«Urte guzti hauetako hoberena kontzertuak eta jendea izan dira»

Hartu Arte taldeak azken kontzertua eskainiko du bihar Gaztetxean. Legazpiko musika talde honek sorpresaz beteriko gauarekin agurtuko ditu lagun eta jarraitzaileak

CRISTINA LIMIALEGAZPI.
Azken entseguak. Asier, Beñat, Aitor, Endika eta Unai Subeltzako lokalean egindako elkarrizketan. ::
                             LIMIA/
Azken entseguak. Asier, Beñat, Aitor, Endika eta Unai Subeltzako lokalean egindako elkarrizketan. :: LIMIA

Biharkoa egun gazi-gozoa izango da Unai Manso, Asier Altzelai, Endika Agirregabiria, Beñat Aierbe eta Aitor Trejorentzat. Hamabost urte elkarrekin igaro ondoren, Hartu Arte taldeak bere azken kontzertua eskainiko du (22:00etan, Gaztetxean). Agur esateak sortarazten duen penaz, baina batera izandako bizipen zoragarriez beteta, bost legazpiar hauek lagunartean joko dute azken aldiz. Jai giroa 21:00etan hasiko da, emanaldiaren aurretik emango duten luntxarekin. Ondoren, 22 abestiz eta sorpresa ugariz osaturiko kontzertua eskainiko dute. Sarrera dohain izango da eta jendea ekitaldian parte-hartzera animatzen dute, bertan Hartu Arteren 'zuzeneko' azken kontzertua grabatuko bait da. Taldearen kamisetak ere salgai egongo dira tabernetan.

-Zergatik erabaki duzue taldeari amaiera ematea?

-Aitor: Ia hiru urte daramatzagu Hartu Arte bezala elkartu gabe. Taldea amaitu aurretik zerbait grabatuta utzi nahi genuen eta orain dela 5 urte CD bat atera genuen, honekin kontzertu pilo bat eskainiz. Orduz geroztik paroi bat egin dugu. 16 urtekin hasi ginen taldean eta orain, 30 urte beteta, beste gauza batzuk ditugu buruan, gure bizitza eta zaletasunak aldatu egin dira.

-Zer da 15 urte hauetako onena?

-Asier: Jendea, kontzertuak eta gure arteko laguntasuna.

-Nola laburtuko zenukete elkarrekin egindako ibilbidea?

-Asier: Iker Conejo, Beñat Aierbe eta ni kuadrila berdinekoak gara eta lagunartean sortu genuen Hartu Arte. Iker eta Beñat Rem-en hasi ziren 'Los ruidos' izeneko taldearekin. Gero besteak beraiekin batera jotzen hasi ginen Aitor Trejoren garajean. Denak Endika ezik, hau 2002 urtean hasi zen taldean, Iker Conejok jotzen utzi zuenean.

-Beñat: Lehendabizi 'Iraultza' izena jarri genion taldeari, baina beste batzuk izen berdina zutela jakitean aldatzea erabaki genuen. 16 urterekin depositon ibiltzen ginen mobiletearekin saltok egiten eta askotan esaten genion bata besteari «hartu arte, hartuko dek». Azkenean gure arteko jolas horretatik atera zen 'Hartu Arte' izena.

-Aitor: Garajetik Motxorrisimoko lokaletan entsaiatzera pasa ginen. Hasieran 2 metro karratuko egongela batean jotzen genuen, aurretik lokal horretan zegoen etxebizitzaren komuna zena. Gero logela batera pasa ginen eta hortik saloira.

-Unai: Handik gaur egungo Subeltzako lokaletara joan ginen.

-Nolakoak dira zuen abestiak?

-Asier: Musika estilo desberdinak nabari dira, punk-rocka, rock erradikala, heavy metala... gure letrak mundu hontako gauzekin ditugun desadostasunak islatzen dituzte, ezagunenetakoa Motx-eko CD-rako grabatu genuen 'Gaztetxea' da.

-Zein izan da hainbeste denbora batera irauteko sekretua?

-Asier: Musika zaletasun bat bezala hartu dugu, taldearen helburua ez zen saio edo diska pilo bat ateratzea, kontzertuak eskaini eta hauekin disfrutatzea baizik. Oso ondo pasa dugu 15 urte hauetan.

-Endika: Legazpiko jende asko etorri izan da gu ikustera eta horrek animatu egin gaitu aurrera egiteko.

-Beñat: Taldea baino gehiago lagunak gara denak, hori gabe ez zen posible izango hainbeste denbora elkarrekin egotea.

-Zer da gehien faltan botako duzuena?

-Endika: Kontzertuak, jendea gure abestiak kantatzen ikustea gauza handia izan da. Entsaiatzen ere gustora ibili izan gara, baina azkenean esfortzu bat suposatzen du.

-'Fenonemo fan' delakoa bizi izan al dezue?

-Aitor: Noizbait egon bada ez dugu nabaritu, ez gara asko ligatu duen taldea izan.

-Beñat: Denok nahiko goiz bilatu genituen neska lagunak, agian horrek ere zerikusia izan du.

-Zer esango zenieketen urte hauetan zuen ondoan izan diren jarraitzaile eta lagunei?

-Asier: Beraiei esker iraun ditugula 15 urte hauek.

-Beñat: Gure kontzertuetako filosofia ez da izan musikalki kriston emanaldiak eskaintzea, baizik eta festa eta parranda giroa sortzea inguruko lagunekin eta oso ondo pasa dugu beraiekin. Hartu Arte-ren zati handi bat beraiena da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos