Trini Altimasberez izango da EAJ-ren alkategaia

Trini Altimasberez. /  ARRATIBEL
Trini Altimasberez. / ARRATIBEL

IMANOL ARRATIBEL ZIZURKIL.

Zizurkilgo EAJ-PNVren taldeak Trini Altimasberez aukeratu du Zizurkilgo maiatzeko udal hauteskundeetarako alderdi jeltzalearen alkategai izateko. «Herria indarberritzeko eta etorkizuna bermatzeko prest gaude lantalde osoa», azaldu du Altimasberez hautagaiak, eta gehitu du «zizurkildarren ongizatea» izango dela bere lehentasuna. «Kudeaketa eraginkorra, herritarrengandik hurbila eta zizurkildarren egiazko beharrei erantzungo dien ereduan oinarritutako taldea aurkezten dugu». Zizurkilgo egungo errealitatearen aurren «herria eraldatzeko konpromiso sendoa» dutela azpimarratu du EAJ-PNVren hautagaiak.

Trini Altimasberez prest agertu da alkatetzak suposatzen duen konpromisoaren ardura hartzeko. Arazo zehatzei konponbide azkarrak eskaintzeko talde lehiakor eta kualifikatua duela esan du, «esperientziaduna eta gehiengoak emakumeakE, aurreratu du. Herria geldirik, blokeatuta eta paralisi egoeran dagoela azpimarratu du: «Zizurkilen badago zer egin eta zer hobetu», eta horren aurrean bultzada baten beharra adierazi du hautagaiak.

«Herria narras dago, azken urteetan hondakinak, pankartak lekuz kanpo eta pintadak daude» eta horrek aldaketa bat eskatzen duela esan du Trini Altimasberezek. «Proiektu berriekin etorkizuneko erronkei aurre egingo diegu», hain zuzen ere. EAJ-PNVk neurri zehatzak aurkeztu ditu, «uneoro herritarren ongizatea eta bizi kalitatea erdigunean jarriz. Elkarlanean eta partaidetzan oinarrituta, Zizurkil udalerri irekia izatea nahi dugu, eta udaletxean hartzen diren eguneroko erabakietan herritarren iritzia kontuan hartzen dela bermatu nahi dugu», azpimarratu du Altimasberezek. «Zizurkil guztion artean indarberrituko dugu eta horretarako herritarren hitzari bidea emango diogu», esan du.

Aurrera begira EAJ-PNV-ren udal taldeak esku artean dituen proiektuen artean Bulandegi bidea eraberritzea da, baita herriaren irisgarritasunaren inguruko plana eguneratzea ere. «Oro har azpiegiturak hobetu behar ditugu herrian», azaldu du.

Herriko proiektuak

Zizurkil eta Asteasu lotzen dituen bariantea da etorkizuneko beste lanetako bat eta bide hori gauzatzeko konpromisoa hartu du hautagai jeltzaleak. Halaber, jarduera fisikoa eta zahartze aktibo baten aldeko ekimenak ere bultzatuko dira Zizurkilen, herri lagunkoia bihurtuz, eta gizarte politiketan sakonduko dutela ere iragarri dute. Zizurkilek gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela defendatu du Altimasberezek, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil egoteko helburuarekin.

Hautagai jeltzaleak publikoki eskertu du alderdiak eman dion babesa eta konfiantza. «Zizurkilen etorkizunaren alde lan egingo duen taldea konprometitua, kualifikatua eta anitza da» eta helburu berberarekin egingo dutela aurrera adierazi du Trini Altimasberezek.