Tolosaldea, zortzigarren Gipuzkoan

Tolosaldeko trainerua igandean, Portugaleten. / IÑAKI SUAREZ
Tolosaldeko trainerua igandean, Portugaleten. / IÑAKI SUAREZ

Zortzigarren postuan amaitu zuen Tolosaldeko traineruak asteazkenean, Kontxan jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOTOLOSA.

Hitzordu berezia izan dute Tolosaldeko arraunlariek aste honetan. Asteazkenean jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketa arraunlariek Kontxako badian, eta ETE ligako zein Euskotren ligako partaideak elkartu ziren; guztira, hamar traineru, 2018an baino bat gehiago, Telmo Deun gehitu baita aurten zerrendara.

Lehia Kontxako bandera jokatzen den eremuan izan zen, eta hiru txandetan hartu zuten parte; Hernani, San Juan eta Lapurdi lehenengoan, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea bigarrenean, eta Orio, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia hirugarrenean.

Orio izan zen azkarrena emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, eta emakumezkoek lehenengo aldiz irabazi zuten txapelketa. Tolosaldeak azkar galdu zuen haria laugarren kaletik.

Horrela, zortzigarren postuan amaitu zuen Tolosaldeak lasterketa itsasoan, 13:03.52 denborarekin.

Sestao eta orio

Igarotako igandean jokatu zuten ETE Ligako Portugaleteko bandera, eta Tolosaldeak bigarren postua eskuratu zuen, Zumaiaren ondotik. Ordura arteko estropada guztiak irabazi dituen Hibaika, aldiz, zazpigarren iritsi zen sailkapenean.

Azken emaitzek gehiago estutu dute sailkapen orokorra. Zumaia jarri da orain lehen postuan 50 punturekin, Hibaika bigarren postura jaitsi da, 49 punturekin, eta Tolosaldeak hirugarren jarraitzen du, 45 punturekin. Asteburu honetan bi estropadetan parte hartuko dute; gaur Sestaon izango dute hitzordua, eta, bihar, berriz, Orion. Biharko jardunaldia berezia izango dela diote klubetik, bertan entrenatzen baitute arraunlariek.

Datozen asteetako egutegiari begira, uztailean beste bi hitzordu izango dituzte arraunlariek; uztailaren 25ean, Lekeitiora zuzenduko dira, eta hilaren 27an, Colindresera.