Tradizioa gaurkotasunez betea

Ehun lagun baino gehiago hurbildu ziren Iztuetara esnea nondik datorren ikustera. / AINARA ALARCIA
Ehun lagun baino gehiago hurbildu ziren Iztuetara esnea nondik datorren ikustera. / AINARA ALARCIA

Iztuetako bizimodua ezagutzeko aukera izan zuten Lazkaomendira hurbildu ziren familiek

AINARA ALARCIA

Saio ederra ospatu zuten atzokoan ere, urtero moduan, Aralarko Parketxe Sareak eta Iztuetako familiak. Eguraldia lagun, Gipuzkoa guztitik etorritako ehun pertsonatik gora bildu zituzten oraingoan Lazkaomendiko baserrian, esnea nondik datorren bertatik bertara ezagutu asmoz. Iztuetan belaunaldi mordo bat daramate baserriaz bizitzen eta egindako bide luze horren bizimodu gaurkotua ikusi ahal izan zen berriro atzokoan, ate irekien jardunaldian. Ainitze Salak, Iztueta familiako kideak, lehengaiak zainduz eta mimatuz, kalitatezko produktua nola lortzen duten azaldu zien hurbildutakoei, ukuilua, esnetegia eta, orokorrean, baserriko ateak bisitariei irekiz. Txikienek izugarri ondo pasa zuten 'lanean' ere. Belarra euren eskuekin eman zien behiei eta abere jaio berrien inguruan bilduta, gauza mordoa ikasi zituzten hauei buruz. Saioa amai-tzeko, ezagutu berri zituzten animalien esnearekin egindako jogurt edo izozki goxoak dastatzeko aukera ere izan zuten txiki zein helduek.

Datorren igandean

Jende asko bildu zen atzokoan Iztuetan, baina familia asko izan ziren baita ere kanpoan geratu zirenak, taldea segituan osatu baitzen. Horregatik, Aralarko Parketxe Sarea Fundazioak, Iztuetako ateak berriro zabaldu nahi dizkie bisitariei. Datorren igandean izango da, otsailak 24. Saioa errepikatuko dute, goizeko 11.00etatik aurrera, baina parte har-tzeko ezinbestekoa izango da izena ematea, 943180335 edo 688895069 telefonoetara deituz edota mezua idatziz barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera. Helduek zortzi euro ordaindu behar dituzte eta bost euro haurrek.