Zizurkilgo EH Bilduk aurkeztu du hautagaitza zerrenda osoa

EH Bilduren zerrenda osatzen duten 11 lagunak. /  EB
EH Bilduren zerrenda osatzen duten 11 lagunak. / EB

Iker Urruzola izango da maiatzaren 26ko hauteskundeetarako zerrendaburua

IMANOL ARRATIBEL ZIZURKIL.

Zizurkilgo EH Bilduk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako zerrenda osoa aurkeztu du. Hauek dira 11 ordezkariak: Iker Urruzola, Maite Amenabar, Iban Lizarraga, Matti Navas, Joxe Mari Luengo, Xabier Pellejero, Julian Arrastoa, Anne Albisu, Arkaitz Zaldua, Alaitz Ormazabal eta Eva Usandizaga.

Adin, ikasketa, eta Zizurkilgo zonalde ezberdinetako hamaika pertsona elkartu dira koalizioaren hautagai gisa. «Guztiak zizurkildarrak gara, lehenengo eta behin, uste dugu hori nabarmentzekoa dela, Zizurkilen bizi garen herritarrek osatzen dugula zerrenda, gure ustez ezinbesteko oinarria dena», zehaztu zuten aurkezpenean. Gaur egun sei zinegotzi ditu EH Bilduk. Aurkezpenean lehen sei ordezkarien xehetasunak eman zituzten. Iker Urruzola alkategaiaren alboan, bigarren, duela lau urte bezala, Maite Amenabar Alkorta izango da. «Azpeitian jaio baina azken urteetan Zizurkilen bizi dena, alkate orde da gaur egun eta aurreko Udal gobernuan egindako lan onari jarraipena emateko prest dago datozen lau urteetan, besteak beste, kultura, euskara eta gizarte zerbitzuen alorretan» azaldu dute.

Zerrendan hirugarrena, aldiz, aurpegi berria da hautagaitzan. «Iban Lizarraga Galdos Zizurkilen jaioa eta bertan bizi dena». Laugarrena ere berria da EH Bilduren hautagaitzan: Matti Navas Los Arcos. «Egian jaioa, 20 urte inguru daramatza Zizurkilen bizitzen». Joxe Mari Luengo Zapirain azken zortzi urteetan Zizurkilgo alkate izan dena bosgarren izango da. Seigarren postuan, aldiz, Xabier Pellejero Saralegi joango da. «90eko hamarkadan zinego-tzi izana, albaitaria da ofizioz eta pozgarri da guretzat berriz Udalerako urratsa eman izana, landa ingurunean eta nekazaritza munduan eman beharreko urratsetan gidari ezinbestekoa izango dugu». Ondoren zerrenda osatuko dutenak ere izan ziren aurkezpenean. Udalean zinegotzi izan direnak eta ez direnak, herrigunean bizi direnak eta Elbarrenak bizi direnak, «talde anitza gara bai, eta gauza batek elkartzen gaitu: Zizurkil hobe bat eraikitzeko nahiak».

Herri programa

Agerraldia amaitzeko EH Bilduren herri programako ildo nagusien errepasoa egin zuten. «Parte hartzea, ikuspegi feminista eta euskara: Oinarri gisa, euskara eta ikuspegi feminista Udaleko erabaki guztietan aintzat hartzeko konpromisoa hartzen dugu, zehar lerro gisa ulertzen ditugu eta alor horietan urratsak emateko konpromisoa sendoa dugu. Hirigintzan, Bulandegi eta herrigunea: Bulandegi auzoa dugu lehentasun. Irisgarriago, herritarrago egin nahi dugu. Horretarako azken urteetan lantzen ari den hiritartze proiektua gauzatuko dugu, oztopo arkitektonikoak leundu eta espaloia kalearen bi aldeetara jarriz.

Eta Bulandegirena behar bezala gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari berriz eskatzen diogu; Zizurkil behingoz aintzat hartu eta saihesbidea egin dezala. Bulandegi batetik, herrigunea edo Zizurkil goian bestetik, aurreikusita dauden ekimen pribatuko etxebizitzak egin ondoren Udal etxebizitzen aukera lantzeko modua izan liteke, eta horretarako behar errealen azterketa egingo dugu».

«Gazteak eta etxebizitza: EH Bilduk gobernatzen duten beste herri batzuek, Azpeitiak, esaterako, abian jarritako bideari jarraiki, diru laguntza onartuko dugu gazteak alokairuan bizitzera joan daitezen eta horrekin batera etxe hutsen zentsua berritu eta horri lotuta har litezken neurriak aztertuko ditugu», azaldu zuten EH Bildutik.

«Kulturan, Plazida Otaño eta Plazaetxeberri: Kulturan, Plazida Otaño liburutegia sendotzeko asmoa dugu: Zizurkil erreferente bihurtu du eskualdean liburutegiak eta gure zeregina altxor hori ez galtzea da. Ikasgelak eskualde osoko herritarrak hartzen ditu eta gaur egun duen kokagunean tarteka izan ohi den zarata saihesteko, kokagune egokiagora eramateko konpromisoa hartzen dugu», bukatu zuten. Herri programa osoa eskuragarri jarri du koalizioak zizurkil.ehbildu.eus atarian.