Txerri Azoka jendetsua

Protagonistak. Txerriak, eguzkitan lasai. / S. OLAETXEA
Protagonistak. Txerriak, eguzkitan lasai. / S. OLAETXEA

Inoiz baino lagun gehiago ibili zen postuetan erosten, txerrikiak jaten edo odolkia nola egiten den ikusten

SALOME OLAETXEA MUTILOA.

Hamaika urte dira dagoeneko Mutiloan Txerri Azoka egiten dutela. Mutiloarrak ezizenez txerri gorriak izanda, txerriari omenaldia egitea erabaki zuten eta horretarako azaroko lehenengo igandean txerria protagonista duen azoka egiten dute. Aspaldiko partez, atzokoan Txerri Azokan eguraldiak lagundu zuen; eguraldi aparta, batzuk eguzki bila eta beste batzuk berriz itzala nahiago. Txerri Azoka ospatzen den hamaika urte hauetan ediziorik jendetsuena izango zen atzokoa. Jende ugari gerturatu zen Txerrigorrien herrira igandean; bezperatik, Ostatuan, autokarabanetan... herrian gaua pasatzera etorri zirenak ere izan ziren.

Goizean goizetik, frontoian eta herriko plazan jatorri desberdinetako 25-30 postu jarri zituzten. Saltzaileak, Gipuzkoarrez gain Nafarroa, Bizkaia, Errioxatik etortzen dira; batzuk, txerri azoka hasi zenetik. «Oso gustora etortzen gara, salmenta puntu ona da Mutiloako», esan ziguten. Nahi izanez gero ikusteko, dastatzeko edo eta erosteko aukera zabala zegoen, bai txerrikiak, barazkiak, ogia, sagardoa, bitxiak, eztia,...

Txerria erretzen bezperan jarri zuten, gau erdi aldera, poliki-poliki brasarekin erretzen joan zedin. Gau osoan zehar tarteka begirada bat botaz eta sua zainduz, eguerdirako kolore eta itxura bikainarekin zegoen txerria. Pintxoak hamabiak aldera saltzen hasi orduko, jende ilara luzea sortu zen txerri pintxoak di-da baten bukatu ziren.

Odolkiaren sekretuak

Juanita Murgiondo, Rexu Olaetxea eta Juanita Aranburu aritu ziren odolkiak ezkuz egiten. Hauek ere, atzokoan ikuskizun bikaina egin bazuten ere, aurrez lan handia egina zuten: odolkia egiteko lehengaiak, porrua eta tipula txikitu eta seboarekin perdigonatu zuten, horrela igandean odolarekin nahastu eta esteetan sartzea besterik ez zela. Esan zigutenez, odolki ona egiteko «sekretua» porruaren eta tipularen proportzioan omen dago; porruak odolkia lehortu egiten omen du eta tipulak gozotu.

Txerrikia jateko aukera desberdinak ere bazeuden postuetan: eskuz moztutako urdaiazpikoa, txistorra, odolkia...Azoka ireki aurretik txistorra postuaren aurrean jendea ba omen zegoen txistorra jateko pronto.

Txerriak ere bazeuden ikusgai: txerramak, eguzki epeletan lotan zeuden txerri kumeak, basurdeak...

Herriko ludotekan haurrek ere eskulanak egiteko, jolasteko txokoa izan zuten. Azoka amaitu ondoren, herriko pilotalekuan herri bazkaria egin zen. Urtero bezala, goiz osoan zehar herritar talde bat babarrunak «bere sakramentuekin» prestatzen aritu zen. Herritar, kanpotar, saltzaileak denak elkarrekin giro bikainean bazkaldu zuten.

 

Fotos

Vídeos