Txondorra itzaltzeko jaialdia, igandean Zegaman

Eraiki eta piztu zen bezala, itzali ere egin behar da txondorra./
Eraiki eta piztu zen bezala, itzali ere egin behar da txondorra.

Datorren ighandean Txondorra itzaltzeko jaialdia izango da Zegaman. Udazken honetan zehar, txondorraren prozesu guztia ikusi ahal izan da bertan: eraikuntzaren prozesua, piztea, itzalera eta egur ikatzaren ateratzea hain zuzen ere. Antzinako garaietan hasi eta duela hamarkada gutxi arte Euskal Herriko basoetan garrantzi handia izan du ikazkintzak. Izan ere, txondorrak erabiltzen ziren egur-ikatza ateratzeko, honako hau bero-ahalmen handiko erregaia baitzen. Egun, ogibide hau desagertu egin den arren, oraindik ere baditugu txondorren aztarnak Aizkorriko basoetan. Honela bada, urtetan zehar Aizkorri-Aratz Natura Parkeko basoetan horren garrantzitsua izan den ogibidea gaur egunera ekartzeko asmoz, txondorra eraiki, piztu eta itzali da Zegaman

Igandeko jaialdiari dagokionez, goizari hasiera emateko, 10:30ean eta 11:30ean txondorra ikusteko bisita gidatuak izango dira. Ondoren, 12:45ean, Zegamako plazatik Anduetza Parketxean dagoen txondorrera iristeko kalejira izango da. Behin txondorraren inguruan, proiektuan parte hartu duten pertsonen arteko elkarrizketak izango dira. Eguerdiko 13:30ean txondorra itzali eta egur ikatza aterako da. Mokadutxoa banatuko da. Informazio gehiago nahi duenak Anduetza parketxera jo dezake (943 802187/688 62 36 09 - anduetza@gipuzkoamendizmendi.net).

Zegamako udalak eta Gipuzkoako Parketxe sarean ekimenaren berri emateko zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez, «txondorraren eraikuntza prozesua urte emankor honi amaiera emateko modu hoberena izan da». Izan ere, 'Zegama, basoaren kultura' ekimenaren barruan hainbat jarduera burutu dira, esate baterako, «Murgisarriko basotxoan zuhaitz gazte batzuk lepatu dira, herritarrek haien bilakaera osoa ezagut dezaten, eta etorkizunekoen sortzean partaide izan daitezen. Halaber, Aizkorriko magalean dagoen pago lepatu batean eta lepatze teknikaren bitartez, adar gazteen hazkundearen alde, adar zaharrak lepatu ziren, bere biziraupena luzatuz. Eta 'Pago lepatuak, ikazkinen ogi-iturri' ibilaldi gidatua antolatu zen ere, non Alvaro Aragon Ruanoren eskutik, 100 urte baino gehiago duten pago motzen behaketa egin genuen».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos