Igaratzako egun handia ospatuko da bihar

Urtero bezala, eta Igaratzako eguna dela eta, Mikel Goiaingerua Igaratzan izango da

JOKIN ELIZARANTOLOSA.
Mikel Goiaingerua, Gurutzea,  eta bere jarraitzaileak, aspaldiko irudi batean Igaratzako ermitarako bidean meza entzutera./
Mikel Goiaingerua, Gurutzea, eta bere jarraitzaileak, aspaldiko irudi batean Igaratzako ermitarako bidean meza entzutera.

Bihar, egun handia da Igaratzan, Mikel Goiaingerua hurbilduko baita Igaratzara, urtero bezala. Normalean urte sasoi honetan Nafarrotik barrena egiten duen buelta amaitu du, eta bihar Goiaingeruak Gipuzkoa lehen eta azkeneko aldiz zapalduko du -aurtengoz behintzat-, bakarrik Igaratzara gerturatzen delako urte osoan Nafarrotik ateraz. Bihar, meza aurretik zain izango du Igaratzako Gurutzea ongi etorria emateko.

1947 urtetik hona urtero antolatzen dute Tolosako 'Aralarreko Adiskideak' elkarteko kideek tradizio hau, eta aurten ere, 2.000 bat pertsona inguru biltzea espero dute ermita inguruan.

Goizeko 9etan hasiko dira ospakizunak. Izan ere, ordu horretan Aingeruaren bila joango baitira santuaren jarraitzaileak santutegira. Hortik, guardetxera eramango dute oinez, eta 10etan han izatera espero dute. Guardetxean Goiaingerua ikusgai jarriko dute, eta jarraitzaileek gertutik ikusi eta agurtzeko aukera izango dute. Argazkiak ateratzeko unea ere izango da askorentzat.

Handik oinez nahi duenak eta kotxean ezin duenak Errinagako lepora joango dira, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga dagoen horretara, joango dira. Han elkar topatuko dute Aralarko zaindaria eta Gurutzea. Gero, meza izango da eguerdiko 12etan ermitan. Eliz-kizunak bukatzean musika, eta tabernan zerbait jan eta edateko aukera. Ondoren urteroko bazkaria egingo dute aterpean, Lazkaotik etorritako fraileekin. Arratsaldeko 5etan ordea, Santuari agur esateko ordua iritsiko da, eta honek Igaratza utziko du, Nafarrora hurrengo urterarte bueltatuz.

Jon Ormazabal, 'Aralarreko Lagunak' taldeko buruak, eguraldi ederra izatea espero du «hala iragarrita dago, eta benetan espero dugu hala izatea, eguraldi traketsarekin ez delako berdina izaten, eta eguraldi onarekin jende gehiago etor-tzen delako. Hala ere, eguraldi kaxkarrarekin ere guk gurea egingo dugu, urtero bezala».

Krisi ekonomikoak zeresana izan du programaren antolakuntzan ere, Ormazabalen hitzetan, «joan den urtean adibidez, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izan genituen bertsotan, baina aurten ezin izan da egin».

Esan beharra dago, garai bateko eta gaur egungo festek zenbait desberdintasun badutela «pentsa, garai batean fraileen eta artzaien arteko sokatira txapelketa egiten zuten, eta 'pike' ederra izaten zen».

Lazkaoko Benediktoarrak

Santua Gipuzkoara etortzeak zeresan handia dauka, eta Igaratzako ermitaren historiak ere. Izan ere, 1946an egin zuten, artzaiek errezu egiteko leku bat izateko. Hala ere, zailtasunak zeuden han nork emango zuen meza dela eta, eta azkenean, Lazkaoko fraile Bene- diktoarrek hartu zuten arazoa konpontzeko konpromezua. Hala etortzen zen maiatzetik udazkenerarteko jaiegunetan Aita Begiristain frailea, bizikleta eta guzti Igaratzara igotzen zena. Ulertzekoa da beraz fraile hauek Igaratzako egun honetan duten garrantzia, «gero beraiekin bazkaltzen dugu ermitako aterpean», dio Ormazabalek.

Aipatzekoa da ere Santuak Igaratzara etortzeko tradizioa. «San Miguel Goiaingerua Nafarro guztitik ibiltzen da hortik hona uda partean, eta salbuespena egiten du, urtero hona etortzeko». Tradizio honen historia sinplea da, Igaratza hain dago mugatik gertu, jarrai- tzaileek eskaera egin zutela Aingeruaren bisita edukitzeko urtero. Permisoa lortu zuten eta ordutik hona, abuztuko bigarren asteburuan Igaratzan izaten da Aingeruaren irudia urtero.

Mendizale eta guztientzat aukera paregabea da biharkoa Igaratzara gerturatzeko. Aralarrez gozatu, txorixo pintxo bat jan edota sagardoa edateko aukera izango da guztientzat. Gainera erromeria, musika, eta giro polita izango da ziur, batez ere eguraldiak Aingeruari etorrera ederra egiten laguntzen badu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos