen.