Tolosaldeko landa eremua biziaraziz

Eskualdeko udaletako zein erakundeetako ordezkariak Asteasuko RN Mekanizatuak enpresa ezagutu zuten. /  ARGAZKIAK NÚÑEZ
Eskualdeko udaletako zein erakundeetako ordezkariak Asteasuko RN Mekanizatuak enpresa ezagutu zuten. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eskualdearen beharrak eta nahiak gertutik ezagutu zituzten atzo hainbat herritan

NÚÑEZ

Tolosaldeko landa eremuko beharrak eta nahiak gertutik ezagutu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren garapenerako ordezkariek. Azken urteetan Tolosaldeko herrietan egin diren proiektuak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten, Leader zein Erein programaren bidez eskualdean diruz lagundu diren proiektu publiko zein pribatuak.

Elkargunea Amezketako Kultur Etxean izan zen. Udalak 2008an erosi zuen Juan Lopez enea baserria eta hainbat fasetan gauzatu zen proiektuaren ondoren, egun Kultur Etxea dute bertan, balio ani- tzeko gela, liburutegia, jubilatuen-tzako txokoa, eta abarrekin. Eskualdeko landa eremuko hainbat herrietako alkateak izan ziren bertan egin zen aurkezpenean, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordearekin, Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren garapeneko zuzendariarekin, baita Tolomendi eskualdeko mendi eta nekazaritza elkarteko zuzendari Josune Malkorrarekin ere.

Bittor Orozek azaldu zuenez iaz 600 proiektu lagundu ziren Leader eta Erein programen bidez. Horietara bideratutako 18 milioi euroko diru laguntzak 50 milioi euroko inbertsioak eragin dituzte. Argitu zuenez, helburua «ez da landa guneak sustatzea bakarrik, baita inguru hauetan ekonomia sustatzeko bideak egotea», bai industria, ostalaritza zein bestelako proiektuak lagunduz. Izan ere, atzoko helburuetako bat tokiko udal ordezkari eta eragileekin zuzenean hitz-egin eta beraien beharrak ezagutzea zen.

Eskualdeko hainbat herritako alkate izan ziren egindako aurkezpenetan

Iñaki Amundarain Amezketako alkateak landa eremuko herrien- tzat dirulaguntza bide hauek duten garrantzia azpimarratu zuen «herri handietan dauden zerbitzuak ere izateko: eskola duina, Haurreskola, adinekoentzako gunea...». Izan ere, «gaur egun Amezketa bezala 1.000 biztanleren bueltan diren herrien biziraupena jokoan da». Jarraian, Jon Burgaña udaleko idazkariak azken urteetan Erein eta Leader programen bidez herrian egindako lanak azaldu zituen: Kultur Etxea erosi eta birgaitzeaz gain, Pernando Amezketarraren interpretazio-ibilbidea, Haurreskola eta herriguneko mugikortasun eta irisgarritasuna hobetzeko lanak.

Makinerian inbertsioa

Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren garapenerako sailetik azaldu zutenez, azken urtean 21 proiektu lagundu dira Tolosaldean, horietatik 8 erakunde publikoek bultzatuak eta besteak pribatuak. Hauen baitan, Asteasuko RN Mekanizatuak enpresa bisitatu zuten, 2016an Oier Rotetak martxan jarri zuen enpresa. Iaz Leader diru-laguntzak baliatuz makina berria erosi ahal izan zuen.

Horrek azken hilabeteetan lau pertsonako lantaldea osatzea ahalbidetu dio, baita bezero mota hobetzea ere. «Lehen inguruko tailerrentzat egiten nuen lan eta orain enpresa handiagoak dira, besteak beste, CAF, Voith, Fagor, eta abar, horrek ematen duen segurtasunarekin. Diru-laguntzarik gabe hau ezinezkoa izango zen».

Azkenik, Orexan azken urtean martxan jarri den Orexa Bizirik proiektua ezagutu ahal izan zuten. Erdigunea Ostatuan badauka ere, arlo ugari hartzen dituen herri garapen proiektua da. «Landa garapena ondo biltzen duen proiektua da», azaldu zuen Iker Karrera Tolomendiko ordezkariak. Eneko Maioz alkatearen esanetan «ostatua amets handi bat da. Hiru fun-tzio betetzen ditu: ostalaritza zerbitzua, harrera lekua eta bertako produktuen lanketa».

Orexa Bizirik ekimenaren baitan hainbat ekitaldi antolatzen dituzte ostatuko Ganbaran. Honela, Jon Umerez Alkizako alkateak azaldu zuenez, datozen hilabeteetan formakuntza programa bat jarriko da martxan Ostatuak herri mailako proiektu baten baitan ulertzeko. «Gaur egun jada ez dira alokairu baten truke esleitzen diren negozioak, udalek ere ardura izan behar dute», herritarrekin bakarrik ezin direlako aurrera atera. Gainera, aipatu behar da Orexako Udalak sortutako ekimenak Landaola sarietako Erakunde Publikoetako saria jaso berri duela.

 

Fotos

Vídeos