XXVIII. Lizardi Saria Castillo Suarez nafarrarentzat

Altsasuar gazte honek 'Ebelina Mandarina' lanarekin lortu du saria, haurrentzat idazten duen bere lehenengo lana

Irabazlea. Castillo Suarez, Lizardi sariketaren irabazlea./
Irabazlea. Castillo Suarez, Lizardi sariketaren irabazlea.

Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXVIII. edizioa. Idazle nafarrak 'Ebelina Mandarina' lanarekin lortu du saria. Haurrentzat idazten duen aurrenekoa da, hain justu.

Bederatzi lan aurkeztu dira 2009ko sariketara, eta Suarezena aukeratu du Jesus Mª Olaizola 'Txilikuk', Miren Agur Meabek, Xabier Mendigurenek eta Ruben Ruizek (2008 eta 2007ko lehiaketetako irabazleak, hurrenez hurren) eta Imanol Lasa Euskara zinegotziak osatutako epaimahaiak.

Sari gisa 3.700 euro jasoko ditu, eta ohi bezala, lanaren 2.400 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak, herriko ikastola eta ikastetxeetan banatzeko. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, aurtengo apirilean. Imanol Lasak «zorionik beroenak» eman dizkio irabazleari, eta hauxe nabarmendu du: «Idazle gazteentzat erakusleiho bikaina izan da Lizardi Saria historikoki. Castillo Suarez, gaztea izateaz gain, emakumea ere bada, eta aipatu beharreko kontua dela uste dut, irabazle gehienak gizonak izan baitira».

Era berean, sariak «euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa» azpimarratu ditu. «Azken hiru urte hauetan aurkeztutako lanen maila orokorra oso altua izan da. Frogetako bat duela gutxi izan dugu, 2007an irabazle izan zen Ruben Ruizi literaturako Euskadi Saria eman baitzioten, Zarautzen aurkeztutako 'Anekdotak' lanarekin. Espero dugu Suarezen lanak ere ibilbide oparoa eduki-tzea eta irakurzaletasuna pizteko balio izatea».

Irabazleen zerrenda

Lizardi Saria haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan izen eta garrantzi handienetakoa duen saria da. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda, besteak beste: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Elizegi... Guztiak ere idazle modura ezagunak ditugunak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos