Txupinazoarekin hasiko dira gaur San Prudentzio jaiak

Arratsaldeko txupinazoarekin hasiko dira festak. /  DV
Arratsaldeko txupinazoarekin hasiko dira festak. / DV

Mojen komentu paretik Hirigoien kaleko 12 zenbakira, erdigunea trafikora itxita egongo da

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Gaur bertan abiatuko dira San Prudentzio jaiak Lazkaon, arratsaldeko txupinazoaren ondoren, eta maiatzaren 1era bitartean festa giroan murgilduta ibiliko dira lazkaotarrak. Egun hauetarako hainbat adierazpenen berri eman du udalak ohar baten bitartez.

Batetik, herri erdigunea trafikoari itxita egongo dela jakinazi du, Mojen komentu paretik hasi eta Hirigoien kaleko 12 zenbakira, datorren asteko osteguna arte. Lazkao Txiki plazako autobus geltokia bertan behera geratuko da denbora tarte horretan eta Xirimiri taberna parean egingo du geldialdia autobusak.

Udal eraikinen ordutegia

Udal eraikinen ordutegiari dagokionean, Joxemiel Barandiaran udal kiroldegia itxita egongo da igandean, San Prudentzio eguna, eta asteazkenean, maiatzaren 1a. Astelehen eta asteartean, berriz, apirilak 29 eta 30, goizez bakarrik egongo da zabalik, 7.00etatik 13.00etara.

Gogoratu, dena den, kiroldegi lazkoatarreko bazkideek Ordiziko Majori kiroldegiko igerilekua erabiltzeko aukera izango dutela Lazkaoko instalazioak itxita dauden egun eta orduetan (Majoriko gihar gela ere itxita dago, berrikuntzengatik).

Azkenik, Ertzaintzak ere hainbat aholku eman dizkie lazkaotarrei eta Lazkaora festez gozatzera hurbilduko diren guztiei. Batetik bakoitzak bere adiskideei dituen planen berri emateko adierazi dute, paraje aldendu, ilun eta bakartiak ekiditeko aholkatu dite bestetik; beldurrarazte, jazarpen eta indarkeria jokabideak salatu behar direla adierazi dute eta bakoitzak bere gauzak zaintzeko ardura hartzeko. Dibertitzeko, azken finean, baina seguru.