«Publiko zabalarengana heltzeko behar hori ez dut inoiz sentitu»

Idazten eta lehiaketak irabazten urteak badaramatza ere, oraintsu hasi da bere ipuinen lehen bilduma atontzen

NEREA AZURMENDIDONOSTIA.
EHUko Informatika Fakultatean dihardu Artolak. ::
                             MIKEL FRAILE/
EHUko Informatika Fakultatean dihardu Artolak. :: MIKEL FRAILE

Xabier Artolaren izenaren ondoan 'idazlea' idaztea itzulinguruka ibiltzea baino askoz errazagoa izango litzateke, baina aspaldian Alkizan bizi den informatikari donostiarrak ez du batere gogoko 'idazle' titulua. Deitura horren pean ager daitekeela susmatze soilak eragiten dio «ni ez naiz idazlea» esatea. Idatzi du haatik. Ez asko baina, itxuraz, ondo, azken hamabi-hamahiru urteotan idatzi dituen ipuin ia guztiek lortu baitute sariren bat. Julene Azpeitia, Tene Mujika, Gabriel Aresti eta beste jaso ditu orain pare bat aste Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi aurretik. Egilearen bertsio trinkoan, saria eman dion ipuina, 'Deception Island', «harremanen inguruko» kontakizuna da, «harreman baten bukaera» kontatzen du. Xehetasun handiagoz azaldu zuen Iñaki Aldekoa epaimahaikideak zer den, Hego Shetland artxipelagoko uharteetako bat izateaz gain, 'Deception Island': «Bi planotan egituratuta dago, biak ala biak egoera dramatiko batetik ikusita. 'Himalayan heriotza' izenburua ere izan zezakeen ipuinak, nahiz eta 'dezepzio' hitzak giza harremanen dimentsiora ekartzen gaituen, mendiko istripuarekin batera triangelu afektibo baten istorioa ere agertzen baita».

-Zenbatgarrena duzu Donostian eman berri dizuten saria?

-Oker ez banago, zortzigarrena da.

-Ipuin adina sari...

-Bai, hamabi-hamahiru urteren buruan zortzi bat ipuin idatzi ditut. Denak bidali izan ditut lehiaketetara, eta guztiek jaso dute sariren bat. Donostian irabazi duen hau Gabriel Aresti lehiaketara ere banuen bidalia.

-Ipuin horien artean argitaratuak izan diren bakanak hedapen txikiko edizioetan kaleratu dira. Irakurle gutxi batzuk izan dute beraz zure ipuinak irakurtzeko aukera. Ez al da hori etsigarri samarra?

-Egia esan, publiko zabalarengana heltzeko behar hori ez dut inoiz sentitu. Askotan irakurri dut idazleek behar hori badutela, entzun diet hori esaten, baina neronek ez dut sentitu. Argazkigintzan ere lan pila egin dut, hamabost urte ditudanetik ari naiz argazkiak egiten, eta inoiz ez dut izan, orain arte, erakusteko grina hori, lagunarteko kontu bat izan da. Argazkigintzaren alorrean oraintsu hasi naiz egindako lana erakusten, herrian-eta... Eta ipuinak ere banatzen ditut, kopiak aterata, eskatzen dizkidatenen artean.

-Errazagoa zaizu argazkiak erakustea idatzitakoa irakurleen esku jartzea baino?

-Bai, nire ustez hori da. Argazki batean ez duzu horrenbeste erakusten, gehiago biluztu behar duzu ipuin batean. Argazkiak, adibidez, jartzen ditut interneten. Ipuinekin ez dut joera hori.

-Irakurleengana iristeko ez bada, zertarako idazten duzu? Irakurlearentzat ez bada, norentzat?

-Igoal sentitzen dudalako barruan daukadana adierazi beharra, esan beharra. Eta momentu batzuetan ondo datorkidalako, hori ere bai. Eta, gero, prozesua asko gustatzen zaidalako: istorioak asmatzea, gauzak nola esan, hizkuntzarekin jolastea... Hori beti gustatu izan zaidan gauza bat da. Nik buelta pila bat ematen diet ipuinei. Donostia Hiria saria irabazi duenarekin urte eta erdiz ibili naiz. Pentsa, hamairu orriko ipuin bat egiteko... Horregatik naiz oso produkzio txikikoa. Nire produkzio osoa zortzi-bederatzi ipuin horiek dira.

-Badirudi zuretzat terapia puntu bat ere baduela idazteak.

