Zerrenda bakarra izan arren, herritarrak bozkatzera joatea animatzen ditu EH Bilduk

EH Bilduren zerrendaren aurkezpena. /  NÚÑEZ
EH Bilduren zerrendaren aurkezpena. / NÚÑEZ

Txantxanen egingo den liburutegi, denda, taberna eta jubilatuentzako txokoa, proposamen nagusia

NÚÑEZ ADUNA.

Josu Amilibia buru den Adunako EH Bilduko taldeak hautagaitza zerrenda eta datozen lau urteetarako prestatu duten egitaraua aurkeztu zuen igandean herritarren aurrean. Amilibiarekin batera Jose Olasagasti eta Arkaitz Izagirre izango dira aurreko legegintzalditik jarraitzen duten zinegotziak, eta Ainhoa Arrutik, Xabier Zabalak, Ainhoa Arretxek eta Xabier Tejeriak osatu dute zerrenda. Ordezkoak Agurtzane Galatas, Leire Saizar eta Jon Irazu izango dira.

Parke berdea Uztartzan

Taldekideak aurkezteaz gain, herrian landu nahi dituzten hainbat ekimen zehaztu zituzten, kultura, ingurugiro, osasun zein ekonomia arlokoak. Egitasmo nagusienetako bat Txantxane etxearen beheko solairuan egingo den liburutegi, denda, taberna eta jubilatuentzako txokoa izango da.

Horrekin batera, gazteen lokala edota Uztartza atzean parke berdea egitea dira dituzten proposamen konkretuetako batzuk. Adunako Udalera aurkeztu den zerrenda bakarra diren arren, herritarrak bozkatzera joatea animatu zituzten, «garrantzitsua baita herritarren babesa jasotzea», adierazi zutenez.

Era berean, euskararen, ingurugiroaren zein berdintasunean oinarrituko direla azaldu zuten, euskal kultura sustatuz zein kanpoko kulturak ezagutaraziz,

El Salvadorko senidetzearekin zein Saharar herriari laguntzeko ekimenekin jarraituz; euskararen aldeko ekimenak eta euskal komunikabideak lagunduz; oroimen historikoaren azterketa bultzatuz; kirolean emakumeen parte hartzea sustatuz; energia berriztagarriak sustatuz, edota errekak eta ibaiak garbi mantentzeko ekintzak bultzatuz, besteak beste.