Amasa-Villabona
Lagunez inguratuta ospatuko du 50. urteurrena OinkarikKanta berri bat sortu du Agus Barandiaranek eta datorren asterako hiru eguenko egitarau berezia antolatu dute
1975eko azaroaren 20a osteguna izan zen baita ere. Egun horretan Villabonako gazte talde batek hitzordua jarrita zeukan, dantza taldea sortzeko ideiarekin. Francoren heriotzak plana zapuztu zien, baina ez zuen taldea geldiarazi eta 50 urte geroago, Oinkari dantza taldeak mende erdiko ibilbidea ospatuko du. «Guk beti hartu izan dugu egun hori sorrera egun bezala», nahiz eta lehenengo bilera astebete atzeratu behar izan zuten, eta horregatik, datorren ostegunetik hasita hiru eguneko egitaraua antolatu dute, urteurrena herritarrekin elkarbanatzeko.
Beraietzat «hiru egun potente» izango dira, Eneko Arteaga Onkari Dantz Taldeko arduradunak egitarauaren aurkezpenean onartu zuenez. Beraiekin batera parte hartu zuten Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak eta Agus Barandiaran trikitilari eta Korrontzi taldeko sortzaileak.
Egun nagusia larunbata izango bada ere, ostiral gauean emanaldi berezia eskainiko dute, '50 urte dantzan'. Gaur egungo hainbat dantzarirekin batera, dantzari ohiak ere parte hartuko dute ikuskizunean. 50 urte hauetan egindako ibilbidea elkarbanatuko dute dantza, musika eta antzerkiaren bidez eta bertan ez dira faltako urte hauetan guztietan Oinkarik bidelagun izan dituen hainbat musikari. «15 musikari izango ditugu oholtzan Inaki Dieguezen zuzendartzapean. Musikari horien artean lau gonbidatu berezi izango ditugu», azaldu zuen Arteagak.
Bertan egongo dira Bilboko Txistulari bandako Garikoitz Mendizabal eta Gorka Zabaleta gaur egungo zuzendaria; Pello Ramirez -«'Itsasoaren Emaztea' emanaldiarekin bultzada haundi bat eman zigun, eta gure momentu potentenetako bat izan zen»–, eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaran. «Berarekin bizitu duguna, eta eman ditugun pausoak, oso garrantzitsuak dira».
Ikuskizuneko gidoia eta zuzendaritza Oihaina Iguaranek prestatu du. Bertsolari eta idazle amasarra Oinkariko dantzari ohia da aurkezpenean gogoratu zutenez, Korrontzi taldearekin egindako hainbat emanalditan ere parte hartu zuen. Emanaldia, berriz, hiru aktorek aurkeztuko dute, Hodei Arrastoa zizurkildarra, Oihan Karraminana billabonatarra, eta Agurtzane Intxaurraga Hika teatroko zuzendaria eta Oinkariko hainbat proiektutan parte izan dena.
Ikuskizuna ETBk grabatuko du datozen hilabeteetan emititzeko. Sarrerak erosteko azken aukera igande honetan izango da, Ikastolako Ganbaran 11:00etatik 13:00etara, 10 eurotan.
Abestia opari
50. urteurreneko ikuskizunean 150 dantzarik parte hartuko dute, horietatik 50 gaur egungo taldekoak eta gainontzekoak urte hauetan taldeko kide izandakoak. Ospakizuna borobiltzeko abesti bat ere egin dute, Agus Barandiaranek sortu duena Oihana Iguaranek idatzitako bertsoekin. Duela ia hogei urte hasi zen Korron-tzi eta Oinkariren arteko erlazioa eta ordutik ehunka emanaldi eskaini dituzte bai Euskal Herrian zen munduko hainbat herrialdetan. «Nere trikitixari zentzua eman dio Oinkarik», aitortu zuen Barandiaranek.
Horregatik, besteentzako abestiak sortzearen oso zalea ez izan arren, eskaera onartu zuen. Abestiaz gain bideoklipa ere grabatu dute, guztiari esanahia ematen diona. Bertan, 50 urte hauetan Oinkaritik pasatu diren dantzari eta belaunaldi guztiak islatu nahi izan dituzte. Proiektua berarentzat izan da «lagun horiek guztiak biltzea kantu baten bidez». Atzo argitaratu ziren bai abestia baita bideoklipa ere plataforma guztietan.
Haurretatik helduetara
Emanaldiaz gain, datorren ostegunean urteurrena girotzen hasteko ekintzak egingo dituzte. Arratsaldean haurrentzako txokolatada egongo da 18:00etan eta, ondoren, dantza poteoa Ikastolako arkupetik abiatuta. «Herrian zehar joango gara, musikariekin, eta lau gunetan geldituko gara dantza egiteko», azaldu zuen Maite Barandiaran taldeko sortzaileetako batek.
Larunbaterako, berriz, egun osoko programa prestatu dute. 10:30ean Oinkari Dantza Eskolako kideek kalejira egingo dute eta 11:30ean emanaldia eskainiko dute Bearzaba frontoian. Ondoren, bazkaria antolatu dute Aburuza sagardotegian Oinkariko dantzari eta dantzari ohiei zuzendua. Bihar ere egongo da azken txartelak erosteko aukera Ikastolako Ganbaran, 45 eurotan. Sagardotegira joateko joan etorriko autobusa eta Urrizpen afariko bokadiloa barne daude prezioan.
Herrira itzultzerakoan, iluntzeko 20:00etan Gozategi taldearekin erromeria egongo da Errebote plazan. Segidan, afaria Urrizpe tabernan. Bertan jarraituko du festak, Dj Fer eta Dj Zigor DZ-ren emanaldiekin. Honetara ere herritarrak parte hartzera gonbidatu zituzten, ekitaldiak irekiak izango baitira.