Borrar
Alex Mendizabalek era askotako materialekin jokatzen du, adibidez globoekin. :: MIKEL FRAILE
«Torturarako tresna akustikoek harritu-larritu naute gehien»
IGANDEKO HITZORDUA

«Torturarako tresna akustikoek harritu-larritu naute gehien»

Alex Mendizabal Soinuen ikertzailea. Erroman bizi den donostiar honek hamaika esperimentu egin ditu soinuen inguruan

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 18 de julio 2010, 05:23

-Artelekun, orain dela gutxi, gutxiagotasunen bat zeukan jendearekin lan egin duzu. Adibidez, musika-tresna batzuk egin dituzu beraiekin batera. Komentatu piska bat.

- Artelekuko Audiolab-ek antolatutako Nahi Beste Zoinu / Tanto Cuanto Canto egitasmoaren barruko taldekide izateko aukera paregabea izan dut. Astebetean jardun ginen soinutan, jolasean, adiberan. Gutxiagotasun ugari nik neuk dauzkat, baina zorionez musikak guzti horiek maite eta haiekin musa izatera bueltatzen da, gurekin batera.

- Argazkian globo batzuen ondoan agertzen zara. Zer egin duzu Artelekun globo horiekin?

- Globo edo puxikak aire kontenedoreak dira eta hauspo baten an-tzera erabil daitezke, ura burbuilean ipintzeko edota lenguetak bibratzen, txistuak jo, txirolarru bezala eta abar. Puxikaren barruan arrozak edo beste aleak ere sartzen ahal dira eta kanpo aldetik igurtzerakoan ere aukera ederrak eskain-tzen ditu.

- Edozerekin egin daiteke musika.

- Uste dut musika ez dela zertan egin behar. Musika beti hor dago, soinu fruitu amaigabeko basoa baita bizitza. Jaso besterik ez da egin behar, beraz. Badugu noski guk egiteko joera, baina erabat zirkunstanziala iruditzen zait. Musika ederra baita musikariak lo dau- denean (eta anplifikadoreak itzaliak).

- Zer iruditzen zaizkizu futbol zelaietako turutak? Aurten Anoetan, eta gero Futboleko Mundu Txapelketan, asko entzun dira.

- Eroman (sic) aspalditik ezaguna da «panem et circensis» (janaria eta kirola edo espektakulua) giza taldeak kontrolatzeko teknika. Oso interesgarria litzateke horietako turutak lanera, supermerkatura edota eskolara eraman eta han tutuuuuu brrrrnnnnn, pu pu puuuu hastea.

- Munduan zehar zein musika- -tresnak harritu zaitu gehien?

- Eraso militar eta torturarako erabiltzen diren instrumentu akustikoek harritzen-larritzen naute gehien. Eta horren inguruan dagoen silenziadorea. Hemen ez dira kasuak falta.

- Lazkaoko igerileku publiko batean musika egin zenuen. Nola transmititzen da soinua ur azpitik?

- Ura, soinu transmititzaile aparta da. Abiadura handian eta oso urruti joaten ahal da soinua ur azpian. Ur gainean urruti ikusten dugu eta ez hain urruti entzun. Ur azpian alderantziz gertatzen zaigu: urrutiko soinuak entzun eta bista estutu.

- Komeniko litzateke burua sartu ur azpian (bainugelan, igerilekuan, errekan...) eta entzuten hasi, ala?

- Entzuten hastea, ur gainean ala azpian dela, ez dakit beti komeni den! Bai, bai, ur azpiko paisai soinuak aditzea berezia da. Udara honetan Artelekuko Audiolabek ur azpiko soinu paisaiei buruzko hainbat egitasmo antolatu du, ur azpiko mikrofonoak, grabazioak eta abar. Gai honi buruz informazioa jaso eta elkar trukatu nahi duenak badu beraz nora joan.

