Udako aisia eta kirol kanpainetan izena emateko epea astelehenean irekiko da

Eskaintza zabala izango da aurten ere udako kirol kanpainan. /  ALARCIA
Eskaintza zabala izango da aurten ere udako kirol kanpainan. / ALARCIA

Zerbitzuak ekainaren 24tik aurrera eskainiko dira eta izen emateko epea maiatzaren 26an amaituko da

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Lazkaoko udalak udako aisialdi zerbitzua eskainiko du aurten ere uztailean, udako kirol kanpaina martxan jartzearekin batera. Izena emateko epea astelehenean irekiko da bietan eta maiatzaren 26an amaituko da.

Aisialdi zerbitzuan izena emateko orria eta kirol kanpainari buruzko informazioa ikastolan banatuko zaie haurrei, baina polikiroldegian ere eskatzeko aukera izango dute behar dutenek. Polikiroldegian bertan entregatu beharko dira hain zuzen ere izen-emate orriak, bi zerbitzu hauetako edozein erabili ahal izateko.

Aisaialdi zerbitzua. Batetik, ekainaren 24tik uztailaren 24 eskainiko da aisialdi zerbitzua eta HH3tik LH6ra arteko haurrei zuzenduta egongo da, hau da, 2007 eta 2015 urte artean jaiotakoei. Guztira 180 haurrentzako lekua egongo da eta izen-emate ordena hartuko da kontutan plazak betetzeko garaian. Jolas giroan, hainbat jarduera, tailer eta ekintza izango dituzte parte hartzen duten haurrek.

Iaz egin zen moduan, aurten ere bi ordutegi egongo dira aukeran; lehena 09:00etatik 13:00etara izango da, eta bigarrena 10:00etatik 13:00etara. Izen emate orrian zehaztu beharko da zein ordutegitan jaso nahi den zerbitzua. Haur bakoitzagatik ordaindu beharreko kuota 95,70 eurokoa izango da zerbitzua 9.00etatik 13.00etara erabiltzen dutenengatik eta 71,75 eurokoa 10.00etatik 13.00etara erabiltzen dutenengatik.

Kirol kanpaina. Bestetik, Joxemiel Barandiaran udal kiroldegiak kirol eskaintza zabala du urte guztian zehar, baina irailetik ekainera eskaintzen diren ikastaro guztiez gain, uztailean aukerak areagotzen zaizkie lazkaotarrei udako kirol kanpaina martxan jartzean. Aurten, lehen hezkuntza eta batxilergoko ikasleei zuzendutako kanpaina hau ekainaren 24tik uztailaren 19ra luzatuko da.

Ikastaroei dagokionez, ohiko eskaintza izango da (igeriketa, irristaketa, tenisa, aerobik txikia, gimnasia erritmikoa, arku tiraketa...) eta iazko kanpainan lehen aldiz eskaini zen 'Kirolanitzeko jarduera' ere mantenduko da, egunero, bi orduz, haurrei kirol desberdinak ezagutu eta praktikatzeko aukera emanez. Aurtengoan, gainera, ikastaro berri bat ere izango da aukeran, zesta punta ikastaroa, eta DBHko eta batxilergoko ikasleek beste proposamenen bat izango balute, eskaera egiteko aukera izango dute. Horretarako, kiroldegira joan beharko dute,eta bertan adierazi zein ikastaro egin nahiko luketen. Eskaera bideratzeko ahalegina egingo du udalak.