Borrar
Pasa den urteko mondeju lehiaketako irabazle eta protagonistak, plazan ospatutako sari banaketan. ZABALA

Zaldibia

Zaldibiak Mondejuaren eta Ardikiaren Eguna ospatuko du igandean

30. edizioa betez, mondejuaren eta Aralarko gaztaren lehiaketak, Saltarri erronka eta egitarau zabala izango dira

Osteguna, 23 urria 2025

Comenta

Ardiki Eguna igande honetan ospatuko da Zaldibian. Azoka, lehiaketa eta herri festa uztartzen dituen ekimen honek 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil hori giro berezian ospatzeko prest daude antolatzaileak. Ardikia eta mondejua izango dira berriz ere jaialdiaren ardatz nagusiak, baina ez dira bakarrak izango: artisautza, lehiaketak, musikak eta herri jolas zaharrek ere izango dute lekua egun osoko egitarauan.

Iaz antolaketa berritu zuten, eta ia hiru hamarkadaz lanean aritu zen kofradiak lekukoa eman zion talde berri bati. Hala ere, ohiko osagaiak eta herri usadioak mantenduko dituzte, eta urtez urte Zaldibiako plazan sortzen den giro atsegin eta parte-har-tzailea berriz bizitzea espero da.

Saltarri erronka, berezitasuna

Aurten berritasunen artean Saltarri erronka izango da azpimarragarriena. Artzainen antzinako jolas bat berreskuratuko dute, eta parte hartzaileek harria esku artean hartu, mutur batean jarri, belaunak tolestu eta abiadurarik hartu gabe salto egin beharko dute. Erronka honek garai batean artzainen artean izaten ziren indar eta trebetasun probak gogoraraziko ditu, eta, gainera, Saltarri harriaren erreplika bat jarriko dute ikusgai, jolasaren jatorria eta esanahia azaltzen duen informazioarekin batera.

Parte hartzeko izen-ematea momentuan bertan egingo da, eta Garmendiak herritarrei dei egin die parte hartzera eta baserritarrez jantzita joatera, giroari kolore eta jatorrizko kutsu berezia emateko.

Festa gastronomikoaren bihotzean egongo dira urtero bezalaxe lehiaketak. Zaldibiako Mondejuaren 30. Lehiaketa eta Aralarko Gaztaren 27. Lehiaketa ospatuko dira aurtengoan.

Mondeju lehiaketan aritu nahi dutenek izena aurrez eman beharko dute (gaur azken eguna izanik) telefono zenbaki honetara deituta: 650 354 379. Igande goizean, 10:00etarako, norberak etxean egindako bost kana mondeju aurkeztu beharko dituzte plazan. Epaimahaia sukaldari eta gastronomo adituek osatuko dute, eta hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan: mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien nahasketaren tamaina.

Sari nagusia 300 euro eta txapela izango da, bigarrenari 200 euro eta hirugarrenari 100 euro, baina gainerako parte-hartzaileek ere 25 euroko aitortza jasoko dute. Bestalde, Aralarko Gazta Lehiaketan hamazortzi artzainek parte hartuko dute aurten —iazkoan baino bat gehiago—, eta horrek erakusten du tokiko ekoizpenaren indarra eta gaztagintzaren bizitasuna.

Azoka, artisautza eta musika

Lehiaketez gain, artisautza erakusketa, produktuen azoka eta ganadu erakustaldia izango dira goiz osoan zehar. Horrela, bisitariek aukera izango dute tokiko ekoizleekin zuzenean hitz egiteko eta euren lanak ezagutzeko. Azokak artisau gaztak, eztia, haragi produktuak eta bestelako ekoizpen tradizionalak bilduko ditu, Zaldibiaren nortasuna eta landa-munduko bizimodua omentzeko. Goiza herriko txistulari eta trikitilarien dianarekin hasiko da 10:30ean, eta ondoren hasiko dira Mondejuaren eta Gaztaren Lehiaketak (11:00etan), Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolari handien gidaritzapean. Bien arteko saioak umorea, bertso zorrotzak eta giro alaia ekarriko ditu plazara. 11:30etik 13:00etara bitartean, Artxanberri kalean jokatuko da Saltarri erronka, eta 13:15ean egingo da sari banaketa ekitaldi nagusia.

Eguerdian herriko plazan egingo den bazkari tradizionalak jarriko dio amaiera gastronomiko goxoa egunari, mondejua, ardikia eta Aralarko gazta izango direlarik menuko protagonistak. Bazkalostean, Laja eta Alabier musikariek girotuko dute erromeria, dantza eta festa giroa bermatuz arratsalde osoan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zaldibiak Mondejuaren eta Ardikiaren Eguna ospatuko du igandean

Zaldibiak Mondejuaren eta Ardikiaren Eguna ospatuko du igandean