- Bere ikuskizun berrian, Juan Mari Beltran txalapartariak an-tzeko zerbait egin zuen: Etxarri Aranatzen mutikotan errekan jolasean egin ohi zuena berritu zuen: ur azpian bi harrirekin musika egin zuen.

- Ederra! 2009. urtean, Ataunen, Aitor Izagirrekin kontzertua egin genuen harriak uretara jaurtikiz. Gune egoki bat bilatzen ari ginela, San Gregorioko 70 urtetik gorako gizon bati galdetu genion eta berak, naturaltasun osoz, putzu eder bat gomendatu zigun eta kontatu nola botatzen zituzten haiek gaztetan harriak eta egiten zituzten soinuak, dzzziz, goklooon ... Ura eta soinua elegante moldatu dira beti.

- Zuk Berarekin (nafar herri horrekin) lotura berezia omen daukazu.

- Azken 10 urte hauetan bertako lagun minak izan ditut nire zorionerako, Ertz taldearen inguruan.

- Garai batean, jendeak musika gehiago egiten zuen bere kasa: jendeak txistu egiten zuen (ba-tzuek arte handiz), beste batzuek lizar makilekin txirula egiten zuten udaberrian...

-Gaur ere hala dela iruditzen zait. Belarritako kaskoekin dabilen jende asko entzuten da kantari edo musika tarareatzen. Maiz 'solo' ikaragarriak egiten entzun ahal dituzu! Eta kaskoak ez daramatenak ere, berahala hasten dira soinuak imitatzen edota mahai gainean gauzak mugitzen, lastotxoak puztu-tzen, makilekin astintzen. Musika etengabe dugu gizakiok inguruan eta askotan guk geuk egina. Ez dut uste lehen gehiago egiten zenik.

- 'Euskanta' egitasmoa. Komentatu zer izan den hori.

- Eromako eskola publiko bateko bostgarren mailako neska-mutil guztiek eta bakoitzak euskaraz kantu bat idatzi, egin eta grabatu dute. Associazione Culturale Euskara eta UPTER Unibertsitateko Euskal Sailaren proiektu bat izan da. 46 kantu, pop, euskaraz, 9-10 urteko neska mutil romanoak eginak. S.P.Q.R. (Sono Pazzi Questi Romani!)

- Ez zaizu interesatzen musikagile konbentzionalekin kolaboratzea?

- Neure burua musikagile konben-tzionaltzat jotzen dut eta musikari askorekin soinutan eta pentsa-tzen aritzen naiz. Ez dut ezagutzen musikari ez den inor.

- Zer egin duzue aurten Associazione Culturale Euskara delakoan, han Erroman?

- Eroman, erre bat galdu zuen hirian, 2002 urtetik euskarazko eskolak eman, idazle, itzultzaile, zinemagile, antzerkilari, unibertsitari, argazkilari eta oro har euskal kulturako hainbat eragile Italiara gonbidatu eta bertako egitasmoekin harremanetan ipintzen saiatu. Zubi lan antzekoa. www.euskara.it web orrian duzue informazio osoa.

- Zaila izaten da atzerrian hizkuntzari eustea? Zure seme- -alabak ongi moldatzen dira euskaraz?

- Edo hizkuntzan atzerriari eustea? Internetek eta bidai maniak atzerria 'alboerria' ez ote dute bihurtu? Gaurko eria akaso. Nik seme- -alabei euskaraz eta haiek niri italianoz, eskizo-komunikazioa! Elkarrizketa xinpleak izan ditzakete euskaraz baina Eroman ez da euskal komunitaterik eta gehienetan nigandik besterik ez dute entzuten euskara.

- Zuri, gaztetan, musika garaikide 'arraroa' gustatzen zitzaizun. Baina Euskal Herriko folk, pop edo rockeko musikagile batzuk ere gustuko izango dituzu, ala?

- Bai, oro har, han eta hemen, atsegin dut gehiago maketa inguruko mobida, amateurra, diskoaren inguruko profesionala baino.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Torturarako tresna akustikoek harritu-larritu naute gehien»