-Bai, nik uste dut pixka bat baduela. Momentu txarren batzuetan asko lagundu dit idazteak, hori egia da. Ni oso hiztuna ez naiz, eta baliteke idaztea izatea niretzat barruan daukadana ateratzeko modu bat.

-Zure buruarentzat idazten duzu batik bat baina, hala eta guztiz ere, idazten dituzun ipuin guztiak bidaltzen dituzu hango eta hemengo lehiaketetara. Nondik dator behar hori?

-Hasieran konfiantza falta zen. Ez nekien idazten nuenak ezer balio ote zuen, eta lehiaketek hori ematen didate, falta zaidan konfiantza. Baten batek esaten du, eta suposatzen da horrek zerbait entenditzen duela, zure lana ondo dagoela, eta horrek satisfakzio handia ematen du.

-Lanak lehiaketetara aurkezteko epeen arabera idazten duzun lehiakide tipiko horietakoa zara?

-Ez, gorroto dut oraintxe esan duzun hori. Hemen, unibertsitatean, beti eztabaidan nabil gai horrekin, jende askok produzitzen baitu halako kongresura edo halako aldizkarira bidaltzeko. Nik alderantzizko prozesua behar dut. Zerbait dagoenean, orduan begiratu nora bidali. Baldin badago, ondo, eta bestela ere bai.

-Asmatu duzu hortaz alde onak aprobetxatzen -idazteaz disfrutatu, sariak jaso...- alde txarrak -kritikak, presioak...- jasan gabe.

-Kritikak eta presioak eta hori guztia ez dakit zer den, ez dut ezagutzen mundu hori. Oso aparte nago hortik, egia esan. Orain urte batzuk, Tene Mujika irabazi nuenean, Xabier Mendiguren editoreak esan zidan bidaltzeko neuzkan ipuinak, irakurriko zizkidala. Egin nuen bilduma, jarri nituen denak batera, enkuadernatu nituen, hasi nintzen pentsatzen berriz irakurri behar nituela, ez zitzaizkidala gustatuko, dena zuzendu beharko nuela... Eta hantxe utzi nituen. Hantxe daude, hautsez beteta.

-Hauts hori astintzen hastekotan zaude, ordea.

- Jendeak esaten dit, bai, irtenbideren bat eman behar diodala idatzita daukadan hori, galdetzen dit ea noiz egin behar dudan... Nire buruari agindu diot egingo dudala, eta agian egingo dut: bilduma bat prestatu eta argitaratu. Dena den, baditut hasieratik liburuaren beharra sentitu duten ezagunak, baina nik hori ez dut inoiz eduki.

- Hamabi-hamahiru urteren buruan idatzi dituzun ipuinen artean aurkitu ahal izango dugu irakurleok elkar lotzen dituen hariren bat? Igarriko dugu zure lanaren bilakaera?

-Gai konstanteren bat egotekotan, harremanen ingurukoa izango litzateke, horixe baita nire ipuin guztien gai nagusia. Bilakaerari dagokionez, esango nuke hasiera bateko ipuinak askoz ere planifikatuagoak direla. Azken ipuinetan hasi zait gertatzen besteei irakurrita sekula sinesten ez nuen zerbait: ipuina idatzi ahala ateratzen dela, eta azkenean daukazuna ez dela hasieran pentsatzen zenuena.

- Zuri buruzko aipamenetan azpimarratzen da informatikaria zarela. Informatikari bezala ere hizkuntzarekin egiten duzu lan.

-IXA taldekoa izanik [Euskal Heriko Unibertsitako Informatika Fakultatean, euskararen eta beste hizkuntza batzuen gaineko ikerketa aplikatua du xede taldeak], erabateko lotura du nire lanak hizkuntzarekin. Nik uste dut, gainera, bokazioz letretakoa naizela.

-Zure ipuinetan ez zara hizkuntzaren alderdi 'praktikoa' lantzearekin konformatzen. Oso nabarmena da anbizio estetikoa.

-Nik uste dut garrantzia baduela, bai. Asko gustatzen zait, buelta asko ematen dizkiot esaldi bakoitzari, aurkitu arte nola irakurtzen den hobeto, nola esan gauzak edertasun eta zehaztasun handienaz. Ni horren bila nabil. Lanean ezin dut gozatu hizkuntzarekin ipuingintzan gozatzen dudan bezala.

-0-ak eta 1-ak ez dira hortaz nahikoa gauzak kontatzeko...

-Ez, beste zerbait behar da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos