XXII. edizioa izango du bihar Zizurkilen egingo den azoka bereziak

Otaño ikastetxeetakoek postua jarriko dute baratzeko produktuekin azokan. / ARRATIBEL
Otaño ikastetxeetakoek postua jarriko dute baratzeko produktuekin azokan. / ARRATIBEL

Helburu nagusia bertako baserritar eta artisauen lana erakustea da

IMANOL ARRATIBELZIZURKIL.

Zizurkilgo Azoka Bereziaren XXII. edizioa egingo da bihar, eta berrikuntza moduan, aurten Hernandorena kaleko janari-postuak goizez soilik egongo dira irekita: 10:30etik 14:30era bitartean. Hala ere, izango dira beste zenbait janari-postu Intxaur frontoiaren barruan, artisautza-postuen ondoan, eta horiek, artisautza-postuak bezala, goizez zein arratsaldez egongo dira irekita, 10:30etik 14:30era bitartean eta 16:30etik 19:00etara bitartean.

Bigarren berrikuntza gisa, aurten pottoken erakusketaz gozatzeko aukera izango da goizean, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen lankidetzari esker, eta bai goizean, bai arratsaldean ere, hala nahi dutenek, pottoka horietako batzuen gainean ibiltzeko aukera izango dutela.

Azkenik, iluntze partean, Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa amaitu ostean, txakolin-dastaketa egingo da lehenengo aldiz. Hamar bodegatako txakolinak dastatzeko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek.

Igandeko egitaraua hau izango da: goizeko 10:30ean irekiko da azoka. Teodoro Hernandorena kale osoan zehar Zizurkilgo baserritarren 5 postu, eta beste 10 elikagai postu izango dira. Intxaur frontoian, berriz, 4 janari-postuz eta 25 artisauren lanez (4 zizurkildar eta Zizurkilen egoitza duen Divina Emakume Nigeriarren Gipuzkoako Elkartearen postu bat) gozatzeko aukera izango da, hurbiltzen direnen gozagarri. Azoka goizez 10:30etik 14:30era eta arratsaldez 16:30etik 19:00era izango da. Artisauak beren lanbidearen erakustaldi txiki bat egiten arituko dira postuetan. Aurten, esaterako, papera eskuz nola egiten duen erakutsiko digu Bartzelonatik etorriko zaigun Marino Ayala artisauak postuetako batean, hasieratik bukaeraraino.

Bestalde, azokara gerturatzen direnak ikusle huts baino parte-hartzaile aktibo bihurtu nahian, aurten ere tailerrak eskainiko dira goizez zein arratsaldez. Tailer Buiako kideek zeramika lantzeko aukera emango digute, tornuan, irudimenari leihoak irekitzeko aukera emanez eta bururatzen zaizkigun formak egitera animatuz. Goizeko 12:00etatik 14:00etara bitartean eta 17:30etik 18:30era bitartean izango dute aukera tailerrean parte hartu nahi duten guztiek.

Horrez gain, paper kolatua margotzeko tailerra ere egin ahal izango dute bisitariek egunean zehar, Felix Aranburu artisauaren gidaritzapean. Ondoren, norberak egindako lana etxera eramateko aukera izango dute egun batez artisau bihurtuko zaizkigun parte-hartzaile guztiek.

Beste hainbat postu berezi ere izango dira: herriko San Millan eta Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek ere jarriko baitute postua, baratzeko produktuekin eta eurek prestatutako janari goxoekin, bai eta Zizurkilen egoitza duen Divina Emakume Nigeriarren Gipuzkoako Elkarteko kideek ere, Nigeriatik ekarritako produktuekin eurek egindako eskulangintza-lanekin osatutako postuan. Azokaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira egun osoan zehar, hala nola, puzgarriak goiz eta arratsalde, bai eta pottoketan ibiltzeko aukera ere. Azokaren harira, Udalaren mezua argia da: «Zizurkilgo baserritarren postuetan erosiz gure baserritarrei laguntzeko deia egin nahi genuke», azpimarratzen du Iker Urruzola alkateak. Eta lehenengo aldiz antolatu da txakolin-dastaketa, eta bertan hamar bodegatako txakolinak probatzeko aukera izango dute Azoka Berezira azaltzen diren guztiek.

Herri bazkaria, Zimiterioan

Azken urteetan arrakastatsua izan da herri bazkaria, eta aurten bide beretik antolatzea erabaki da, ohi bezala Zimiterioan. Txartelak 15 euroren truke erosi daitezke Iriarte eta Egarri tabernetan. Soberan badaude, egunean bertan ere salgai jarriko dira.

Autobusa doan

Joan-etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere doako autobus zerbitzua jarri dugu. Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, etengabe. 10:15etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiarretxoko bidegurutzetik irtengo dira autobusak. Azkeneko autobusa, aldiz, 21:00etan irtengo da Zizurkil goitik.