Tolosa turismo jasangarrirako helmuga bezala egonkortzen ari da

Turista talde bat, udalerriko Santa Maria elizan/Royo
Turista talde bat, udalerriko Santa Maria elizan / Royo

Eskaintza handitu da, eta aldi berean, okupazio tasa ere bai. Egonaldia ere luzatu da iazkoarekin alderatuz: bataz beste 3 eguneko egonaldiak gauzatu dituzte eskualdean bisitariek, iazko 2,8aren aldean

Tolosaldeak iaz baino bisitari gehiago jaso du 2018ko udan. Guztira, 8.000 bisitari igaro dira Tolosa eta Larraitzeko turismo bulegoetatik uztaila eta abuztuan, eta tendentzia hori mantendu da ere urteko lehen sehilekoan. Atzerriko, Estatuko eta Euskal Herriko bisitari gehiago izan dira.

Katalanak eta madrildarrak gailentzen dira. Tolosaren kasuan urtean zehar igoera nabarmena izan da, baina bereziki adierazgarria izan da udakoa. Uztailean %50 igo da bertaratutako bisitari kopurua, eta abuztuan, berriz, %27. Gainera, eskualdeko eskaintza arrakastatsua izan da, batez ere, Tolosa, Altzo, Alkiza eta Asteasun. Guztira 43 herrialdetako bisitariak jaso ditu eskualdeak uda honetan.

Datuok aurkeztu dituzte Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak; Nerea Letamendia Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak; Asteasuko alkatea Pili Legarra eta Alkizako alkate Jon Umerezek; eta Garbiñe Alkiza Bide Bide jatetxe-alojamenduko langileak eta Xabi Gorrotxategi Casa Julian erretegiko kideak, sektorea ordezkatuz.

Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak udako denboraldiaren balantze «oso positiboa» gauzatu du. Okupazio tasa %80tik gorakoa izan da bataz beste udako hilabeteotan eskualdean. Nekazalturismo eta landetxeen kasuan, okupazio tasa urte hasieratik hona mantendu egin da, eta udako hilabeteetan beteta egon dira.

Ostatuen eta landa ostatuen kasuan, %90 eta %99aren arteko okupazio tasa eman da uztaila eta abuztuan. «Eskaintza handitu da Euskal Herria Plazako alojamenduarekin, baina aldi berean, okupazio tasa igo egin da» azpimarratu du Nerea Letamendiak. Egonaldia ere luzatu da iazkoarekin alderatuz: bataz beste 3 eguneko egonaldiak gauzatu dituzte eskualdean bisitariek, iazko 2,8aren aldean.

Eskaintza, gakoetako bat

Tolosan urte hasieratik bisitari kopuruan gorakada eman da, eta tendentzia hori areagotu da nabarmen udako hilabeteetan, adierazi dutenez.

Eskaintzan dago Letamendiaren iritziz igoeraren gakoetako bat. Adibidez, Santa Maria Elizako bisitak ia bikoiztu dira. Iaz 1670 bisitari izan ziren; aurten, 2540. Zinegotziak adierazi du lanketa berezia gauzatu dutela Udaleko Turismo sailetik aurtengoan: «ikusita 2016tik 2017ra egon zen igoera, informazio puntu bat ezarri dugu Santa Maria Elizan. Nerea Iraola historialaria egon da bertan. Estatukoak izan dira bisitari gehienak eta europarrak ondoren. Ia 500 tolosarrak izan dira, eta pozgarria da oso hori».

Topic Museoaren kasuan, ia 9.000 bisitari jaso ditu urteko lehen 8 hilabeteetan eta uztaila eta abuztuan nabaritu dute mugimendu gehiago; udako bi hilabeteetan iaz baino %12 bisitari gehiago. Bestalde, iaz Tolosako Alde Zaharreko eta azokako bisita gidatuetan parte-hartu zuten pertsonak nabarmen igo ziren, bereziki abuztuan, eta aurten mantendu egin da tendentzia hori. Udan 250 pertsonek gauzatu dituzte bisita hauek.

Eskualdearen eragina

Ostalari, merkatari eta azokako baserritarrekin eskualdeko turismo teknikariek egindako eskuartzean sentsazio positiboa gailendu dela nabarmendu dute. Tolosan, esaterako, azoka traktore, bereziki larunbatetan, jende asko eta geroz eta atzerritar gehiago sumatu dute.

Alkizan Fagus Alkiza Hernio-Gazume Interpretazio Zentroak datu oso positiboak eskuratu ditu udan, eskuorri turistikoa tarteko. Altzon ere jende andana ibili da Altzoko Handiaren ibilbidean zehar. Eta Asteasun, Muskerraren Bideak bisitari ugari erakarri ditu, batez ere euskal herritarrak.

«Helburua argia da: kalitatezkoa eta jasangarria den turismoa, gure ondarea zaintzen duena eta eskualdearentzako onuraduna ekonomikoki» du iritzi Olatz Peon Ormazabalek. Euskadik duen turismo hazkundea tarteko, eta Donostiara etortzen diren milaka eta milaka turistak Tolosaldeara etortzeko legealdi hasieratik lanean dihardutela gaineratu du. «Donostiak duen erakarpena baliatuz, barneladeko turismoa bultzatuz. Estrategia horretan bat gatoz Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia zein Udalak».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos