Borrar
Azken argazkia. Lehengo ostegunean, Donostiako Elkar liburu-dendan, bere 'Ehun ipuin hitz gutxitan' aurkeztu zuen. :: MICHELE NA
CULTURA

Joxantonio Ormazabal hil da mendian

Zegaman, Oazurtzako tuneleko zulo batean topatu zuen Ertzaintzak igande gauean. Haurrentzako ipuin eta olerki liburu asko eman zituen argitara 1983az geroztik

FELIX IBARGUTXI

Martes, 4 de mayo 2010, 09:29

Joxantonio Ormazabal idazlea hilda aurkitu zuten igande gauean Zegaman, Oazurtzako tren-tuneleko zulo batean. Sos Deiak eta Ertzaintzak jakin zutenean -igande eguerdi aldera- gizon bat eroria zela toki horretan, Er-tzaintzaren Mendi Taldeko kide ba-tzuek bertara joan ziren eta, lan handiak hartuta, bertatik atera, gauerdi aldera; hilda atera ere. Hileta elizkizuna gaur izango da, 18etan, Tolosako parroki elizan.

Soka eta txirrika batzuen bidez atera zuten gorputza, 'colibrí' izeneko teknika erabiliz. Ertzaintzako kide batek jaso zuen goiko sarreraraino, anda bat erabilita.

1948an jaioa zen eta 61 urte zituen. Iazko urtean hartu zuen erretiroa Elkar argitaletxean. Han jardun baitzen lanean -haur literaturaren editore- 1981az geroztik.

Gaztetan, Donostiako seminarioan egin zituen urte batzuk. Gero Magisteritzako ikasketak burutu zituen eta Beasaingo lizeoan lanean hasi. 1970eko hamarkada bukaera aldera izan zen. Orain berrogeitaka urte dituzten gizon-emakumeek gogoan dute nola abestiak sortzen ibiltzen zen maisu zegamar hura. Esaterako, 'Astoa ikusi nuen' eta 'Tximeleta mendian' abestien letrak egin zituen, doinuez Imanol Urbieta arduratu zelarik. Gero ikastola guztietara zabalduko ziren kantuak izan ziren haiek. Bertsoa ikasgelan txertatzen ere gogotik nabarmendu zen.

'Haur kantarien birlorak' izeneko abesti-bilduma batean hartu zuen parte, gero liburu eta kasete batzuetan eman zena argitara.

1981ean utzi egin zuen irakaskuntza mundua, Elkar argitaletxean lanean hasteko, haurren-tzako liburuen editore.

Elkar etxeko editorea

«Joseba Jaka herri berekoa zen, eta adin berekoa; harengatik etorri nin-tzen Elkarrera -adierazi zigun elkarrizketa batean iazko urtean-. Zera gertatu zen: ni Zarauzko ikastolan ibili nintzela ipuin batzuk eta ariketa batzuk egiten. Joseba Jakak jakin zuen eta guregana etorri zen, material haiek hartu eta ikastolaz ikastola banatuko zituela esanez. Jakak bi urterako eskaini zidan lana, eta Beasaingo lizeoan eszendentzia hartuta hasi nintzen».

Elkar etxean hasi eta, lehenengo lanetako bat, Pernando Amezketarraren liburua prestatzea izan zen. Hartu zituen ordurarte publikatutako liburuak eta, istorio batzuk aukeratuta, euskara batura ekarri zituen. Asko saldu zen liburu hura.

«Joseba Jakak esan zidan lan hori egin behar nukeela. Eta esan nion: zer sentidu dauka orain hori egiteak? Eta Josebak: 'Jendeak eskatu egiten dik. Euskara batuan ez zegok'. Nik zera egin nuen: zeuden edizio guztiak jaso, material hura txukundu eta euskara batuan jarri. Izugarrizko arrakasta eduki zuen liburu horrek. Kritikarik ere bai! Urte hartan, edo hurrengoan, Donostiako Liburu Feria egin zenean, liburu horrek eta sukaldeko batek atera zuten liburu salduenen sariak, eta batek esan zuen: «Non gaude? Zer da hau? Liburu salduena, euskaraz, zein eta Pernando Amezketarra!'».

Ormazabalen lehennego sormen--lana, bakarka, 'Kotti' izan zen, 1984an publikatua. Mutiko baten istorioa zen, umeentzako idatzia. Baina hori baino lehenago, Mariasun Landarekin batera 'Kaskarintxo' idatzia zuen.

Gero, 80ko eta 90eko hamarkadetan, haurrentzako lan asko publikatu zituen, hala nola 'Patxibusa' (ipuina), 'Maripertxenta (ipuina'), Kittano (ipuina), 'Hitzak jostailu' (ipuinak, olerkiak eta asmakizunak), ' Txoko txiki txukuna' (ipuinak, olerkiak, hitz-jokoak eta asmakizunak), 'Josebiñe' (ipuina) eta 'Bihotza zubi' (ipuinak eta olerkiak).

2007an 'Ilunorduak eta argilaurdenak' olerki-bilduma plazaratu zuen. Han, besteak beste, sarri ukitu zuen heriotzaren gaia. Galdetu genionean olerki horiek gertuko heriotzaren batek eragindakoak al ziren, hau erantzun zigun: «Kon-tzienteki behintzat ez. Nik olerki asko idazten ditut etxean eta hortxe dauzkat, argitaratu gabe. Egia esan, askotan azaltzen zait heriotzaren gaia. Dena dela, uste dut nik heriotzaren arazo hori asumitua dudala, ez nagoela obsesionatua. Ni normal bizi naiz, beranduko batean ezkondu nintzen eta emaztearekin eta bi semeeekin hor bizi naiz, gustura».

Zegamarra zen eta herri hartako Antonio Irigorasen ateraldiekin liburu bat osatu zuen 2002an. 'Antonio Bolas' jarri zion izenburu, halaxe esaten baitzioten gizon horri herrian.

Lehengo astean, ostegunean, aurkeztu zuen bere azkeneko lana: 'Ehun ipuin hitz gutxitan'. Ehun ipuin oso labur ziren, laburrak eta, zenbaitetan, oso gogoetatsuak. «Hor filosofo txiki bat dago», esan zigun kazetarioi , irribarrez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Joxantonio Ormazabal hil da mendian

Joxantonio Ormazabal hil da mendian